Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaldunon 'pribilegioak' EPEetan

Euskaldunon 'pribilegioak' EPEetan

2015-07-03 / 07:00 / Peio Igeregi   HERRI-ADMINISTRAZIOA

EPEa daukagu Osakidetzan. EPEari ertz askotatik hel dakioke, denak salagarriak, baina gaur euskaldunok lanpostua lortzeko aukera aztertu nahi dut. Ziur naiz uneren batean lanpostua lortzeko euskaldunon pribilegioaren mitoa plazaratuko dela. Mitoa diot honek Platonen kobazuloko mitoaren itxura baitu, batzuek hedatu duten iritzi publikoa, egiaren itzal bat besterik ez da eta.

Euskararen tratamenduak, oro har, hainbat gabezia dauzka Osakidetzan. Guztien artean nik hiru azpimarratuko nituzke. Batetik, ez dago plangintza eta helburu zehatzik momenturen batean zerbitzu elebiduna ziurtatzeko. Bestetik, euskalduntze prozesu guztia langileen bizkar egiten da, eta Osakidetzak ez du baliabide errealik ezartzen ardura konpartitua izan dadin langileen euskalduntzea. Eta hirugarrenik, etorkizunean beharko ditugun langile elebidunen prestakuntza ez da aurreikusten, unibertsitateak ez baitu prestatzen Osakidetzak beharko dituen haina profesional elebidun.

EPEaren kasuan, datu batzuk aztertzea komeni da. Gaur egun, Osakidetzako lanpostuen %35ek bakarrik dute Hizkuntza Eskakizunen bat ezarrita, horrek esan nahi du eskainiko diren lanpostuen %65ean euskara meritu hutsa izango dela, baina ez derrigorrezko eskakizuna. Are gehiago, lanpostu horietan eskatuko den euskara maila 2. Hizkuntza Eskakizuna izango da, eta hortik gorako mailak ez du meritu moduan ere balioko.

Halere, betiko komunikabideek eta, oro har, Osakidetzan euskara lan eta zerbitzu hizkuntza normalizatua izatea nahi ez dutenek, euskararen gehiegizko eskakizuna azpimarratuko dute, eta, are gehiago, euskaldunak pribilegiatuak garela adieraziko dute. Berriz ere profesional ona izatea eta euskalduna izatea bateraezinak diren bi kontzeptu legez azalduko dizkigute.

Alabaina, Osasun ikasketak eta azterketak euskaraz egitea oztopoz beteriko ibilbidea da. Medikuntza ikasketak, esaterako, euskaraz osorik egitea ezinezkoa da, eta euskarazko ikasgaiak burutzea ere gainkarga da ikasle zein irakasleentzat kalitatezko ikasmaterialak sortu behar baitituzte, eta kalitate txarreko ikasmaterialak dauzkatenean exijentzia maila erdarazko ikasleen berdina da.

Bizitza osoan euskaraz ikastera ohituta dagoen jendeak ere, MIR edo EIR azterketa gazteleraz egitea beste erremediorik ez dute, horrek dakarkien desabantailarekin.

Bada, orain arazo bera sortzen da EPEko azterketari begira. Osakidetzak ez du gaitegi zehatz eta itxirik argitaratzen, eta, besterik gabe, azterketarako prestatu behar diren gaiak aipatzen ditu. Ondorioz, oposizioan parte-hartzaile bakoitzak bere ikasmateriala landu behar du, eta, horretarako, manual eta lege ezberdinak hartu behar dituzte. Manual horietako gehienak erdara hutsez egoten dira, eta legeak erdarazko bertsioen itzulpen hutsa dira, eta ez oso itzulpen irakurterrazak askotan. Azterketa euskaraz egin nahi dutenek esfortzu izugarria egin behar izaten dute ikasteko material txukuna izateko. Merkatuan argitaletxeek ere ez dute euskarazko gaitegirik sortzen dirua irabazteko aukera gutxi ikusten dutelako.

Ondorioz, EPE batek exijitzen duen berdintasun printzipioa urratu egiten da euskaldunon kaltetan, merezimendu eta gaitasunen araberako aukeraketa egin beharko litzateke, baina euskaldunok ez dauzkagu baliabide berdinak geure gaitasunak erakusteko garaian.

EPEa behar bezala burutzeko, Osakidetzak berak landu beharko lituzke ondoren azterketan exijituko dituen ikas-materialak; bestela, ez dago berdintasunik azterketara begira. Euskaldunok aukeratu egin behar izaten dugu azterketa gure gaitasunak ondoen adierazten dituen hizkuntzan egin ala ikasmaterial txukuna dagoen hizkuntzan egitearen artean. Hautaketa hori egitera behartuta gauden bitartean, Osakidetzan ez dago berdintasunik.

EPE azterketa gainditzea berez gogorra den prozesu baten ondorioa bada, euskaraz egitea balentria da. Gure ikusmira itzalei begira jarri beharrean errealitatea erakusten hasi behar dugu, mitoak gu geu harrapatu aurretik behintzat.

(PEIO IGEREGI SANTAMARIA ELA sindikatuko osasun arloko arduraduna da)

  • Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-07-02an.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus