Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Nafarroako Euskarabideak biologo-sendagileak kontratatu nahi ditu

Nafarroako Euskarabideak biologo-sendagileak kontratatu nahi ditu

2015-12-10 / 07:00 / Mario Zapata   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Kontrataziorako deialdia egin berri du Nafarroako Euskarabideak.

Honetan, izenburuan azaltzen den arabera, erdi mailako euskara teknikariak kontratatzeko, bi zerrenda osatu nahi ditu: bigarrena Foru Komunitateko Administrazioko langileak zerbitzu berezietan aritzeko, euskara teknikari gisa; lehenengo zerrenda, berriz, Administrazioko langileak ez diren izengaiekin, aldi baterako kontratatuak euskara teknikari gisa aritzeko ere. Honaino ongi, euskara teknikariak nonbait kontratatu nahi dituzte.

Oposaketaren gaitegia aztertzera jo dugunean, berriz, ustekabea. Izan ere, gai zerrenda ikusirik, bi arloetako gaiak agertzen dira.

Alde batetik, soziolinguistikarekin eta hizkuntza plangintzarekin loturiko gaiak dira: legezko estatua; egoera demolinguistiko eta sozio-funtzionala; hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza; euskararen erabilera planifikatzeko tresnak; normalizaziorako azpiegiturak eta eragileak; hizkuntza komunitatea indartzeko izan diren ekimen nagusiak.

Beste aldetik, bigarren hizkuntzen irakaskuntzarekin loturiko gaiak: helduak euskalduntzeko A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen programazioen garapena: helburuak, edukiak, irakaskuntza teknikak, ebaluazioa eta abar.

Hau da, soziolinguistikan adituak eta bigarren hizkuntzak irakasteko adituak. Soziolinguistak eta irakasleak edo, zehatzago esanda, soziolinguista-irakasleak, biologo-sendagileak edo kimikari-sukaldariak...

Barka ezazue konparazioa, baina nire ustez baliagarria izan daiteke adierazteko zer nolako alderik dagoen bi lanpostu hauen profilen artean. Elementu komun bakarra dute: biak euskararen inguruan lan eginen dute, baina lanpostu bakoitzaren profila ezberdina da oso.

Kontratatu nahi duten langileak soziolinguistika gaietan aritu beharko balu, euskara teknikari gisa har liteke lanpostu hori. Baina langileak euskara irakasle moduan aritu beharko balu, hori euskara teknikari gisa hartzeak ez du inongo oinarririk.

Euskara teknikari lanpostuen inguruan ohikoak ditugu lanpostuaren profilaren inguruko eztabaidak, maiz, bi arlo nahastu izan direlako historikoki. Hau da, euskara teknikariei -bereziki, herri mailako erakundeetan- bestelako bi zeregin egokitu diete erakunde askotan: itzulpengintza, batetik; hizkuntza plangintza eta normalizazio lanak, bestetik.

Aurrekoa, batzuetan, soziolinguistikaren definizioaren inguruko -itxi gabeko- eztabaidarekin lotzen da, bereziki, hizkuntzalarien eta soziologoen artean.

Baina Euskarabidea harago doa: deialdi honetan irakaskuntza eta hizkuntza plangintza eta normalizazio lanak nahasten ditu. Bazterrean utzi ditu hizkuntza plangintza profileko balizko izangaiak, bigarren hizkuntzen irakaskuntzan formazioa ez badute, eta, agian, bidean utziko ditu euskara irakasle bikainak, soziolinguistikan adituak ez direlako.

Osasunbideak sendagileak baztertuko zituen biologian adituak ez izateagatik?


(MARIO ZAPATA SOLANO soziologoa da)



Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus