Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Etxeko suak ez ditzatela Almeriako hautsez estali

Etxeko suak ez ditzatela Almeriako hautsez estali

2015-05-04 / 07:00 / JJ Agirre   HIZKUNTZA

Gaizka Garitanoren balentriak , hautsak ezezik euskaldun askoren adore pitzatuak harrotu ditu. Sekulako eredua eskaini digu Garitanok egin bezala jokatuz, eta zientoka euskaldunek eskertu eta ospatu du bere jokabidea.

EZ gaude ohituta oihartzun mediatikoa duten euskaldunak halako duintasunez jokatzen ikustera. Are gutxiago euren etorkizun profesionala arriskutan jarriz Espainian, Eibarko prestatzaile handiak egin duen bezala.

Urrunago joan beharrik gabe, ordezkari abertzaleek hamarka urte daramatzate Espainiako Kongresuan, euskaraz hitz egiteko debekuari zintzo men eginez, tarteka marteka protexta-imintzioren bat eginez soilik.

Ederra aldea, Deriokoaren jokabidetik gure ordezkari politiko profesional gehienenenera.

GARITANOK Almeriatik eragindako olatuaren aparrak ez lirateke bertoko suak ezkutatzeko erabili behar, baina.

Almeria asko aurkitzen baititugu egunero Euskal Herritik irten barik.

“Ciudadan@ soil” kosmopaleto ustez kosmopolita askok eta askok herra erakusten digute euskaraz jarduten dugunoi, batean bai eta hurrengoan ere bai, Espainian bai… eta Euskal Herrian ere bai. Hementxe daude, gure artean. Almeriara joan barik. Eremu guztietan. . EZ DAGO Espainiara joan beharrik, euskaraz jarduteagatik erdeinua erakutsiko dizuten ertzainekin (txapelokerrak & co, aipatu be ez), medikuekin, tabernariekin, banketxeko langileekin, irakasle kosmopolitekin edo politikari “ez nazionalista” andanatxoarekin talka egiteko. Ez Almerian… Bilbon, Donostian, Gasteizen eta areago Baionan edota Iruñean baizik.

BAINA erdeinuak, nagusikeriak, baditu milaka aurpegi… Erdeinua da, nagusikeria da, familian, koadrilan, sindikatuan edo alderdian, euskaraz ja ere esaten ikasi nahi izan ez duenak erakusten duena, bere aurrean españolez hitz egin dezazun exijitzen dizunean.

Nagusikeria, eta otzankeria are handiagoa, da guraso euskaldunen eskubidea bazterrera utzi eta erdaldunak erabat lehenesten dituen ikastetxeetako arduradunena.

Utzikeria da, eta ezjakintasuna edo fede txarra, euskara ala gaztelania / frantsesa, hiru hizkuntzetako edozeinetan jarduteko aukera badugula esaten duten arduradunena. Utzikeria da, eta gutxiespen latza, eta normalizazioari boikota, Administrazio Publikoetako (Jaurlaritza, foru aldundi, udal nahiz mankomunitate) arduradun askok eta askok egiten dutena, euskara-teknikarien lepo utziz euskara normalizatzeko ardura (eta ezintasun) guztia.

Espainia-Frantzietara joan barik. Basque Countryn bertan.

Garitano gehiago behar ditugu!


(JONJO AGIRRE MARTINEZ Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)


Jonjo Agirrek erabili.eus-en argitaratu dituen azken artikuluak

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus