Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Udalerri euskaldunen adierazpen instituzionala, 2015eko Euskararen Eguna.

Udalerri euskaldunen adierazpen instituzionala, 2015eko Euskararen Eguna.

2015-12-03 / 07:00 / Josu Labaka Zuriarrain - UEMA-   BESTELAKOAK

Euskara gure herriaren oinarrizko orubea da, gure hizkuntza denez, munduari begiratzeko daukagun leihoa eta mundura zabaltzeko daukagun atea baita. Euskaraz gara, eta euskaratik egiten dugu bidea, eguneroko lanean eta bizitzan.

Mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi gure ahoraino heldu den hizkuntzak ez du ibilbide samurra izan, eta gaur egun ere, oraindik, artaziak hurbil sumatzen dituzte euskaldun askok beraien herrietan, ofizialtasunik gabe eta euskaraz aritzeko inolako erraztasunik gabe.

Udalerri euskaldunetan bestelakoa da egoera. Legez ofiziala da euskara, euskaraz modu naturalean aritzen gara, oraindik ere nahi baino esparru gehiagotan zailtasunak ditugun arren. Horri aurre egiteko lanean segitzea dagokigu, zenbaitek larrekoa nahi duten hizkuntza noranahikoa izan dadin benetan.

Euskara lau haizetara zabaltzeko ahalegin horretan, aintzat hartzekoa eta aitortzekoa da hiztunek, euskaldun berriek eta herri eragileek zein erakundeek egindako lana. Horien guztien euskaraz bizitzeko nahiak ekarri baikaitu honaino. Aurten, bereziki, eta hainbat erakunde publikok horrela adostuta, berariaz aitortu eta nabarmendu nahi dugu euskaldun berrien ekarpena eta ahalegina.

Gaur, beraz, 2015eko Euskararen Egunean, honakoa adierazten dugu:

  • Udalerri euskaldunak dira euskararen arnasguneak, hizkuntzaren transmisioan eta balio erreferentzialean duten garrantziagatik. Euskararen gune hegemonikoak dira, eta baita eredu ere hain euskaldunak ez diren eremuentzat.
  • Udalerri euskaldunek izaera horri eutsi baldin badiote, eragile askoren ahaleginari esker eta hiztunen hautuari esker izan da. Aurten, bereziki, euskaldun berrien ekarpena aitortu eta eskertu nahi dugu, euskara ikastearekin, udalerri euskaldunek gure hizkuntzari eusteko dagokien alea jarri dutelako.
  • Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoak, hala ere, azken urteotan ezagutzak behera egin duela erakusten du, eta datu horiek kezkaz ikusten ditugu. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, beheranzko joera areagotu egingo baita, euskararen normalizazio prozesua arriskuan jarriz.
  • Horregatik, euskaldun berriei aitortza hau egiteaz gain, euskaldun berriak sortzen jarraitzeko eta horretarako bitartekoak jartzeko eta erraztasunak emateko konpromisoa hartzen dugu. Baita udalerriaren erabateko euskalduntzean dugun ardura eta egiten dugun ekarpena aztertzekoa ere, horren inguruko hausnarketa eginez, ditugun baliabideen eta eskumenen baitan.
  • Udalerri euskaldunak garen heinean, honen bidez, euskaraz bizitzen segitzeko borondatea berretsi nahi dugu, harrotasunez, herri honen kulturari eta izaerari egin diezaiokeen ekarpen ederrenetakoa dela iritzita. Era berean, aitortu eta eskertu egin nahi dugu, egunero euskarari hauspoa ematen dioten herritar guztien hautua eta ekarpena eta, aurten, bereziki, euskaldun berriena.


(JOSU LABAKA ZURIARRAIN UEMAko lehendakaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus