Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen talibanak omen gara

Euskararen talibanak omen gara

2015-12-01 / 07:00 / Mikel Garcia Idiakez   BESTELAKOAK

Eta harro gaude. Ez dugu inor euskarara erakartzeko erantzukizunik nahi gure bizkar gainean, parez pare daude irekita euskararen ateak, sentitu dezala elebakarrak berak horretarako ardura eta beharra, arazo bat duelako (ez daki euskaraz).

Ez dugu diskurtso tranpatirik irensten: ez diezagula inork gehiagok esan euskara inposatzen dugunik, muturrean erantzungo diogulako bera dela etengabe erdara inposatzen ari zaiguna, bestela zergatik dakizkigu guk bi hizkuntza eta berak bakarra?; ez diezagula eskatu –aldebakarreko– errespeturik, harreman orekatuek egiten dutelako posible elkarbizitza, ez beti guk amore emateak; ez etorri guri elebitasunaren iruzurrarekin, gure herriko hizkuntzen egoera asimetrikoan erdara beti ateratzen delako garaile; eta ez hasi guri lehentasunen matrakarekin, hizkuntzaren auzia beti bigarren mailara alboratzeko aitzakia gisa. Ez dugu nahi euskaraz ez dakien langilerik administrazioan, ez eta erizain eta medikurik osasun publikoan; euskara ikastera derrigortu nahi ditugu politikariak eta zerbitzua euskaraz ematera denda eta enpresak; hizkuntza eredu bakarra eskaini gura dugu eskola guztietan: euskara ardatz duen murgiltze eredua; eta euskara ikastea unibertsala eta doakoa izatea eskatzen dugu. Arreta gune eta telefonoetan lehenengo hitza euskaraz ez egitea zigortuko genuke; “bi zurito” eskatu eta hori ere ulertzeko gai ez delako (edo ulertu nahi ez duelako) “¿qué?” erantzun diguten tabernan ez dugu gehiago kontsumituko; banku, argindar, telefono-konpainia eta abarretako fakturak ere ez ditugu ordaindu nahi, euskaraz zuzentzen ez bazaizkigu; liburutegietan euskarazko irakurgaiak lehenestea exijitzen dugu; ekitaldi, prentsaurreko eta hitzaldietan informazio nagusia euskaraz ematea eskatzen dugu (itzultzailea behar izatekotan, erdaldunentzat izan dadila); tailer, kiroldegi eta ikastaroetan euskara bermatzera behartuko genituzke antolatzaileak, eta euskararen ezagutzak dagoeneko %100 izan behar lukeen eremuetan (haur eta gazteentzako eskaintza osoan, adibidez) euskara baino ez genuke onartuko. Taldean gutxiengoak euskaraz ez dakielako, soluzioak ezin du beti izan denak erdarara bultzatzea. Ez dugu euskara folklorismorako nahi, gure identitatean errotua baizik. Botereguneak, etxeak, kaleak, plazak, aisialdi eremuak… hartu nahi ditugu, bazterretik erdigunera. Gero eta gehiago baikara, konplexu eta beldurretatik jardun beharrean, jarrera irmoa eta ahaldundua amets dugunak, euskaldun ororentzat.


(MIKEL GARCIA IDIAKEZ kazetaria eta idazlea da)

  • Estreinakoz, Argia.eus agerkarian argitaratua, 2015-11-30ean.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus