Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Akatsak

Akatsak

2015-04-22 / 07:00 / Anjel Lertxundi Esnal   HIZKUNTZA

Hizkuntzaren bizkartzainak, arauaren itzal luzea, akatsen aurkako gurutzada... Hori guztia bizi izan dugu, bizi dugu. Ez beti hizkuntzaren bizipozezko etekinen faboretan.

Litekeen hiztunik onenak ere ezin du hizkuntza mendean hartu bere osoan, eta ez dago ikasita jaiotakorik: hizkuntzarekin dugun tratua ikaslearena da gure bizitzako betiko guztian. Alegia, beti ari garela trebatzen: «nik euskara dakit» esatea hiperbole bat da esaldiaren zentzu betean, baina lasai, akats eta estropezurik gabe ez ginateke hizkuntzadun. Ikaragarri dakienak ere gutxi daki, eta are gutxiago daki ahaztu bazaio nola iritsi zen dakientxoa ikastera eta ez badu ikusten zein urruti dagoen hizkuntzak eman liezaiokeen demendrena ere jakitetik.

«Behin batez, dio Montale poetak, izan zen hutsik gabe mintzatu zen bat eta ez zion inork ulertu. Azken hiztuna zela pentsatu zuen». Baina gertatu zen jendeak natural-natural segitu zuela hizketan. Akatsekin noski.


(ANJEL LERTXUNDI ESNAL idazlea da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2015-04-22an.


Inprimatu


Erantzun

 
Akatsaren arabera, nik uste.
2015-04-22 / 18:40 / R. Alkarterri

Hala da, Anjel, horregatik esaten zaio hizkera hizkuntza mintzatuari. Ez dago, ezin da egon, hizkera akasgaberik. Mingaina hitz egiteko darabilgunok akatsak egin behar, derrigor, ezer komunikatzekotan. Beste kontu bat, akaso, hizkuntza idatzia, idazkera esaten zaiona. Ahozkotik idatzira jauzi kualitatiboa dago, egon behar, eta horretan igartzen da gehien nor den hizkuntzadun; hizkeradun, denok.

Edonola ere, badira akats naturalak, edonork egin litzakeen akats onargarriak, eta akats artifizialak, barkagaitzak direnak; ezein hizkuntzadunek egin behar ez lituzkeenak, alegia. Komunikagarritasuna da gakoa, ezbairik gabe.


(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus