Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Iņigo Lacari erantzunez

Iņigo Lacari erantzunez

2015-05-22 / 07:00 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Irakurri berri dut Erabili.eus web-gunean argitaratu didaten artikuluari erantzunez Iņigo Jacak idatzitako ihardespena. Ez diot mamiaren aldetik erantzungo, batetik, ihardespenak gaingiroki eta iragaitzez bezala baizik ez duelako jorratzen nire artikuluaren edukia, eta bestetik, badakidalako, pentsamendu-oinarri oso desberdinak daudenean, ia ezinezkoa dela inor konbentzitzea, elkar ulertzen ere ez baitugu. Baina bai erantzungo diet ni neu pertsona bainaiz egiten dituen baieztapen okerrei, bai eta bidenabar testuingurua zedarritzen ahalegindu ere.

Hasteko argi utzi nahi dut nire artikuluan ez dagoela frentismo-izpirik: ni ez nabil administrazioa edo Gobernua aldezten eta euskalgintza larrutzen. Euskalgintzaren jokabide, lehentasun eta egintza batzuk kritikatzeak ez dakar berez eta besterik gabe Gobernuaren alde egitea. Ez da ondorio logiko bat norbait kritikatzen duzunean beste bati mesede egin nahi diozula, eta beraz, enpirikoki frogatu behar da intentzioen gaineko baieztapen (inplizitu) hori, non eta axioma ez den nire kontra dabilena nire arerioaren alde dabil. Nolanahi ere, neu euskalgintzaren fabore nabil, ulertzen ez bada ere, izan ere, ikusirik nora goazen, pentsamendu eta bide berrien premia ikusten dut. Horixe da nire asmoa.

Iņigo Jacak neuri begira sortu duen narrazioan badirudi kargudun bat naizela, eta nire lanpostu eta ardurei ez dagokien botereaz jantzita nagoela: ezta urrik eman ere. Ez dut inoiz parte hartu politikoen aholku-batzorde batean, ez Osasun Sailean ez inon. Teknikari bat naiz, beste asko bezala, hizkuntza-normalizazioko teknikaria, Osakidetza osatzen duten hogeita hiru erakundeetatik batean, eta hor euskara-plana kudeatu behar dut, besteek bezala.

Normalizazioko teknikari batek ez du hizkuntza-politika erabakitzen, ez du haren aplikazioa ebazten, Osakidetzako Administrazio-kontseiluak baino, eta “euskara-plana” deritza erabaki horri. Normalizazio-teknikariari arauak ematen zaizkio, dekretuak eta planak, eta aginduak nagusiengandik, bai eta baliabide batzuk ere. Normalizazioko teknikaria edozein arlotako teknikariak bezalakoa da; hori ulertuta ez dago zertan gehiago esan.

Garai batean Osakidetzako euskara-zerbitzuko zerbitzuburua izan nintzen, alegia, teknikari batzuen teknikari arduraduna, ez kargua (zuzendariorde, zuzendari, aholkulari…), eta teknikari talde horrek, neu buru, eginahalak egin zituen, bere lana baitzen, Osakidetzaren lehenengo euskara-plana bultzatzeko; behin baino gehiagotan senperrenak ere egin zituen horretarako. Orduan ere, noski, ez nuen Gobernuaren hizkuntza-politika hezur-mamitu ez erabaki, eta Osakidetzaren normalizazio-dekretua Lehendakariak eta Osasun Sailburuak eman zuten. Teknikariok, aukera izan genuen heinean, proposamen batzuk egin genituen, kasu, hizkuntza-eskakizunen sistema berezko bat Osakidetzarentzat, baina Lakuak ez zuen onartu. Errore handia nik uste. Noski, neuk funtsezko lan bat egin nuen dekretua garatuko zuen euskara-plana diseinatzeko, ahalik eta profesionaltasunik handieraz eta maila teknikorik jasoenaz.

Gero, plan hori, Osakidetzarena, nola eta noraino bete zen ebaluatu genuen, neu buru, plangintzaldia burura heldu zenean. Mundu guztiak daki nolako ateka estua den teknikari batentzat erakunde baten plana nagusien aurrean ebaluatzea. Guztiarekin ere, egin genuen ebaluazio hori zorrotza izan zen, ia ezer ezkutatzen ez zuena, jakina, beti ere Administrazioaren konbentzionalismoen barruan. Jende aurrean dagoenez gero, nornahik irakurri eta ondorioak ateratzea dauka. Neure eta neure lankideen alde esan dezadan askorentzat, ordura arte, egindako ebaluaziorik serioena izan dela, eta nago ikuspegi tekniko autonomoaren eredua izaten jarraitzen duela. Ebaluazioa eman eta ondoren zerbitzuburu izateari utzi nion, teknikari arrunt izateko. Antzeko zenbat kasu ezagutzen du Iņigo Jacak?

Nire ibilbidea ezagutu nahi bada, norberaren gogora asmatzen ibili gabe, nahikoa da idatzi ditudanak irakurtzea, asko, arestian aipatutako ebaluaziotik hasita. Denak berresten ditut ehuneko 90ean gutxienez. Nire idazkietatik Iņigo Jacak baino gehiago irakurri duenak badaki askotan Administrazioaren hizkuntza-politika eta planak kritikoki aztertu ditudala, zorrozki, baina panfletoetara jaitsi gabe; sentitzen dut. Hasieran esan dudan bezala, nirea ez da frentismoa. Euskara-planaren ebaluazio ofizialaren ondoren neure ebaluazio partikularra egin nuen, askatasunez, Administrazioaren bide formaletatik lekora, eta mundu guztiaren aurrean dago jarrita (Jakin 183-184). Beste lan asko ere eskueran ditu interesdunak, ildo berekoak.

Dagoeneko esanak ditut, oraingoz, administrazio, Gobernu, politika eta plan ofizialen gainean esan nahi nituenak, eta orain nire kezka beste arlo batera lerratu da, euskalgintzara, eta ez txiripaz ez gutxiestearren, baizik eta uste dudalako gizarte-jarduera guztiz estrategikoa dela, gakoa, hein handiago batean Administrazioa eta alderdi politikoak baino, horiei ezer ukatu gabe. Behin eta berriz esaten ari naizena, ideiaren ardatza, erraz laburtzen da, eskematismoaren arriskupean: noraezekoa da gizartean indartsu izatea, hori da gure lehentasuna, eta hori eraiki behar dugu, buru argiz, soziologia, ekonomia, politika…, eskuan, azterketa zientifiko eta aurreiritzirik gabekoen bidez. Euskalgintzaren zati bat ere kargututa dago lehentasun horretaz, eta bide berriak jorratzen hasi da, baina tamalez, gehienek betiko modura jarraitzen dute, behor antzuengandik umerik egin nahian.

Susmoa dut interes eta dinamika politikoek kutsatutako jarrerak direla antzu horiek (ez da ideia orijinala: ikus Joan Sarasuak berriki esandakoak), kontzienteak ez izan arren; ez dira makurrak. Jakina, euskalgintza zurrun, fosildu eta oinordekotza txarra jaso duen horrek ez ditu laket neuk argiro eta gordin esaten dizkiodanak. Nola hitz egin entzun nahi ez duenari? Eta bateren bat ziraldoka hasi eta astindu nahi nau. Arren, ez galdu denbora gehiago okerreko bideetatik, kasu, inoren kontra ixtoriotxoak golkotik atereaz, eta zakizkiote, ekin, gogoeta sakon egiteari.

Aitortu behar dut nire itxaropenarenak ia egin duela, euskalgintza gehiena ez baitut ikusten bere burua eraldatzeko gai, eta halatan, ia gogaitu naiz. Hala ere, oraindik ate hori jotzen badiraut, ez da gorrotoagatik ez destainagatik, aitzitik, etxekoak amildegirako bidean ikusteagatik nabil, eta jausia ekiditen zerbait ekartzeko geratzen zaizkidan azken kemen-errainuak erabiliz. Ezagutzen nautenek badakite hori.


(ROBERTO MANJON LOZOYA hizkuntza-normalizazioko teknikaria da)


Roberto Manjonek erabili.eus-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus