Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  OEE eta Berdin, elkarte euskaltzale bi osasungintzan: lehiatzaileak ala osagarriak? onerako edo kalterako?

OEE eta Berdin, elkarte euskaltzale bi osasungintzan: lehiatzaileak ala osagarriak? onerako edo kalterako?

2015-05-14 / 07:00 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Berriki komunikabideetan irakurri dugu elkarte berri bat sortu dela osasungintzan, Berdin elkartea, euskararen erabilera sustatzeko. Beraz, orain elkarte bi daude, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE), betikoa, eta berria: osagarriak? aurkariak? Nolanahi ere den, nire aburuz, hein batean, Osasungintzako euskalgintzaren orain arteko porrota erakusten du, eta bidenabar, euskalgintzaren mugak zein diren.

Osasungintzako euskalgintzaren jarduera-eremuak

Osasungintzako euskalgintzaren jarduera-eremuak

Elkarte berriaren eragileek diotenez, herritarren erabilerari begira jarri dituzte helburuak, herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuz, osasun-arretaren kalitatea berma dadin. Antza denez, sare bat osatu nahi dute teknologia berriak erabiliz, eta noski, oraindik bidean hasteko baitago, ez dakigu urratsak nola eta nora bideratuko dituzten. Adierazi dutenagatik, badirudi itsasargi edo behatoki baten gisako zerbait dutela buruan, baina hori geroak argituko du.

Dakigunez, beste elkarte bat, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) aspaldi sortu zen, 1990eko martxoan hain zuzen, eta artean bizirik dirau. Oroz gain osasungintzako zientziaren eta, oro har, ezagutzaren arloan jardun du, eta bereziki gai medikoak euskaraz jorratzen ahalegindu da. Izan ere, 25 jardunaldi antolatu ditu osasunaren ezagutza-arloak euskaraz jorratzeko, osasungintzako oinarrizko hiztegi bat ere abiarazi du, urtero sari bi kudeatzen ditu, Agote eta Ugarteburu sariak, euskarazko ikerkuntza sustatu beharrez.

Orain arteko euskalgintzaren porrota

Tamalez, urteak joan urteak etorri, OEEren ahalegin eta irmotasun miresgarriagatik ere, euskararen profesionalen arteko erabilerak gutxi egin du aurrera, aitzitik, irudi du ezen, elkartearen sustatzaileek adinean gora egin ahala, hauspoa emeki behera datorrela, kimu berri bakanak hurbiltzen zaizkiola elkarteari. Hala, konparazione, medikuntzako ikasle eta mediku berri gutxik jotzen du OEEren atean, nahiz eta fakultatean euskara dela kausa urtero zalaparta sortzen ibiltzen diren. OEEren ahaleginek ez dute eroan profesionalen bilgune bat sortzera, sareak bilbatzera, medikuntza eta erizaintzako ikasleak nahiz langile berriak modu iraunkor batez antolatzera. Harrabots (politiko) zaleak gara karlistadetatik hona, ez horrenbeste euskaltzale.

Zergati bila hasiz gero, zorabiatu egiten gara osin beltzaren ertzean, eta beste alde batera begiratzen hasten gara, baina ez horregatik aienatzen da gure arazo sakona: gizarte nahiz erakundeetako askoren ahaleginengatik ere, euskaltasuna mami soziokulturalez hustuz doa, hiztun-herria gero eta xumeago, ahulago, barreiatuago, kultur erreferentzia berezkoez erantziago, eta bitartean gero eta sinboloz, erritoz eta folklorez ordezkatuago. Euskalduntasunak, laborari, arrantzale eta olagizonen gizartea hondoratu ezkero, ia gizarte-sare, klase, lanbide-arlo, jarduera guztiak galdu ditu, hots, gizartearen osagaietan ia ezdeus izateko bidean doala, maldan behera agudo, bere gorputz tristearekin. Horregatik, aldarrikapen eta ospakizunetatik harat, ia ez dugu atxikipenik, ez iraunkorrik bederen, ez dugu erdiesten gizarte oinarri aipatzeko modukorik, osasungintzan behintzat ez.

Arrazoiak, eiki, konplexuak dira, baina zernahi gisaz, badirudi ezen, aldez, garaiko indibidualismoagatik gazte askok higuin dituztela talde-lotura tradizionalak —etnikoak kasu—, aldez, atseginago dituztela kanpoko kultur gaiak, globalizatuak, eta errazago atxikitzen zaizkiela Euskal Herrikoei baino, zeren geure kultur erreferentziak ordezkatuak izaten ari baitira bertoko oinordekorik gabe. Horrela erraz ulertzen da nola osasun-langile euskaltzaleetan ez den falta muzin egiten diotenak Osakidetzako langile euskaldunak identifikatzen dituen “E” logoari. Itzuliko gara gai honetara.

