Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gaitasunak eta azterketak

Gaitasunak eta azterketak

2015-09-03 / 11:05 / Erramun Osa   HERRI-ADMINISTRAZIOA

EGA azterketara aurkeztutako laurdenak baino ez duela gainditzen-eta, PSE-EE alderdiak titulu hau berraztertu dadin eskatu du.

Hasteko alderdi honek azaldu beharko luke aurreko legealdian, Eusko Jaurlaritzako ardura izan eta bere agintaldian EGAren emaitzak jaitsi zirenean, zergatik ez zion ekin berraztertze horri, konponbideak bilatzea bere esku egon da eta. Edonola ere, eztabaida piztu denez, gaia osotasunean, arinkeriarik gabe eta hobetzeko helburuarekin aztertzea komeni da, nire iritziz.

EGA hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistema oso baten parte da. Titulu horren aurretik zein ostean badira maila apalagoko eta goragoko egiaztagiriak. Inguruabar horretan, duela bi legealdi, herri-erakundeetan –helduen euskalduntze eta alfabetatzean, Osakidetzan, Ertzaintzan, Hizkuntza Eskolan eta abar– urteetan sorturiko egiaztatze sistema nahasgarria ebaluatzeari eta bateratzeari ekin zitzaion. Izan ere, herritarrek hainbatetan ziurtagiri bat baino gehiago eskuratu behar zuten baldin hezkuntzan edo administrazioren lanposturen batean jardun nahi bazuten.

Orduko hartan eginiko lanak bi helburu izan zituen; batetik, egiaztagiriak lortzeko erabiltzen ziren proba guztiak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta hizkuntza baten ikasleak ahoz eta idatziz duen ulermen eta adierazmen maila Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin –Europako Kontseiluak 2001. urtean argitara emaniko dokumentua– parekidetzea ere; bestetik, gure artean zeuden ia titulu guztiak taula bakar batetara ekartzea eta baliokidetza sistema eraikitzea, herritarrei alperreko esfortzuak eta gaitasun berberak egiaztatzeko titulu bat baino gehiago lortzeko eginbeharra ekidinez. Azken hau, 64/2008 Dekretuaren bidez bideratu zen.

Aurrekoak argituta, norbaitek ezbaian jar dezake euskarazko gaitasuna frogatu behar ote den, halakorik ez baita egiten erdaren kasuan –ez behintzat gure artean ezagutzen dugun eran–. Kontua zera da, gure hizkuntza erkidegoaren errealitatea eta gaztelaniaz edo frantsesez mintzatzen direnenena ezin parekatu daitezkeela. Euskaraz egunero, uneoro eta nonahi hitz egitea, bizitzea oso zaila da, ezinezkoa dela ez esatearren, eta horrek, elebidunen hizkuntza gaitasunean eragiten du, higatuz oro har. Ondorioz, pentsa liteke egiaztatze sistema batek, gutxienez euskarak egunerokotasuna irabazten ez duen bitartean, onuragarria gertatu eta gertatzen zaiola euskarari –eta antzeko egoera duten hizkuntzei–, galdutako gaitasunak berreskuratzeko, freskatzeko eta eguneratzeko aukerak eskaintzen dituelako.

Baina egiaztatze sistema bat ez da ezer azken helburua ahazten baldin badugu, hizkuntza gero eta toki gehiagotan erabiltzea, hain zuzen. Ezer gutxirako balio baitu egiaztagiriak eskuratzea, ondoren, herri-erakunde gehientsuenetan nagusiki erdaraz funtzionatzen eta erdaratik sorturiko testuak itzultzeko joera mantentzen bada. Horrek sorrarazten du horrenbeste ahalegin egin duten herritarren, erkideen eta herritarron artean benetako ezinegona, frustrazioa, itxurakeriatan gabiltzan ustea, nire ustez.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA euskaltzain urgazlea da)

  • Estreinakoz, Deia egunkarian argitaratua, 2015-07-29an.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus