Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Neurriak hartu, hitzak neurtuz

Aitor Montes Lasarte / Herri-administrazioa / 2015-09-16 / 07:00


Gauza guztiek badute bere neurria. Neurtu ezazu neurtu daitekeena, eta ezin daitekeena, berriz, egin ezazu neurgarri, zioen Galileok.



Medikuok beti maite izan dugu gauzak neurtzea. Adimen maila egin dugu neurgarri adibidez. Kraniometria eta garunaren tamaina izan ziren irizpide nagusiak garai batean. Indize zefalikoaren arabera, gizakiak dolikozefaloak (indoeuropar argiak) edo brakizefaloak (euskaldun ergelak) izan zitezkeen. Espezialitate mordoa daude eta denontzat bere neurriko zapata. Gizentasunaren maila ere neurtu daiteke, eta horretarako gorputz masaren indizea erabiltzen dugu familia medikuok edo pediatrek, gure fintasunaren neurria ematen betiere.

Orain gutxi Osakidetzako Debagoieneko ESIak PENSOI proiektua abiarazi du, inguruko haurren gainpisua eta loditasuna aztertzeko asmoz eta jarrera osasunsuak bultzatzeko, sektore eta eragile ezberdinak inplikatuz. Azterlan sakon baten ostean, Debagoieneko haurren herenak gehiegizko pisua eta loditasuna daukala ikusi da. Hau dela eta, zenbait aldagai aztertzeko galdetegi bat bidali zaie gurasoei, etxean bete dezaten. Erabili dituzten galdetegiak CBCL eta SDQ delakoak izan dira.

CBCL hori haurren osasun egoera ebaluatzeko gehien erabiltzen den galdetegietako bat da. Assenbachek sortu zuen Britainia Handian, eremu ingeles batean. Bete betean asmatu zuen arren, gauza jakina da horrelako galdetegi bat mundu osoan erabiltzeko, eta edozein ikerketan baliagarria izan dadin, tokian tokiko hizkuntzara itzuli behar dela derrigorrez, aztertuko den eremuaren ezaugarri soziokulturalak kontuan hartuz. Sheffield eta Atenas ez dira guztiz berdinak, eta Beijingetik Montevideora aldea badago.

Gauza bakoitza bere neurrian erabili behar dela oharturik, espainiar estatuko medikuek galdetegi hau euren inguruan aztertu dute. Jadanik gazteleraz, katalanez eta galegoz dago, eta bertsio hauek guztiz baliagarriak direla egiaztatu da. Euskarazko bertsiorik ez dago ordea. Gure eremuan erabili ahal izateko, eta balio zientifikoa eduki dezan, euskarazko bertsio bat sortu beharko genuke, eta ondoren egiaztatu. Baina oraindik ez da egin.

Medikuon gogoa non, ikerketa eta neurketa han. Euskarazko galdetegirik ezean, azterlanak aurrera egin du gaztelerazko bertsioa erabiliz. Baten bat haserretuko zela aurreikusirik, egoerari aurre egiteko neurririk egokiena hartu dute. Galdetegiaren azpian, hizki txikian, horrela dio oharrak: Barkatu eragozpenak CBCL eta SDQ galdetegiak euskaraz itzulita ez egoteagatik, baliotasun kontuak direla eta ez da egin, eskerrik asko.

Eragozpenak zergatik? Euskaraz ez dagoelako, gu euskaldunak izan arren? Debagoiena eremu euskalduna da noski. Elgeta, Antzuola, Bergara, Oñati eta Aramaio UEMAko kideak dira. Gune euskaldun eta euskaltzale bat da, eta politikaren esparruan abertzaletasuna da nagusi. Eguraldia euritsua da, ez mediterraniarra, eta begi bistakoa da hau ez dela Jaen bezain beroa.

Zergatik ez dute euskarazko galdetegi bat erabili? Baliotasunagatik? Hamaika ikusteko jaioak gara! Ekimen hau abiarazi duten profesionalen neurria erakusten digu horrek. Euskarazko bertsiorik ez dagoenez, Debagoienaren neurrirako galdetegi baten ordez gazteleraz eta beste eremu baterako egokia den bat eskaini digute. Gure osasunaren alde.

Onargarria al da hau? Nola da posible, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren izenean horrelakorik esatea? Euskararen aldeko apustu sendoa egin omen du Osasun sailak, baina horrek koherentzia behar du. Baliotasun zientifikoa aldarrikatuz, euskara baztertu eta gaztelera hutsean dagoen galdetegi bat erabiltzeak ez dio inolako mesederik egiten euskararen normalizazioari. Aukera paregabea eskaini digu proiektu honek, osasungintzan euskararen erabilpena sustatzeko, behar duen tornua bultzatzeko, euskarazko galdetegi bat sortuz.

Arduradunek bere neurria eman behar dute. Osakidetzak ezin du onartu horrelako adierazpenik, Eusko Jaurlaritzaren kode etikoaren eta gure lerro estrategikoarekin bat egiten egiten ez duena. Kultura aldaketa sakona behar dugu. Horrelako portaerak saihesteko eta errotik erauzteko neurriak hartzea eskertzekoa litzateke. Euskara eta ikerketa uztartuz, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera adibidez. Oraindik badugu zer ikasi. Besteak beste, hitzak neurtu behar dira.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)


Aitor Montesek erabili.eus-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1442352037