OEEren ezintasunak gure hiztun-herri xume honen gabezien ondorio eta isla dira, mami soziokulturalez eta botere sozioekonomikoz gabeturik baitago, eta zer esanik historian izan duen botere soziopolitiko urria baino urriagoari dagokionez. Baiki, mirarik ez dago, eta gizartearen ibilbide luzean ia ezdeus bihurtu bagara, gero eta ikusezinago izango gara. Jakina, beti da bideragarria koadrilatxo bat elkartu eta lapikoen estalkiak joz zarata ateratzea. Baina ez dira trumoiak, ez erauntsia. Zarata gogaikarria izango da, noski, entzun nahi ez dutenentzat, baina benetako kontua bestelakoa da: burrunba horrek balioko ote du herri bat bere errautsetatik berpizteko?

Bide berriak ote dira elkarte berriarenak?

Nire irudiko, Berdin delako ekimenak, betiko euskalgintzaren umea delarik, ez dio erantzuten premiarik larrienari, zein baita euskalgintza berri bat eratzea, euskal gizartea berreraikitzeari emanagoa, euskal gizartegintza bat (1). Ihesi joan gaitezke hamaika trikimailu asmatuz, asko ideologiko-erlijiosoak, literatura huts, jukutria idealistak, konparazione, arrazoia geuk dugula, mundua doilorra dela, zapaltzaile gaixtoak daudela, bekatariak … Gaitz erdi, balioko balute elkarrengana bildu eta gizartean boterezko habe batzuk eskuratzeko, gutxienez irauteko behar genukeen botere apurrak. Nire baitako larridura ez da metafisikoa (egia/gezurra), baizik eta susmoa ezen, bide hori, aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzea, erritorik errito, ea ez ote den geratzen zaigun bakarra. Hori pentsatzera naroa ikusteak ez dugula gizartean nagusi izateko moduko ideia, kontzeptu, baliorik, aitzitik, menderatu bezala hausnartu eta dihardugula, dagokigun modura; zirkulu hertsi, gurpil zoro horretatik ezin irten (2). Baina, ondorio ilun hori onartu aurretik, oraindik aukera dugu irtenbide desberdinak bilatzeko, benetan eta uste sendoz saiatu gabe gaude eta.

Bestalde, Berdin elkartearen inguruan kaleratu diren aldarrikapenei bagagozkie, hor ere badugu zerbait esateko. Elkartearen aitzindariek mahairatu izan dituzten helburuak, oso ezagunak zaizkigu hizkuntza-normalizazioko teknikarioi, mutatis mutandis, eta badakigu ezen, Administrazioan normalizazio-neurri gehienek hein handi batean huts egiten dutela inguruan euskaldunen masa kritiko nahiko eta aktiborik ez badago: ez dago hiztunik gabeko hizkuntzarik. Hori gertatzen da Administrazioko hamaika inprimaki, argitalpen, web-gune eta aplikaziorekin. Horregatik, denbora-, lan- eta diruen kontuak ondo egin behar dira neurriak erabaki baino lehen, batez ere garestiak direnean. Joera dugu langa oraindik antzeman ezin dugun tokian jartzeko, hala nola kudeaketa-aplikazio makroetan (Osabide) eta historia klinikoa bezalako kosmos bihurri batean. Benetan uste du inork gure premiak goi-kudeaketa mailakoak direla?

Jarduera-eremu desberdin bat elkarte bakoitzarentzat?

Guztiarekin ere, ezin aitortu gabe utzi ez dagoela eragozpen logikorik zuhaitz zahar eta ia ihartuek kimu berriak eman ditzaten. Izan ere, logikaren oinarri bat da ez dela nahitaezkoa iraganean beti jazo den gertaera geroan ere berriro gertatzea, ezta bizidun guztien heriotza ere, nahiz eta eskuarki hala gertatzen den. Horrela, Berdin elkarteak orain arteko bide zapuztutik jotzen badu ere, ez dago premia logikorik ekimen mota horrek berriro ere porrotera eroateko. Agian oraingoan ekimenak balioko du osasun-langileen artean kontzientzia nazionala —euskalduna— piztu eta elkarrengana bilduz osasungintzako bilguneak sustatzeko. Horrela balitz, OEE eta Berdin osagarriak izan litezke, eta ez elkarte berria OEE ahituari edeki zaion odola. Zernahi gisaz, osagarritasun horrek bere baitan eroan behar luke OEE biziberritzeko indarra, zeharbidez izanik ere. Osasungintza edo antzeko arlo bati bagagozkio, zer eraikuntza nazionala da, hots, euskal hiztun-herriarena, lanbideko jarduera-guneak, alegia, sare profesionalak ehuntzera ez daroana?

Esan dugunez, etorkizunaren bideak igarri ezinak direlarik, menturaz, Berdin elkarteak, misterioski, halako mugimendu bat abiarazi lezake non osasungintzako profesional euskaldunak aberkide bihurtu eta aberkide bezala antolatzen hasten diren. Nork daki! Baina, ezkortasunaren erresuman ere bada argi-izpirik: Berdin elkarteari eskerrak, OEEk argiago ikusiko ahal du bere eginkizuna zein den! Jarduera profesionala euskaraz eratzeko lanari buru-bihitzez ekingo ahal dio! euskaldunek argiago ikusiko ahal dute bilgune profesional zein den eta zein premiazkoa den!

Baina tramankuluaren oinarrizko hanka falta zaigu. Halabeharrez, lortu dugu profesional euskaldunak (post)moderno, kosmopolita, unibertsalista, munduko herritar, kontsumitzaile iaio eta moda gehienen bezero izatea; beharrik. Nola lortuko dugu profesional euskaldunak aberkide bihurtu eta elkartzea? Nik ez dut, oraingoz, erantzunik, non eta negatiboak ez diren —nola ez den erdietsiko—, eta lantegi horixe da artikulu honen xedea.

Mezu okerrak elkarte berriaren baranoan

Ez bedi uler aldarrikapenen premia ez dakusadanik: ez ditut lehenesten. Aitzitik, aldarrikapenak ere beharrezkoak baitira, Berdin elkarteak bere ekarpentxoa ere egin lezake, baina egingo badu, lehenik eta behin doitu egin beharko ditu bere mezuak, batzuei, nonahi, nolanahi eta noiznahi erabilita, biziki kaltegarriak baiteritzet. Halatan, lelo batzuk ondo daude inoiz panfleto batean erabiltzeko, baina oso okerrak osasungintzaren munduko profesional belarri zoli eta buruargi askori helarazten dizkiogunean. Izan ere, panfletoan sar daitekeena, kirtenkeria izan daiteke eskakizun-maila jasoagoko irakurlearentzat. Ikus ditzagun hiru adibide oso garrantzitsu.

Berdin elkartearen sustatzaileek behin eta berriz lotzen dituzte osasun-zerbitzuen kalitatea eta euskararen erabilera, eta ondo egiten dute. Argi daukat haien inspirazio-iturria dela 67/2003 Dekretuak, euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko denak, hitzaurrean (zioen azalpenean) dioena, alta, Dekretuak oso ondo dioen hori sarritan absurdura eroan dute sustatzaileek, behin eta berriz egin ere (ez da une jakin bateko arinkeria). Hau irakurri dugu egunkariko aurkezpenean:

«Kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen den zerbitzua da, ez besterik».

Beraz, badirudi kalitatea euro bateko txanpona bezalakoa dela: edo daukazu edo ez daukazu. Baieztapen hori, bere terminoetan, eldarnio bat da, errealitatetik oso lekora dagoena, zeren, begi-bistakoa denez, kalitateak graduak baititu, kalitatea oso handia izatetik oso txikira izatera doazenak, eta bitarteko marka guztiekin. Eta, noski, jokoan ez dago faktore bat eta bakarra: euskara. Faktore batzuek eragiten diote kalitateren graduari, hala nola medikuaren eskarmentuak, prestakuntza zientifikoak, ekipamenduek, itxaron-zerrendek, medikuaren harremanetarako berezko gaitasunak, bai eta hizkuntzak ere (hizkuntzek, dialektoek … ). Hizkuntzak, gurean, eragiten badu ere, komunzki, ez du etorkin marokoar elebakar baten kasuan beste eragiten: elebidunak gara ezta? Ume batzuk ez direla? Ederto, eta ume batzuen kasua justifikatzen du osasun-sistemaren euskalduntzea? Maiz, gu geu sartzen gara arrazoi urrien zuloan gure argudio ganorabakoekin. Ez gaitezen nahita tronpatu; gerta daiteke mediku erdalduna oso enpatikoa izatea, eta euskalduna betizu hutsa, edo euskalduna oso enpatikoa eta eskarmentu gutxikoa, edo gutxi irakurria, edo eskueran ekipamendu txarra edukitzea, edo pazienteari behar duen tratamendua ez ematea, edo luze itxaron behar izatea tratamendua eskuratzeko, edo medikuaren euskara batua ez ulertzea, edo…

Oso txarto gabiltza ulertzen ez badugu euskaldun askok betiko mediku erdalduna nahiago dutela ezagutzen ez duten mediku euskalduna baino, edo hizkuntzari ez diotela geuk beste garrantzia ematen. Sortzen dugun diskurtsoak, geure artean behinik behin, kalitate askoz hobea behar du, bestela ergeltzat joko gaituzte profesional askok: pazientearen hizkera (ez “hizkuntza”) erabiltzeak kalitatearen maila jasotzen du, eta ez erabiltzeak beheratzen du.

Eta goazen bigarren ideia pozoitsu bat aztertzera. Kalitatea berdin euskera ideia zelebrea zabaltzen duten mediku batzuk uzkur dira bere burua euskaldun bezala herritar euskaldunen aurrean ikur baten bidez (Bai Sano!) identifikatzerakoan. Are gehiago, herritarrei euskararen erabilera erraztea beste xederik ez duen ekimen hori biziki larrutu diete Osakidetzari eta Bilduri. Egun, noiz-eta ia mundu guztiak goxoro eta pozarren bere soinean erakusten baititu marka komertzialen logoak, haran non oztopoak jartzen dizkioten nork bere burua euskarazko zerbitzu-emailetzat identifikatzeari. Identifikazio nazionala delakoan? Etnikoa? Hori ez da “Bai sano” (“E”) identifikatzailearen xedea, ezta urrik eman ere!, baina, horrela balitz ere, nolatan egin dakioke muzin, Ternua, Adidas…, gustura jantzi eta erakusten den gizartean, euskalduntasunaren “E” bati? Jakina, XXI.eko gizakiok uste dugu erosi duguna norberak aukeratu duela eta zeinu nazionala, berriz, erkidegoak ezarri diola, hain gara inozoak. Horri hau gehitu: North Facek…, kontsumisten artean dugun estatusaren zeinua da, eta aldiz, bestea, “E” ikurra, etxola zarpailtsu baten zantzua da, euskal hiztun-herriarena. Orobat, ez dugu inolako arazorik gure mediku-estatusa nonahi eta noiznahi erakusteko, ahalik eta gehien eta premiarik gabe egin ere, adibidez, ospitalean, jantokira joanez fonendoa lepoan jarririk, edo herriko kontsultategian, mahai atzean bata zuria jantziz. Indibidualismo-kontsumismoak bizi gaitu, eta baiki, estatusak.

Amaitzeko, esan dezadan elkarte berriak ez lukeela oinordekotzan jaso behar bere sustatzaile batzuen ohiko begirada miopea: ezpatek zorrotzak izan behar dute, ez kamutsak. Izan ere, elkarte berriak zoliago ibili behar luke Administrazioaren neurriak kritikatzerakoan, arrazoia duenean edo arrazoi gabe. Esate baterako, nola kritikatu daiteke normalizazioko neurri bat, kasu, euskarazko eskaintzaren “E” identifikatzailea, esanez ez duela Osakidetza euskaldunduko edo ez duela zerbitzu elebidunen eskaintza ziurtatuko? Baina zentzugabekeria horren marka norbaitek hobetu du gehituz ezen historia klinikoa euskaratzea dela Osakidetza euskalduntzeko gakoa, hots, elebiduna denean euskaldunduko dela Osakidetza. Adarra jotzen ote? Nahi nuke txantxa besterik izan ez ledin.

Eta azken adibidea, leunagoa: Berdin elkartearen sustatzaileetatik batzuek zergatik diote Osakidetza dela (Osasunbidea ere bai, pentsa daitekeenez) Euskal Herria euskalduntzeko giltzarria? Eragozpentxo bat jartzearren, nork dio medikuntza pribatua ez dela estrategikoagoa publikoa baino? Eta, are urrunago, Euskal Herria euskaldundu ahal da? Ezin dugu eduki juderia, arabiar auzo, mateketerri bezalako auzo erdaldunik? Artoski berrazter ditzagun gure topikoen kutxan sartu ditugunak.

Itaun asko, erantzun gutxi. Lainoki diotsuet ez dakidala aterabideak zein diren, baina uste dut geure buruari nekez emango diogula argitzeko aukera aurreiritzi batzuk uxatzen ez baditugu, bai eta mamu asko ere, eta orobat, zentzu handiagoz gogoeta egiten ez badugu, gauzak diren bezala ikusiz, eremu elkorretatik ilki gaitezen.


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)

Erreferentziak

(1) Euskalgintzatik euskal gizartegintzara, Berria, 2015-02-05.

(2) Etxean nagusi, Berria, 2011-12-13


Roberto Manjonek erabili.eus-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus