Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Osasungoa euskaldunduko dugu

Osasungoa euskaldunduko dugu

2015-04-24 / 07:00 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Porrota umezurtza da, baina arrakastak aita asko ditu. Amarik ez. Osakidetzan hasi gara, behingoz, aurrerapausoak ematen, euskararen normalizazioan orain arte inoiz garatu ez diren neurriak ezartzen, orain gutxi pentsaezinak zirenak lortzen.

Zuzendaritzak argi eta garbi adierazi du euskararen erabilera normalizatzearen aldeko apustu sendoa egin duela. Horrela ematen du bai, eta egitateek frogatzen dute: laster euskararen zirkuituak martxan jarriko dira, arreta espezializatua euskaraz eskaintzeko ahal den heinean; pazientearen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa eta euskara lehenesteko kanpaina abiaraziko omen dute. Osabide Global aplikazio informatikoa ele bitan garatzen ari dira, eta, adibidez, Debagoienean jadanik ekografien txostenak euskaraz badauzkagu. Urtea amaitu baino lehenago, agian odol eta gernu analisien emaitzak ele bitan izango ditugu.

Zenbat traba, ordea, zenbat oztopo gainditu behar izan eta izango ditugu pausoz pauso aurrera egiteko, dela Osakidetzan edo Legebiltzarrean. Urteak beharko ditugu Eusko Jaurlaritzak euskararen legea bete dezan. AHTrako epeak zehazteko premia ikusten dute, baina osasun arreta euskaraz bermatzeko eperik ez dute ezarri nahi.

Nolanahi ere, ideologikoki normalizazioaren bidea nagusitu da, eta osasun langile eta erabiltzaile elebidunek proposaturikoa onartu dute Osakidetzako zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta baita Gasteizko Legebiltzarrean nagusi diren alderdiek ere. Gaur egun argi gertatu da kalitatezko zerbitzua bezeroen hizkuntzan eskaintzen dena dela, eta pazienteen segurtasuna kolokan egon daitekeela horrela ez bada. Orain, garrantzitsuena ez da medikua, edo mediku on bat eskura edukitzea, pazientean zentraturiko arreta baizik, eskaintza bere ezaugarrietara (hizkuntza barne) egokituz.

Baina ez da euren asmoa izan, ez dituzte inoiz ere euskaldunen beharrak kontuan hartu. Euren burua horretara behartuta ikusi dute, besterik ez. Egoerak gainezka egin die.

Lehen mailako arretan egunero darabilgun aplikazio informatikoa euskaratzea eskatu genuen, baina ez ziguten jaramonik egin, ekonomikoki bideragarria ez zelako. 2013an, odol eta gernu analisien emaitzak ele bitan eskatu genituen osasun langileok eta Bizkaiko Medikuen Elkargoak, baina ez genuen erantzunik jaso, eta oraindik zain gaude. Proba osagarriak ele bitan eskaintzea ez da izan Osakidetzako zuzendaritzaren edo Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna ez helburu, ez zeukaten gogoan. Eskatu zitzaien. Orain gutxi Zarautzen gertaturikoa gogoan daukagu, nola hiritarren oldarrak behartu dituen hara mediku euskaldun bat bidaltzera. Donostiako ospitalean pazienteek alta txostenak euskaraz eskatu dituzte, eta zuzendaritzak eskaerari aurre egin behar izan dio. Muxikan ere herritar bakar baten kexak eta udalaren babesak ekarri zuen mediku euskalduna bidaltzea.

Horrek guztiak zera irakatsi digu: gizartea mugitu behar dela, zuzendaritza mugiarazteko. Hiritarrak, erabiltzaileak. Oztopo asko dugu aurrean, eta aurrera egiteko osasungintza euskalduntzearen lehentasuna eta premia gizarteratu behar dugu.

Esan bezala, porrota umezurtza da baina garaipenak guraso asko ditu. Meritu guztia eurentzat izango da, Osakidetzako zuzendaritzarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat. Bego horrela, osasungoa euskalduntzen bada. Batetik, osasun arreta euskaraz, edonon, edonoiz, ahoz eta idatziz, maila guztietan. Baina bestetik, euskara lan hizkuntza. Lortuko dugu, denon artean posible da.

Aurreikusten da erabiltzaileek zer eskatuko duten, eta Jaurlaritzak datorkionari aurre egiteko zer egin beharko duen. Lotsarik gabe, benetan euren apustua sendoa bada. Aurten, 2015ean, odol eta gernu analisien emaitzak ele bitan eskaini beharko dituzte, behingoz. Aurten, urtea amaitu baino lehenago, erabiltzaile eta langileoi begirako sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko dute, hizkuntzak osasun laguntzan duen garrantziaz jabetzeko, eta euskara izan dadin gure lehentasunezko hizkuntza. Eta paziente guztien lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa burutuko dute. Eskaini, eta ez jendea eskatzera behartu. Irudi proben txostenak ele bitan (edo euskara betean) eskaintzen hasi beharko dira, baina ez Debagoienean bakarrik, zerbitzu-erakunde guztietan baizik. Hiritarrek hala nahi dutelako, eta gu euren beharretara eta gogobetetasunera egokitu behar garelako.

Eskaerak eskaintza dakar eta eskaintzak eskaera, eta horrek kezkatzen ditu. Estu eta larri ibiliko dira, egoerak gainezka egingo dielakoan. Baina egon lasai, zuek uste baino lehenago osasungoa euskaldunduko dugu, eta meritu guztiak zuentzat izango dira. Has zaitezte beraz, lehenbailehen.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena
  • Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-04-10ean.


Aitor Montesek erabili.eus-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus