Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara eta kontsumoa

Euskara eta kontsumoa

2015-05-08 / 07:00 / Jorge Giménez Bech   ENPRESA

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideez gogoeta egiteko abiapuntu egokia eskaini zigun Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Kontsumobideren zuzendariarekin eta Merkataritza eta Turismoko sailburuordearekin batera, otsailaren 9an Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Izan ere, han aurkeztu ziren kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den lan-ildo zehatzak. Bai baitakigu egoera desorekatu hau etorkizunean ere ez dela berez aldatuko edo ez duela onera berez egingo: interbentzioa nahitaezkoa da.

Agerraldi horretan, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bere ekimenez Ikei enpresari enkargatutako ikerlan baten emaitzak azaldu ziren, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak arautzen dituen 123/2008 Dekretuaren betetze-mailari buruzkoak, eta bestetik —aurrekoa bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dena—, etorkizun hurbilera begira Eusko Jaurlaritzak arlo honetan garatu asmo dituen lan-ildoen aurkezpena egin zen.

Datu horien argitan, alde ikaragarria ageri da Dekretuaren eraginpeko zuzenbide pribatuko enpresa publikoko eta sektore pribatuko enpresen artean, azken horien kaltean. Dekretuaren eraginpeko enpresa publikoen emaitzak onak edo nahiko onak diren bitartean, sektore pribatuko enpresen batez besteko betetze-maila, jarduera ekonomiko guztiak kontuan hartuta, %22 da. Alegia, Dekretua betetzea dagokien %22k betetzen du beti edo ia beti Dekretua, eta beste %78a osatzen dute partzialki betetzen dutenek edo batere edo ia batere betetzen ez dutenek. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak honela laburbildu zuen egoera, Legebiltzarreko agerraldian: «Dekretua betetzen dela bermatzeko egin beharreko ibilbidea luzea da oraindik, oso luzea. Oso urruti gaude arauan jasotakoa betetzera gerturatzetik, eta zer esanik ez betetzera iristetik».

Azterketa kualitatiboan, honako hauek adierazi zituzten eragindako enpresen lagin baten marketin zuzendari edo giza baliabideen zuzendariek:

  • 1) kontsumitzaileengan dago giltzarri nagusia;
  • 2) giltzarria kontsumitzaileak direnez, ez administrazioa, enpresetan euskararen erabilera sustatzeko politikak ezartzearekin batera, kontsumitzaileen artean zerbitzua euskaraz jasotzeko beharra sortu behar da; eta
  • 3) sektorearen, gune soziolinguistikoaren eta establezimendu motaren araberako politikak planteatzea litzateke egokiena.

Horien guztien jakitun, HPSk, Merkataritza eta Turismo zuzendaritzek eta Kontsumobide zerbitzuak landu eta adostu dituzte kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko lan-ildoak.

Honako hauek dira lan-ildo horien helburu estrategikoak:

  • 1) enpresa traktoreekiko lankidetza iraunkorra artikulatzea, berariaz egindako hitzarmenen bidez;
  • 2) kontsumitzaileen sentsibilizazioa areagotzea; eta
  • 3) Eusko Jaurlaritzan eskumena duten erakundeen arteko lankidetza iraunkorra eratzea, EAEko gainontzeko administrazioekin eta gizarteko hainbat eragilerekin lankidetzarako bideak aztertzea.

Lan-ildo zehatzen artean, azpimarratzekoa da praktika onak burutu eta zabaltzeko asmoz enpresa traktoreekin sinatuko diren hitzarmenei dagokiena (bi urterako hitzarmen horietarako, HPSk urteko 250.000 euro izendatu ditu bere aurrekontuetan). Askotarikoak dira hitzarmen horietan jasoko diren ekimenak: langileen prestakuntza eta motibazioa lantzea; euskaldunen komunikazio-eragozpenak gainditzeko erremintak eskaintzea; langile euskaldunak begiz identifikatzen laguntzea; aholkularitza teknikoa eta itzulpenetarako laguntzak eskaintzea; enpresak Bikain ziurtagirirako bidean jartzea…

Gonbita xume bat eginez amaitu nahi nituzke labur beharrez azaletik emandako azalpen hauek: kontsumitzaile eta erabiltzaile garen aldetik, handia da euskal hiztunok gaurko egoera hobetzen laguntzeko gure esku dugun ahalmena; erabil dezagun!

(JORGE GIMENEZ BECH Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2015-04-19an.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus