Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal baleak ikustera ere, españolez

Euskal baleak ikustera ere, españolez

2015-06-30 / 12:33 / JJ Agirre   HIZKUNTZA

Nafarroan, dela UPN-PP-PSOEren politika erasokorragarentik, dela alderdi abertzaleen arduragabekeria eta ezgaitasun agerikoengatik, euskarazko kultur, kirol, aisialdi (eta beste alor ia guztietako) eskaintza oso-oso urria da. Ez dago erraza gurean, euskaraz gozatzeko aukerak harrapatzea. Ezta "eremu euskaldun" edo erreserba ustez baskofonoetan ere.

Horregatik, (Oh!) Euzkadira begira jartzen gara sarri, paradisu foraleko muga zeharkatu, eta are paradisuagoa den Euzkadiko lur amestuotan murgiltzeko prest, bertako hizkuntz politika aurreratuez gozatu ahal izateko, tarteka-marteka.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Torre Madariaga izeneko eraikinean du aterpe, ikurriña mardula atarian. Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren menpeko erakunde batek kudeatzen du. EAEko eragile guztiak mugiaraztea eta ingurumena hobetzeko lan egitea omen du xede, bezeroak eta abar “gogobetetzearren” eta “gizarte erantzukizun konpromiso sendoa” hartuta. Hitzez hitz. Torre Madariagak, AMBAR enpresaren bitartez, zetazeoak behatzera joateko irteerak antolatzen ditu. Helburua, gure kostaldean (Navarra marítima) dabiltzan zetazeoak behatzea eta baleen kontserbazioak duen garrantziaz kontzientziatzea ei da.

Horren berri izan bezain laster, erreinuko mugak berriz ere zeharkatzeko espedizioa antolatzeari ekin genion, erreserba “baskofono” zeharo erdaldundu honetako guraso eta haur saldo batek, euskal baleak behingoz ikusteko grinak jota. Ia etenik gabe espainieraz bizi diren gure haurrak, euskarazko abentura kutsuko txango eder batera eramateko aukera antzematen genuen. Behingoagatik, ikastolako jardun lehorretik barik, euskara jarduera kitzikagarri bati lotuta jasotzeko abagunea. Horrelako aukera bati ezin ihes egiten utzi!

Lehen lehenik, erreinuarteko telefono deia egin genuen, poziktibityz blai:

-Torre Madariaga? Aizue, baleak ikustera joan nahi genuke. Lekurik bai?

-Bai, noski. Zenbat izango zarete, eta abar, eta abar...?

-Hamar bat lagun, oraingoz. Eta, aizue, txangook euskaraz ere badira, ezta? Euzkadi ez da Nafarroa...

-Euskaraz? Ez, ez, izan ere, AMBAR elkartea da txangoak kudeatzen dituena, eta kide gehienek ez dakite euskaraz.

-Baina... antolatzailea ez da ba Euskadiko Biodibertsitate Zentroa? Ingurumen Saila? Eusko Jaurlaritza?... Nafarroa atzeratuan bale, baina, Euzkadi aurreratuan ere horrela?

-Tut-tut-tut-tut....

Dirudienez, bezeroak eta abar gogobetetzeko helburua, erdaldunei mugatuta dago. Antza denez, mugiarazi beharreko eragileen artean, ez dituzte euskaldunak aintzat hartzen. Itxuraz, “Gizarte erantzukizun konpromiso sendotik” kanpo geratu gara euskaldunak beste behin ere.

Gero eta zailagoa zaigu haurrei azaltzea zertarako euskaraz eskolatu, zergatik euskaraz egin, gozatzeko aukera gehien-gehienak espainiera hutsez dauzkatelarik. Behinola esan ziguten euskal balea desagerrarazi genuela gure kostaldetik duela asko. Euskaldunak ere, bale horien bidean ez ote goaz, “hizkuntza politika atzeratudun” Nafarroa ezezik, Euzkadi guztiz “aurreratuan” ere? Eusko Jaurlaritzak, HPS-k, Ingurumen Sailak, Ihobek, Madariagak edo dena delakoak zeozer egin behar luke, ezta? Nafarroako euskaldunengatik ez bada, euzkotarrengatik, sikiera.


(JONJO AGIRRE MARTINEZ Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)


Jonjo Agirrek erabili.eus-en argitaratu dituen azken artikuluak

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus