Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Basurtuko ESIko Euskara arduradunari erantzunez

Basurtuko ESIko Euskara arduradunari erantzunez

2015-05-20 / 07:00 / Iņigo Jaca Arrizabalaga   BESTELAKOAK

Irakurri dut Roberto Manjon-ek argitaratutako idatzia eta aitortzen dut hori ulertzeko nire euskara irakaslearen laguntza behar izan dudala, izan ere, Basurtuko ESIko arduradunak agertzen duen lapurtera ezagutza maila nire gaitasunaren gaindik baitago. Ez ahal du eskatuko erudizio maila hori berak, Osakidetza-Basurtun irizpideak ezarri eta euskara ezagutza neurtzeko jardunak lantzea eginkizunetako bat duen gizon honek.

Zalantzan jartzen du Berdin elkarte berriaren erabilgarritasuna, eratze bidean egonik Durangon jendaurrean aurkeztu zen horrena. Ez dut nik defendatuko beste elkarte bat gehiago sortzea, hainbeste kritikatu ohi dudan letra-zopari gehitzeko, asko baitira gure herrialdean euskararen aldeko erakundeak -haien sigla multzoari deitzen diot letra-zopa-. Baina ulertzen dut hark duen kezka, osasun arloaren erabiltzaile euskaldunen elkarte zibil batek sortzen diona, berak baitu euskararen erabilera normalizatzeko planak prestatu eta gestionatzeko ardura.

1992tik diru publikotik kobratzen ari den gizon honi, Osakidetzan euskararen normalizazio planak zehaztu, prestatu eta gestionatzeko hain zuzen; politikoen aholku-batzorde askotan parte hartu baitu Osasun Sailean, argudio serioagoak eska dakizkioke, berak egiten digun “osin beltzaren” deskribapena baino; izan ere, oso gutxi edo ezer ez baitute egin erakunde publikoek eta eusko legebiltzarrak euskararen normalizazio legea osasun arloan ezartzeko. Ikusi besterik ez dago zeintzuk diren garapen dekretuen datak eta onartutako Planen edukiak.

Euskaldunen hiztun-herria, Manjon jaunak dioenez, gero eta xumeago, ahulago, barreiatuago, kultur erreferentzia berezkoez erantziago dago, eta horregatik sinboloz, erritoz eta folklorez janzten da… Herritarrei leporatzen dien hori, legeak egiten ez dituen klase politikoak egiten duena da, berak lan egiten duen osasun zerbitzuen zuzendari eta arduradunen egitekoa; eurak dira sinbolo, erritu eta gezurrezko publizitatearekin jokatzen dutenak… eta ez dituzte onartzen ez gauzatzen, beren asistentzia zirkuituetan izendatzen dituzten profesionalen hizkuntza-gaitasuna exijitzeko arauak. Legeak, dekretuak eta arauak behar ditugu euskararen normalizazio legea eta hark herritarrei ematen dizkien eskubideak gauzatzeko; eta ez, prestatzen dituzten planak, publizitatea eta sinbologia bakarrik dutenak.

Osakidetzako Euskara arduradunaren betekizunak dira, baita ere, planifikatu eta gestionatzea, hizkuntza-eskakizunak kreditatzeko deialdiak, langileak prestatzeko jarduerak, euskara ikasteko ikastaroak, eta horien segimendua eta ebaluazioa. Interes handikoa izango zen berak bere idatzian plan horien gauzatzean lortutako emaitzei buruz hitz egitea. Zalantzarik gabe, arazoetako bat da, Osakidetzak ez dituela definitu ez estrategia bat eta ez helburu zehatz batzuk, exekuzio-data zehaztu batzuekin; sinboloetan eta folklorean geratzeko plan batzuk egin ditu, hori bakarrik. Euskararen ezagutza meritutzat bakarrik hartzeak erakusten du plan horiek erdipurdikoak direla. Euskara jakiteagatiko zenbat meritu gehitzen dira plaza ez perfilatuak lortzeko? Zenbat plaza perfilatu okupatzen dituzte hartarako kreditatu gabeko langileek?

Idatziaren azken partean ESIko euskara arduradunak benetako katarsi bat egiten du, baina ez ondoren irtenbide bat bilatzeko; Sofoklesek Edipo Erregeaz ematen digun errepresentazioaren erara egiten du, bere egintza okerretan terrore kausa bihurtzen baita irakurleen aurrean bere destinoagatik. Garrantzi handia ematen dio langileek E zeinua jartzen duten ala ez, eta penatzen da ez dutelako jartzen, baina hori ez zaio interesatzen herritar euskaldunari, honi interesatzen zaiona asistentzia sanitarioa bere hizkuntzan jasotzea da.

Noizko mediku espezialista elebidunen koadroa eta euskaldun populazioak medikua eta ospitalea askatasunez aukeratzeko modua? Horrek bai kenduko lituzkeela bere idatzian erakusten dituen arazoak, kalitateaz ari delarik. Herritar euskaldunek jakingo dute aukeratzen nahi duten medikua, eta euskalduna delako berarekin euskaraz komunikatu ahal izango dira, jakingo dute ulerkorra den ala ez, beren minen berri eman ahal izango dute itzultzailerik gabe, eta bere intimotasun eta konfidentzialtasun eskubidea urratu gabe, medikuak ematen dion informazioa entzun eta adituko du, eta bere baimen informatua eman, egin beharrekoetarako.

Bruselako Unibertsitate Librean izan nuen gizarte-medikuntzako irakasleak esaten zigun osasun zerbitzu batek hiru osagai soziologiko zituela: osagai instituzionala, osagai profesionala, eta arreta hartzen duen herritarrena. Horien arteko elkarreragin egokiaren mende dago zerbitzu ona. Pentsatzen dut Berdinek azken horiek antolatu nahi dituela elkarte zibil gisa, inoren transmisio uhala izan gabe, eta gidatuko dituzten profesional medikorik gabe. Beharbada medikuren batek Durangoko aurkezpenean izan zuen protagonismoak gaizki-ulerturen bat sortuko zuen. Euskaldunen komunitatea da bere burua antolatu nahi duena administrazioari exijitzeko eta auzitegietan helegitea edo salaketa jartzeko, hizkuntza-legeak ez betetzeagatik eta horren eraginez sor daitezkeen kalteengatik.


(IŅIGO JACA ARRIZABALAGA mediku jubilatua eta zuzenbidean lizentziatua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus