Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Epeak eta euskara buruan

Epeak eta euskara buruan

2015-10-02 / 07:00 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Badatoz osasun langileak gehien aztoratzen dituzten atakak. Buruko minak. Aurten beste EPE bat abiatuko da Osakidetzan, langile finkoak hautatzeko prozesua. Zenbat ataka, hainbat matraka.

Lehen buruan, gaitasuna ebaluatzeko azterketa egiten da. Horrez gain bestelako merituak ere kontuan hartzen dira: hizkuntzen ezagutza, formakuntza, argitalpenak, lan esperientzia... Baina azterketa gakoa da. Derrigorrez gainditu behar da, eta horretarako buru-belarri ikasi behar dute hautagaiek. Lehenbizikoak azaroaren amaieran egingo dira, eta ohi bezala, hizkuntza eztabaidagai izango da. Batzuen ustez, Hizkuntza Eskakizunak betetzeagatik puntuak jasotzea ez da bidezkoa, horrek langile elebakarrak diskriminatzen dituelako. Euskara ez omen da kontuan hartu behar. Euren ustez langile egokiak behar ditugu, trebeak, ohituak, eta ez euskaraz dakitenak. Beste askorentzat ordea, hori ez da nahikoa. Eskubideak eta berdintasuna hizpide.

Berriz ere, aurten gaiaren inguruko eztabaida irakurri dugu prentsan. Gaitegi zehatzik ezean hautagai bakoitzak bere ikas materiala landu behar omen du, bere burutik. Liburu eta testu gehienak gaztelera hutsean daude alde batetik, eta azterketaren euskarazko bertsioa korapilatsua izaten da, ulergaitza. Euskaldun gehienak gazteleraz ikastera behartuta daude, eta gaztelerazko azterketa aukeratzen dute, halabeharrez.

Kalitatea ahaztu zaigu. Egungo eredua pazientean zentraturiko arreta da, Erakunde Sanitario Integratuen bitartez. Pazientea betiere ardatz delarik, euskara zerbitzuaren kalitateari lotuta dago, pazientea euskalduna bada. Halere, arreta bere osotasunean euskaraz eskaintzea ez da erraza, egun dauzkagun giza eta baliabide teknikoak kontuan hartzen baditugu. Langile gehienak elebakarrak dira, eta elebidunok erdaraz lan egitera ohituta gaude.

Eskubideez eta berdintasunaz haratago, eta Osakidetzaren lerro estrategikoei jarraituz, euskararen normalizazioan beste aurrerapauso bat emateko aukera eskaintzen digu EPEak. Itxura batean denok bat egiten dugu: osasun arreta pazientearen hizkuntzan bermatu nahi genuke, hori baita gure eginkizuna. Legeak hala agintzen du, Osakidetzako lerro estrategikoek hala diote, zuzendaritzak behin eta berriz bere asmo sendoa adierazi du publikoki, eta buruenik, gero eta jende eta eragile gehiagok hala eskatzen du. Ezin zaio egiari buru egin.

Gizarteak langile elebidunak ekoitzi eta hautatu behar ditu noski, baina hau ez da nahikoa izango. Langileek euskaraz jakiteak ez du berez osasun arreta euskaraz bermatuko. Jakitatetik jende prestuak ona ateratzen du, eta jakitatetik gaiztoak gaiztakeria, esaten da euskaraz. Kultura aldaketa sakona behar dugu, eta gauza zailik badago, hau da zailena edozein erakunde, sistema edo arloan. Kultura aldaketa eragiteko, hizkuntzaren gaian behintzat, hizkuntza kontzientzia buruan hartu behar da. Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen garrantziaz jabetu behar gara. Langile trebatuak behar ditugulako, pazienteen ezaugarri eta gogoen neurrikoak. Dena den, hizkuntzarekiko jarrera aldatzeko eta behar den gaitasuna eskuratzeko ezinbestekoa den hizkuntza kontzientzia ere ez da nahikoa izango, erakundearen sustapenik eta laguntzarik gabe. Neurri eta arau egokiak ezarriko dituzten lidergoak behar ditugu. Burutik oinetara.

Bide luzea daukagu aurrean, baina EPEak aukera bat eskaintzen digu. Gaitegian Legedia, Euskara Plana eta Osakidetzaren lerro estrategikoak sartzen dira. Hortik abiatuz hizkuntza kontuan hartuko duten zenbait galdera txertatu ditzakegu. Euskararen legearen gaineko galderak, Euskara Planari buruzkoak, edo hizkuntza eta kalitatea lotuz (lerro estrategikoak erabiliz, besterik ez). Alegia, hizkuntza eta osasungintza uztartuz galdera sorta bat, hizkuntza kontzientzia bultzatzeko xedearekin. Demagogiaz haratago, ekinaren ekinez, ekimen konkretuen bitartez, pausoz pauso aurrera egiteko beste modu bat. Ekimen zehatza, erraza, neurgarria. Ur tanta bat itsasoan, baina borondatearen adierazgarria. Dakidanaren arabera, Osakidetzako zuzendaritzak Herri Ardulararitzaren Erakunde Publikoari esleitzen dio azterketaren prestakuntza. Gomendagarria litzateke hortaz Osakidetzako buruek euskararen inguruko gaia nabarmentzearen garrantzia HAEPri luzatzea. Hala bedi.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.eus-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus