Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Maila bat gorago

Maila bat gorago

2015-06-16 / 07:00 / Iņaki Martinez de Luna   HIZKUNTZA

Euskararen aldeko dinamika maila bat gorago eraman behar dugu hurrengo urteotan. Ari garen maila honetan luze jarraitzea, atzera egitea litzateke. Zertan egin gora, baina?

Euskarak hobekuntza nabarmena izan du zenbait eremutan, baina ez gizartearen luze-zabalean. Piramide baten modura meta genitzake euskararen eremuak, arrakastatsuenak oinarrian eta garapen eskasenekoak goian jarrita. Beheko mailan aipa genitzake, adibidez, ezagutzaren hedapena, euskarazko literaturaren loratzea, hezkuntzaren euskalduntzea, euskalgintza herritarraren zein instituzionalaren prestakuntza eta gutxi batzuk gehiago. Piramidearen maila horretatik gorantz leudeke arlo edo dimentsio gero eta ahulagoak euskararentzat, hala nola eguneroko erabilera, hedabideak zein IKT delakoak, kultura kontsumoa, lan mundua eta beste hainbat. Egun dagoen punturik kritikoena eta, hortaz, alegiazko piramide horren erpina, lidergoaren eta estrategiaren antolamenduarena da.

Gizarte mugimendua eta herri administrazioetako euskara atalak izan dira hizkuntzaren estatusa hobetzeko ildoak markatu eta indarrean jarri dituztenak. Baina, nork bere kasa jardun du, ez lankidetzan. Landutako eremu geografikoak zein estrategiak ezberdinak izaten dira, eragileen arabera eta alderdi politikoak eta horiek ordezkatzen dituzten ideologiak tarteko. Batzuetan euskara ahoan, baina norberaren interesa buruan. Ulergarria, baina ez egokia.

Edozein kasutan, euskararekin lotura edo zeregin zuzena dutenek baino ez dute parte garrantzitsurik hartu. Gizarte eragile gehienak euskarari buruz taxuz arduratu ez izana gabezia handia izan da. Horretan keinu bat egin dutenek ere, jardun puntualetarako baino ez da izan. Ematen du euskara ez dela gizarte osoaren interesekoa, hizkuntza denona eta denontzat ez balitz bezala. Kontua da gizarteak ez badu euskara bere egiten, euskara ez dela gizarteaz jabetuko.

Egungo lidergok eta estrategia partzial zatikatuak gainditu, eta gizarte eragile gehienen inplikazioa eskuratu behar da. Horretarako, beharrezkoa da dinamika berri bat abiatzea, nor diren guztiak barne hartuz eta koordinatuz gizartean: ekonomikoak, kulturalak, herrigintzakoak, politikoak, instituzionalak, akademikoak... Igo beharreko maila, beraz, lidergoaren eta estrategiaren ingurukoa da. Horrek ahalbidetuko du euskarak ere gorantz egin dezan.


(IŅAKI MARTINEZ DE LUNA Soziolinguistika arloko hizkuntzalaria da).

  • Estreinakoz, Argia astekarian argitaratua, 2015-06-14an.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus