Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Sinesten dugu (euskal) kulturan?

Sinesten dugu (euskal) kulturan?

2015-06-23 / 07:00 / Aritz Gorrotxategi   KULTURA

Korrikak eta abarrek puztutako euskararekiko maitasun infinituaren souflea jaitsi ondoren, euskal kulturaren egunerokotasunaren neurri miserablera itzuli garela zioen joan den asteko Pako Aristiren zutabeak.

Neurri handi batean, euskaldunak ohituta gaude oihartzun liluragarriko ekitaldietara, udaleku-ekintzatik asko dutenetara. Donostia 2016 Hiriburutza da horren adibide hurbila. Batzuetan, gauzak egitearen obsesioak bizi gaituela dirudi. Egin, bai, baina zertarako? Norentzat? Pako Aristi kexu zen, kultur etxeak hutsik omen daudela. Bistan da euskal sortzaileoi kosta egiten zaigula jendea erakartzea. Agian, jendeak ez du gehiegi sinisten euskal kultura deitzen dugun horretan. Agian, agortuta dago gaur egun darabilgun eredua. Irudipena dut, halaber, euskal kultura euskal giroko ekitaldiekin lotzen dela nagusiki: euskal dantza, bertsolaritza, euskararen aldeko aldarri festa-zaleak... Are gehiago, euskal kultura beste zerbaiten bitarteko gisa ere agertzen zaigu zenbaitetan, eta, gehienetan, militantziari esker eusten da: hizkuntzarekiko militantzia, asmo nazional batekiko militantzia... Baina gutxitan kultura berarekiko militantzia. Kultura zentzu hertsian ulertuta, esaterako, Zizeronek cultura animi gisa (arima lantzea) definitu zuen zentzuan. Basakeria gainditzeari ere esan zitzaion kultura. Edo bestearen lekuan jartzeari. Auziak luze jo lezake.

Nolanahi ere, kultura, zentzu orokorrean, elitista izan da nagusiki. Kulturaren historiari errepaso bat ematea besterik ez dago. Azken hamarkadetan demokratizazio prozesu bat ezagutu dugu, baina prozesu horrek ez ditu kultur etxeak bete. Kulturak, hasteko, esfortzua eskatzen du. Eliot poetak, Notes Towards a Definition of Culture saiakeran zioenez, «kultura elitista izateak ez du esan nahi baztertzailea denik, zorrotza baizik». Gastronomiara, autokonplazentziara, aldarriaren inposturara eta antzekoetara emanda bizi den herri batean, nekez ehunduko da sortzailea eta publikoa elkarren konplize bihurtuko dituen hari iraunkorra.

Bestalde, mendeetan zehar gure literaturak batez ere eliza liburuak eman izan ditu argitara, helburu jakin batekin eman ere: fedearekiko eta elizarekiko atxikimendua sustatzea. Bitxiki, euskal literaturan paradigma diren klasiko ezagun batzuk pentsamendu korronte ezberdinen aurkako erantzun bat izan ziren. Axularren Gero Erreformaren aurkako erantzun bat izan zen; Peru Abarka, ilustrazioaren aurkakoa; Garoa, berriz, sozialismoaren aurkakoa. Ez da harritzekoa, beraz, gurean kultura beste zerbaiten bitarteko gisa, kontzeptu instrumental gisa errotu izana.

Koldo Mitxelenak dioskunez, segur aski Lardizabalen Testamentu Zarreko eta Berri-ko kondairak izan zen libururik irakurriena Gipuzkoan 1860-1960 urteen bitartean. Hots, ordutik hona dezente modernizatu edo kaletartu gara, eta zerbaiten aurka jardun ordez, erreferente berritzaileak kopiatzera jo dugu (Leturiaren egunkari ezkutua edo Egunero hasten delako-ren kasua). Haatik, argigarria da nondik gatozen ikustea. Bistan denez, euskaldunak ez gara tradizionalki kulturara oso emanak izan. Eta hamarkada luzez agintean izan den alderdiak ere ez du norabide horretan konbikzio handiz lan egin.

Lizardik noranahikoa nahi zuen euskara, jakite egoek igotako hizkuntza. Noranahikoa eta jantzia. Euskal kulturak bi «borroka» garrantzitsu galdu zituen aspaldi; bata, Oihenartena, poesia kultu baten aldekoa, Etxepareren eskola begi txarrez ikusten zuena; bestea, berriz, Leizarragarena, heterodoxiaren eta baita hizkuntza kultu baten aldekoa ere (hortik, besteak beste, Back to Leizarraga-ren gaurkotasuna). Akaso, bi borroka horiek dira oraindik irabazteko dauzkagunak. Edo betirako galduak ditugunak.


(ARITZ GORROTXATEGI MUJIKA idazlea da)

  • Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-06-21ean.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus