Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Berandu gabe

Berandu gabe

2015-04-16 / 07:00 / Roberto Manjon Lozoya   HIZKUNTZA

Sustaturen web-gunearen bidez (2015/4/13) irakurri berri ditut GARAn Ibon Sarasolak esan omen dituenak euskara batuaz, Euskaltzaindiaz eta lexikoaren zuzentasunaz. Poztu egin naiz ikusirik oraindik ez dela iraungi nork bere burua kritikatzeko, hobetzen saiatzeko eta aldatzeko gaitasuna, eta horrela, zurruntasuna goititu daitekeela, nahiz eta okerreko bidetik igarotako denbora luzesten dudan, eta aspalditik berantetsi.

Txalogarria iruditzen zait Ibon Sarasolak garai bateko okerrak aitortzea. Imitatuko ahal dute beste batzuek ere! Zeren oso arrunta baita garai batean inori lezioak erakusten zizkiotenak handik urte batzuetara kontrako lezioak ere irakatsi nahian ibiltzea. Arren, apaltasun pixka bat, gutxienez, norberak bere hutsegiteez ohartu eta gero. Tamalez, badira bere hutsak antzemateko gai ez direnak.

Euskara batuaren ajeak argitaratu zenean, nik eta besteren batek toki desberdinetan adierazi genituen desadostasun bi; bata, ezen erabilerak izan behar duela erreferentzia eta epaile, zehazki, hizkera zientifiko eta teknikoen soziolektoei gagozkielarik, eta orobat, corpusaren normalizazioa hutsa dela erabilerarik ezean; eta bestea, ezen akademien mundua ez dela unibertsala, ezpada, oroz gain, frantses eta espainiar kultura eta tradiziokoak. Letra larriz idatzitako akademiak, hots, hizkuntzaren barne-sail horiek, ez genituen gustuko ez eta egokitzat jo ere. Jakina, neuk ere onartzen du ezen, gure zertzelada eta inguruabarretan, nolabaiteko akademiatxoa behar dugula, iragankorra, behar dugun bitartean behintzat, eta, haatik, nago ona litzatekeela ministerio hori ahal bezain laster desagertzea, egoera eta giro osasuntsuago baten zantzua bailitzateke: hizkuntza-joko sozialago batean geundeke horrela, irekiagoan, aberatsagoa. Bidez batez, ez ginateke hain frantses eta espainol izango, nola XX. mendeko tradizioan eta oraintxe baikara.

Agian oker ibiliko naiz adibide hau jartzerakoan, baina betor: behinola, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Unibertsitateko matematika-irakasleek % sinboloa 4% erara zerabiltenean, munduan arrunta den bezala, hara non geuk %4 erabaki genuen. Benetan uste du inork “ehuneko 4” irakurri ahal izateko “4%” idatzi behar dela? Unibertsaltasun zientifikoaren esparruan, ez diegu geure zientifiko eta unibertsitateko irakasleei errespetu handiagoa erakutsi behar?

Bestalde, akademiaz eta lexikoaren normalizazioaz denaz bezainbatean, Ibon Sarasolak esan edo, ustez, iradoki duenez, idazle iaioak izan behar dute erreferentzia eta eredu. Alabaina, gehiago eta hobeto idazten ez badugu, alferrik gabiltza corpusa normalizatzen eta akademiako bilkurak egiten, terminologia-biltzarrak antolatzen eta hitz-zerrendak argitaratzen. Erregistroak bereizi behar ditugu, jasoak, ertainak, apalak…, testu desberdinetarako molde desberdinak, argitasuna eta erraztasuna arau, noski, gaiaren sakontasunak eta konplexutasunak baitezpada ezartzen dituzten mugen baitan. Hizkuntza txiroa dugu, norabide bakarrekoa, baliabide eskasekoa, geu garelako hizkuntzaz txiroak eta eskasak. Arean ere, ezin da bestela izan, gure euskal gizartea lander denez gero.

Dena dela, nire iritziz, gure arazo nagusietatik bat, gorena ez bada, idazketaren oinarriari lotzen zaio: funtzionatzen duen testugintza bat sortzea, komunikatu egiten duena. Niri behinik behin, asko kostatzen zait euskal testu ugari irakurtzea, gehienak tematzen baitira komunikazioaren aurkako ordena batean, irakurketa zurrun eta tokiz kanpoko bat egiten baitute galdegaiaren eta SOV ordenaren nahiz antzeko perlei buruz. (1)

Eta zer esanik ez itzulpenak badira; hor arazoa gaiztotzenago zaigu, baldin eta erakunde publikoen zein gizarte-mugimenduen eskutik badatoz: gehiegi besarkatu nahirik irakurleak zapuztu eta galtzen ditugu. Hor ere, badugu, menturaz, gure arazoaren izari funtsezko bat: gehiegizko handinahia, gure mugetatik harat baldintza egokirik gabe jardun nahi izatea, une honetan ez dagozkigun helburuak bilatzea, eta horrela indarrak, dirua, kemena alferrik galtzea, hybris moduko bat. Horretan ere oker gabiltzala ohartu gara noizbait, ez ailedi berandu izan. Gutxiago itzuli eta argitara dezatela nahiz administrazioek, nahiz mundua salbatzen dabiltzan ekologistek, internazionalistek, feministek eta enparauek. (2)

Amaitzeko esan nahi nuke ezen, goi-mailako testugintzan jardungo badugu, ez itxuraz bakarrik, zinez eta benetan baizik, alegia, gai askok behar duten sakontasun, zehaztasun eta konplexutasunez, eta hein berean testu ulergarriez, alimaleko aldaketa bat egin beharko dugula. Gaurko testu ziztrinen ordez testu mardulagoak beharko ditugu, joskera askoz malguago batez sortuak, baliabideetan aberatsagoak. Eta nire aburuz, horretarako begirada itzuli beharko dugu XIX. mendearen amaiera arteko idazleengana. Haiek ederki eman zuten jausia baserritik testugintza jasora, ia aurreiritzi identitariorik gabe, hipereuskera bat sortu gabe (euskara da frantsesa eta gaztelania ez dena). Garaiko gairik garrantzitsuenetarikoak, eskakizun handikoak landu zituzten, biziki zaindu behar ziren ideiak adierazi, halako moldez non egun ere oraindik hobeto ulertzeko baititugu gure garaiko hainbat baino.

Zoritxarrez, XX. mendearen hasierako garbizaletasunak fueristak eta nazionalistak haustura handia, amildegia eragin zuten gure eta euskal tradizio literarioaren artean, eta artean ez dugu burua goititu atzera egin ditugun urratsetatik. Baldinba eldarnioak askara bota eta zentzuz jokatzen hasiko gara! Autokritika egiteko garaia heldu denez geroztik, hala biz.


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)

OHARRAK

(1) Gai honen gaineko gogoetatxo bat Senez aldizkarian (“Medikuntzako testuetako zenbait okerbide eta balizko aje” 1998ko urtarrila) argitaratu zidaten artikulu batean joan den aspaldian. Neuk ere, autokritika eginez, orduko ideiak batzuk ez nituzke oraingoan berretsiko, beste batzuk bai ordea. Hona orduan esandakoa:

Euskara idatzia, kultur komunikaziorako gaitu gabeko hizkuntza

Oraindik ez dugu lortu oztopo handirik gabe irakur daitekeen literatura. Bestela esanda, gure artean ez dago, baldintza beretan -ondo idatzitako testua eta dagokion irakurlea izanik-, testua gaztelaniaz bezain erraz edo errazago irakur dezakeenik, umeentzakoa ez bada, behintzat.

Izan ere, ia testu guztietan -edozein mota izan arren- aurkitzen ditugu bi edo hiru bider irakurri behar ditugun esaldiak; gehiegitan eten behar izaten dugu irakurketaren haria; ondoren, aurrera egiten dugu kasurik onenean, baina atzera gehienetan. Zorioneko salbuespena izateko bidean datoz Euskaldunon Egunkaria, Elhuyar eta herriko zenbait aldizkari; halere, onartu behar dugu ezen testu horiek ez dituztela munduan diren mota guztiak besarkatzen -ezta urrik eman ere-, eta testu bakoitzak bere idaztankera eskatzen duela. Horregatik, ez dute funtsezko ezer konpontzen Pello Esnalen eta Zubimendiren proposamenek eta arauek, zenbait aholku on eman arren. Euskal arimaren bila ibiltzeak, XIX. mendeko erromantikoek eta mende honen hasierako espaniar "regeneracionistek" egiten zuten erara, ez du ezertan laguntzen, zeren irtenbideak nekez aurkituko baititugu bertsolaritzan edo Oteizaren jentilbaratzetan eta huts-zuloetan; Mitxelenaren estilo sarritan korapilotsu, ilun eta bitxizalea ere ez da eredugarria, euskaltasun guztien santutegi bihurtu bazaigu ere.

Errua ezin diegu beti leporatu irakurlearen antze-faltari eta idazlearen trebetasun eskasari. Agian, bestelako arrazoiak ere egon litezke hor: funtzionatzen ez duten arauak, noizbait, hizkuntzan eta komunikazio-premietan oinarritu gabe, garai bateko euskaltzale handiren batek aberria salbatzeko emandakoak; gure euskara txikiaren egiturazko korapiloak.

Zeinahi gisaz, onartu beharko dugu ezen, euskarak testuetan behar bezain ondo funtzionatzen ez badu, alor horretan ibiltzeko moduko hizkuntza sortu ez dugulako dela.

Korapilo eta oztoparri horiek agertzen dira landako euskara bere ohiko bizi-lekutik kalera ateratzen dugunean, eta horrexek erakusten du euskararen idazketa heldu gabea dela, euskara bera txikia dela, jaioberria, atzo arratsaldekoa, koxkorra, hazi eta lumatu gabeko txoria. Euskara ez dago oraindik kultur hizkuntza izateko prestaturik.

Hizkuntzak, zeinahi izaki bezala, ez dira betiko ez betirako, ez daude eginak: erabiliz egiten ari dira. Aitzitik, erabiltzen ez direnean egin gabe geratzen dira. Euskarak erabilera jakin batzuk izan ditu, beste batzuk oso gutxitan, hobeto esanda, maiztasun eskasaz. Baserritar eta arrantzaleen euskara komunikazio mota batek sortu zuen, eta erabilpen horrek ekarri ditu mundura euskara horren lexikoa, morfologia eta sintaxia, baita estilo-ezaugarri batzuk ere.

Hortik landa ia ez da deus izan. Landako euskara handia izan zen euskaldun gehienentzat, baina txikia beste premia batzuk zituztenentzat. Arazoa ez du konpontzen sistema batean funtzionatzen duten arauak eta joerak (galdegaia-mintzagaia, perpaus arteko lotura pospositiboak) besterik gabe eremu berrian txertatzeak, zeren esparru bakoitzean funtzionatu behar duen sistemak bere betekizunak baititu: batean komunikazioa bideratzeko dena komunikazioaren kontrakoa izan daiteke beste batean.

Euskarak ez ditu garatu kultur hizkuntza izateko behar dituen tresnak, besteak beste, joskerakoak eta estilokoak, zailenak azken batez, bide luzea jorratu ondoren gorpuzten direlako.24 Villasantek esan duenez, XVIII. eta XIX. mendeko literaturak euskara kultur hizkuntza bihurtzeko lehenengo ahalegin sendoa egin zuen, baina ahaleginak huts egin zuen XX. mendearen hasierako purismoak literatura harekiko leizea zabaldun zuenean. Horren ondorioz, mende honetako testu gehienak -haien maila berekoak behintzat- nekezago irakurtzen dira.

Batasun handia egon zen gainera, Iparraldekoek eta Hegoaldekoek prosa sistema bera erabiltzen zuten-eta, mendebaleko hizkuntza landu guztiek erabili dutena, bakoitzak, zenbait xehetasunetan, bere berezitasunetara ekarririk.

Idaztankera komun hori Grezian sortu zen, eta latinak hedatu zuen. Ondoren, Mendebaleko hizkuntza guztiek, nazio eta, hortaz, kultur hizkuntza bihurtzeko jauzian, imitatu eta bereganatu zuten. Ahalegin berean saiatu ziren gure idazle zaharrak, eta aurrerapauso handiak egin zituzten komunikazioan.

Latinetik ez datozen hizkuntzek ere -ingelesak eta alemanierak esate baterako- latin eta grekoaren subordinazio eta koordinazio-sistemak onartu dituzte, bakoitzak bere berezitasunekin. Idazketa garatzeko modu horrek eraman zituen lotura prepositiboen sistema sortzera eta indartzera.

Izatez, ez da batere errentagarria esanguraren ardatzak -aditza eta esaldien arteko loturak, subordinaziokoak edo koordinaziokoak direla- atzera botatzea, zeren ezin baita horiek gabe aurrekoa ulertu, eta, habeak heltzen direnerako, aurrekoa joaten baitzaigu, buruan itsatsirik geratzeko euskarrien faltaz. Egia esan, sarritan, benetako irakurketa aditzetik, lokailutik, atzizkitik (-nean...) edo urruneko sustantibotik egiten dugu, bigarren bueltan noski, lehenengoan ez baitugu haien aurreko ia ezer ulertu eta gorde.

Iruditzen zait eragile nagusi bi izan direla euskaran behaztopa-harri horiek ez gainditzeko, eta elkar elikatzen dutela:

  • gutxi idaztea, erabilpen falta, eta
  • euskararekin antihizkuntza bat egiten lehiatzea, alegia, hizkuntza negatibo bat, ingurukoak ez bezalakoa, komunikatzeko asmoari odol-garbitasunari eusteko edo diferente izateko helburua erabat nagusiturik.

Baina landako euskararen bide batzuk komunikazioaren ekonomiaren kontrakoak badira, zer esan, bada, antihizkuntzak sustatuei buruz. Ez da harritzeko modukoa XX. mendearen aurreko literatura klasikoak bide horiek jorratzea, ez eta literatura horretan Sebero Altuberen legeek hain euskarri gutxi aurkitzea. Orobat, ez da txiripaz gertatzen ezagutzen dugun euskara mintzatuan lege horiek neurri apal batean baino ez betetzea, eta euskaraz bideratzen den ahozko komunikazioa zenbat eta konplexuagoa den hainbat eta gutxiago betetzea, harik eta erabat betezin gertatu arte.

Sebero Altubek ez zuen frogatu bere legeak euskararenak zirenik. Egin zuen lanak ez luke gaur eguneko tesina baterako ere balioko. Toki batzuetako ahozko euskararen joera batzuk hartu eta, haien testuingurutik kanpo, euskararen arau orokor bihurtu zituen, Altubek berak eta haren garaikideek bultzatu nahi zuten antierdera hezurmamitzeko egitasmoarekin bat zetozelako. Handik, interferentzia horrek baldintzatu du euskal idazketa, gaur arte gainera, euskara kultur hizkuntza bilakatzea oztopatzen duten beste eragile batzuen buruan. Eta, nahi izanez gero, nekeak hartu behar ditugu Altuberen legeak ez betetzeko, ia automatikoki betetzen baititugu gehienok.

Badira, jakina, frantsesetik eta gaztelaniatik datozen interferentziak, ezin baitugu ukatu euskara hizkuntza menderatua eta pitzatua dena. Baina euskara eraberritzera eta antzetsu egitera daroaten indar guztiak menperatzailetzat joz gero, balizko Aitorren hizkuntz zaharrarekin geratuko gara, alegia, ezerezarekin. Identitateari ikuspegi dinamiko batetik begiratzen ez badiogu, pentsatuko dugu inguruko hizkuntzen eragin gehienak kalterako direla, eta ez -batzuk bederen- ezinbestekoak eta onuragarriak. Hizkuntzaren autonomia zaindu beharretik hizkuntzaren ukaziora limurtuko gara, zeren hizkuntza komunikazioaren bitartekaria baita. Azken batez, antihizkuntzak ez du autonomiarik; ezin da bere kasa bizi, ukatzen duen hizkuntzaren -espainolaren- negatibo barregarria baino ez da.

Horregatik guztiagatik, mende honetako testuak gutxitan dira eredugarriak idazketaren oinarrizko arauak emateko. Alternatibek izen eta aditz sintagmen ardatzak aurreratzera eta elkarretaratzera jo behar dute, kontuan hartuta inguruko hizkuntzetan funtzionatzen duten bide orokorrek euskaran ere funtzionatzen dutela, nola baitira tema (galdegaia) ez dela beti hanpatzen eta hanpatzeko bide nagusietariko bat intonazioa dela eta ez kokapena.

Gauza jakina da intonazioa ez dela erraz islatzen idazketan, eta adierazi gabe ere geratzen dena gehienetan. Gaztelanian egoera bertsua dago, eta, guztiagatik ere, ez da enbarazu handirik egoten testuaren mezua antzemateko, irakurleak testu eta testuinguru osoan interpretatzen baitu perpausa. Idazle trebearen lana ideiak argi adieraztea da. Baliabide eskasekin gauzatu behar du ekintza, zeren idazketak, ahozko jardunak ez bezala, gogoeta antolatzeko aukera hobea ematen badu ere, adierazkortasunean galtzen baitu, hitzez kanpoko komunikazioaren lanabes gehienak galtzearen poderioz.

Diskurtsoaren mezua ulertzeko gune ezinbestekoak aurreratzeko bideak aurkitu behar ditugu beraz, trikimailuak asmatzen ibili gabe, idazketak bide sendoak behar ditu eta. Komunikazioa erraz bideratzeko aurrean jarri beharrekoa aurrean jarri behar dugu, besterik gabe.

Hala ere, tolesgabeak izan ez gaitezen, kontuz ibili behar dugu, gaztelaniak edo frantsesak bakarrik -eta ez komunikazioak- aurreratzeko eskatzen digutena aitzinean ez jartzeko, behar komunikatibo batzuk faltsu samarrak izan daitezkeelako.

Osakidetza eta Osasun Saileko lexiko-batzordean bideak aurkitzen saiatu gara izen-sintagmen ardatzak ahalik eta gehien aurreratzeko. Horretaz arituko naiz hurrengo atalean.

(2) Itzulpengintzak administrazio publikoan zentzuz eta hizkuntza-normalizazioaren alde izan ahal duen zereginez jardun nuen “Itzulpen-politika euskal administrazioan euskeraren erabilera normalizatzeko planetan” artikuluan (Senez, 2008ko urria). Hona hemen gai honen harira datorren pasarte bat:

Denok ondo dakigu hizkuntza insti­tuzio sozial bat dela eta gizabanakoaren mailako berezitasunak idiolekto direla, ez dialekto ez soziolekto. Beraz, atzean talde-hizkera bat ez daukan itzultzaile trebeak, maisu lana eginez, gai jakin baten gaineko idiolekto bat sortuko du, ez espezialitateko hizkera bat, eta ez die espezialistei balioko. Espezialistek sortu behar dute beren espezialitate hizkera, dagokien arloan arituz. Linguisten laguntza ere jaso dezakete hizkera horren corpusa apur bat moldatzeko, baina haiena izan behar da ekimena eta azken erabakia. Espezialisten soziolektoa hizkuntzaren profesional edo zaindariei atsegin ez bazaie, ez dago arazo batere, mundua ez baita egunero birsortzen inori gustua emateko. Robert L. Cooper-ek dioenez, hizkuntzaren funtzioak aldez aurretik aldatu ezik, nekez izango du arrakasta hizkuntzaren plangintza formalak. Beraz, erabilera lehenago eta corpusaren normalizazioa geroxeago. Hizkera teknikoaren inguruko hamaika adibidek erakusten dute baieztapen horren egia. Orobat, Cooper-en eskutik esan dezakegu profesionalek nekez ikasiko dutela hizkera jakin bat nolabaiteko probetxurik ateratzen ez badute.

Azken finean, ildo beretik ari nintzen aldizkari honetan esan nuenean euskera kultur hizkuntzekin lehiatzeko behar beste umotuta ez dagoela, hizkuntzaren profesionalen eta zaindarien ahalegin guztiengatik ere. Harako hartan, Pello Esnal eta Zubimendiren saioei balio pixka bat kenduz azpimarratu nuen, hizkuntza garatu eta funtzio berrietan baliagarri izateko, onu­ragarriagoa dela gizarte honetan zerbait esa­teko daukatenei hitza ematea euskal altxorrean bilatzen ibiltzea baino, edo hereje-ehizaren ordez gizarte-sentikortasuna sendotzea.

Zoritxarrez, Euskal Herrian, diglosia gaitzetsiz, jende gehiegi tematzen da inguruko hizkuntzen maila berean lehiatzen. Normaliza daiteke euskeraren erabilera UEMAko udalerri euskaldun txikiez kanpoko administrazioetan? Eta Unibertsitatean? Eta goi-mailako jarduera profesionaletan? Hori da Euskal hiztun-herriak gaur egun munduan eduki dezakeen tokia? Eta etorkizunean?


Roberto Manjonek erabili.eus-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus