Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gora "Gu ta gutarrak"

Gora "Gu ta gutarrak"

2015-10-20 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   KULTURA

"Gu ta gutarrak", ETB1ek 9etatik 10etara emititzen duen programa, oso interesgarri egin zitzaidan hasieratik. Bigarren hezkuntzako eta batxilergoko neska-mutilei zuzendutako programa da, eta hortik zetorren nire interesa.

Denbora luzea zen ETBk ez ziola berariazko eskaintzarik egiten publiko-multzo zail horri —telebistaren ikuspegitik zaila— eta, gainera, erabakia zen programa euskaraz izango zela. Asko esan da gazteek euskarari dioten desafektuaz, baina saioak izan duen erantzunak, bai parte-hartzaileen aldetik, bai audientziaren aldetik, garbi erakusten du handia dena ez dela euskararen desafektua, baizik entretenimendu eta aisialdiko eskaintza ez gustagarrien desafektua.

Ez dira falta izan programaren aurkako kritikak, nik batzuk entzun ditut, batik bat "Mujeres y hombres...", "Gran hermano" eta antzeko beste saio batzuekin konparatuz. Konparazioak egiten errazak dira, baina bidegabeak, gutxiespen moduko bat baitira bai batzuentzat, bai besteentzat. Ezin da ukatu programa horietatik zerbait badagoela "Gu ta Gutarrak" saioan, batez ere ikuskizunari eta eszenaratzeari dagokionez —azken batean, telebistan dena dago asmatuta, edo hala diote—. Baina "Gu ta Gutarrak" beste gauza bat da.

Ni fan porrokatua naiz. "Gu ta gutarrak" ezusteko atsegina izan zait. Nire itxaropena —guraria— zen programa bizia izan zedin, neska-mutilentzat ondo pasatzeko tarte bat, batzuk besteekin flirteatzeko tarte bat, jauzi eta dantza egiteko tarte bat, euskaraz, jario naturalez, bakoitza bere erara, gazteek hitz egitean izan ohi duten bat-batekotasuna eta adierazkortasuna galdu barik. Hori dena badu saioak.

Badu, gainera, espero ez nuen zerbait. Eduki oso ondo pentsatuak eta landuak. "Gu ta Gutarrak" programaren atzean talentu handiko lantalde bat eta aurkezle bat daude, joko eta tentelkeria artean neska-mutilak kezkagarri zaizkien gaiei buruz hitz egiten jartzeko gauza direnak. Gai sakonak ukitu dituzte programan, besteak beste, fisiko ez oso ederreko pertsonek harremanetan dituzten zailtasunak, homosexualitatea eta amatasun subrogatua, euskararen etorkizuna, eta jatorri ezberdinetako pertsonen kultur ezberdintasunak. Oraingo denboraldian, behin baino gehiagotan azaldu da jarrera matxistei eta emakumeen kontrako erasoei buruzko gaia. Gutarrek euren adineko beste edozein neska-mutilen antzera hitz egiten dute gai horiei buruz, baina euren jarrera da jakin, ulertu eta konektatu nahi duenaren jarrera. Horrelakorik ez nuen espero.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL EiTBko Euskara Zerbitzuaren burua da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus