Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaltzalemetroa

Euskaltzalemetroa

2015-04-15 / 07:00 / Erramun Osa   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Arineketan ezinean zoazenean eta helmugara iristeko tartea geratzen zaizunean, erritmoa bizkortzen saiatuz gero, helburua ez lortzea eta bide bazterrean arnasestuka gelditzea da gerta dakizukeena.

Era berean, noizean behin atzera begiratzea ere komeni da, besterik ez bada eginiko bideaz konturatzeko, azpimarratzeko, bai eta geratzen zaizuna tentuz egiteko ere. Gure herrian, ordea, eginiko bideari ez diogu hainbatetan erreparatzen, dela lotsa garelako, dela lorpenak beste batek eginiko ahaleginei esker erdietsi direnez, eginiko hautuaren porrota agerian uzten dutelako.

Gauzak horrela, sasoi batean Espainiako bandera gogoz kontra jartzera beharturiko hautetsiek espainolak zirela entzun behar izan zuten, harmailetan, eguneroko herrigintzan ari ez zirenen ahotik. Egiazko abertzaleek Estatuek ezarririkoari egin behar zioten aurre, haien bizkar hartuz etor zitekeen guztia, ustezko abertzaleak jazotzen ari zena epaitzera mugatzen ziren bitartean. Denborarekin, aldiz, Udal guztiek, sasoi batean harmailetan zeudenek gobernaturikoak barne direla, halabeharrez ditxosozko bandera jarri dute, ingurukoek espainoltzat hartu eta erreboltarik antolatu ez dutela. Sasoi batean esandakoa egitea zuten, ondorioak lepoan hartuz! Beste horrenbeste esan liteke herri honen gehiengoak autogobernu-erakundeak erdietsiz gero, eginiko aurrerabidea baloratzen denean. Batzuentzat dena da eskas, bide horretan bidaideak izan ez diren arren eta haien ekarpenek beltzez margotu dituztenean Euskal Herriko kaleak.

Hizkuntza, euskara kontuetan ere beste horrenbeste gertatu da. Zorionez pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan euskararen egoera eta egungoa ez dira bera. Nolanahi ere, euskararen aurrerabidea nahi ez dutenen aburuz, gehiegi egin da... eta beste batzuen iritziz, ordea, gutxiegi. Azken hauek diote bizkorrago joatea komeni dela, euskal gizarteak erritmo bizi horri ekiteko moduan dagoen kontuan hartu gabe.

Inguruabar horretan kokatzen da Bildu deiturikoak Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak direla-eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu berri duen proposamena. Ekimenak duela bi legealdi Ibarretxe lehendakaria buru zuen gobernuak onarturiko dekretuaren zenbait atal hitzez hitz kopiatu eta Lege-proposamen gisa aurkeztu ditu, sakoneko esangura itxuraldatuz; 2008ko 123/2008 Dekretua, bai eta 2003an onartutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua indarrean jarraitzen dutela ahazten du; gure errealitate soziolinguistiko askotarikoa alboratzen, betebeharrak luze-zabal ezartzen eta euskarak aurrera egin ahal izateko makulu eragingarria izan den progresibotasun printzipioa ezerezean uzten du... eta amaitzeko, zehazpen-erregimen bat ezartzen du, bizi dugun errealitatetik erabat aldenduta, tokiz kanpo dagoena.

Ez baita euskaltzaleagoa handikeriazko menturetan murgiltzen, euskara gatazka-leku bihurtzen saiatzen dena, baizik euskarari iraupena eta hazkuntza segurtatzeko asmoz, eguneroko lanean diharduena.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA euskaltzain urgazlea da)

  • Estreinakoz, Deia egunkarian argitaratua, 2015-04-07an.

Inprimatu


Erantzun

 
Antzeko kezka Nafarroarekin
2015-04-15 / 08:13 / Fermin Zabaltza

Nik antzeko kezka dut Nafarroarekin. Nafarroan gauzak aldatzen badira, eta euskaltzaleok sobera azkar joan nahi badugu, ez ote dugu kontrako erreakzioa sortuko, eta are atzerago egin?

 
Hau jakinmina...
2015-04-16 / 22:47 / JJ Agirre

Zalantza barik, zein abiaduratan (eta nora) joan erabakitzea, ugazabei uztea da onena. Espainiar eta frantziar Estatuek eramango gaituzte bide zuzenetik, inor ez nekatzeko moduan: un pasito palante, Maritxu, un pasito patrás... . Andrés, Oyarzabal, Urquijo, Mendya, López, Unzalu, Barcina, Iribas... sekulako alineaziyua egin liteke españolak euskaldunen erasoetatik salbu uzteko ardura duten politikari "ez nazionalistekin".

Gehiago kostatzen zait, espainiarren eta frantsesen erasoetatik babestuko gaituzten politikari euskaltzaleen "alineaziyua" osatzea. . Portzierto, nor da "abiadura egokia" ezartzeko formula zehatzaren jabe?

Hau jakinmina...


(JONJO AGIRRE MARTINEZ Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus