Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Estatu politika

Estatu politika

2015-12-11 / 07:00 / Mikel Irizar Intxausti   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskara eraginkorragoa izan dadin palanka bat baino gehiago erabili beharko da, eta hausnarketa hori egosten ari da. Baina bada baldintza bat ezinbestekoa, hausnarketa eta ondorengo eraldaketa behar bezain sakonak izan daitezen: lehia politikotik babestuta garatzea.

Politikak bere berea du lehia. Ikuspegi, eredu eta soluzio ezberdinak daude res publica gobernatzeko, batzuk elkar kontrajarriak ere bai. Eta alderdiak daude ikuspegi edo eredu horiek botere guneetara eramateko. Hauteskunde lehian erabakitzen da nork gobernatu, eta parlamentu lehian gauzatzen dira gobernuaren jarduna eta oposizioarena.

Badira ordea gai batzuk lehiatik kanpo kokatzen direnak, une zehatzetan bederen. Alderdi ezberdinek, gobernuan egon ala oposizioan, elkarrekin jokatzea adosten dute, zerbait estrategikoa delako. Horri estatu politika deitzen zaio, alderdien interesetik gorago dagoela adierazteko.

Euskaldunok ez daukagu estaturik. Baina uste dut egin dezakegula estatu politika, eta asko komeni zaigula egitea. Euskararen inguruan, behintzat. Alderdien artean, noski. Baita herri erakundeen eta gizartekoen artean ere. Komeni zaigu estatu politika egitea, eta uste dut hasiak garela egiten.

DSS2016ko programan bazegoen korapilo bihurri bat Kontseiluarekin hitzartutako protokolo eta goi bileraren inguruan. Eta hitzordu oso arriskutsua epaitegian, urriaren erdi aldera. Ba, estatu politika eginaz, korapiloa askatu da, epaitegia saihestu da, eta aurrekari bikaina jarri da hurrengoan ere antzera jokatzeko. Prozesua hurbiletik ezagutu dudalako dakit nolako eskuzabaltasuna egon den alde guztietan.

Beste maila batean, eta atrebentziarekin, uste dut estatu politika izan dela nire izendapena Aldundirako, eta baita beste alderdiek erakutsi didaten errespetua. Zubigintza, zoru komuna eta lankidetza sustatzea eskatu zait erakundean, eta horretan jarri naizenean prestutasun handia aurkitu dut beste alderdietan eta gizarte eragileengan.

Hizkuntzaren ikuspegitik funtsezkoa da hiztun komunitatearen interesek lehentasuna hartzea lehia politikoari, eta hizkuntzen esparruan sor daitezkeen gatazkak aurrez adostutako moldean bideratzea. Behar da arnas luzekoa den prozesuak ez gehiegi nozitzea unean uneko lehia politikoaren ondorioak. Hori ere bada estatu politika.

Testuinguru horrek, gainera, posible egingo du zutabe funtsezko bat eraikitzea: herri erakundeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza. Kike Amonarrizek hauxe zioen asteazkenean Abbadia saria eskertzeko hitzaldi gogoangarrian: «Euskarak, hizkuntza estrategia nazional adostua eta akordio sozio politiko zabalak behar ditu hurrengo belaunaldiari begira. Adostasun hori sekulako akuilua izan daiteke, gainera, ilusio kolektiboa (…) pizteko». Eta Markel Olano diputatu nagusiak ekitaldi berean erantzun: «Euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana indartzeko konpromisoa hartzen dugu».

Horri deitzen diot nik estatu politika. Horrela izango da euskara eraginkorrago.


(MIKEL IRIZAR INTXAUSTI Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia)

  • Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-12-06an.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus