Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lekukoaren distira

Lekukoaren distira

2015-03-18 / 07:00 / Erramun Osa   KULTURA

Anai-arrebak, entzun ene aho-hotsa; izaite bat ezin daiteke hezur hutsez osa; herria da gorputza eta hizkuntza bihotza; bertzetik bereiztean bitarik bakoitza, izaite horrentzat ziurra da hil hotza. Urepelen jaiotako Xalbador bertsolariak utziriko testigantzak azpimarratu zigun herri bezala iraun, bizi, agertu nahi badugu, munduan gure hizkuntzari eta izanari eusteak daukan garrantzia... zailtasunen gainetik, hiztun eta baliabide ugariagoak dituzten, indar handiagoa dutenen artean urtu eta desagertu gabe.

Ez gaitezen lotsatu gure aurrekoen aho-ezpainetatik jaso genuena biziarazten saiatzen garen bakoitzean, nonahi darabilgunean, haiei egiten baitiegu gorazarre, bidenabar kateak segida duela eta izango duela azpimarratuz. Otoi, ez ditzagun traizionatu!

Ez dezagun euskararen aldeko jarduna, indarberritzearen aldeko ahalegina irabazitzako dematzat hartu, arian-arian, etenik gabe egin behar baitugu haren alde burua jasoko badugu, geroz eta normalagoa eta ohikoagoa bihurtuko badugu nonahi. Ahal dugulako, dezakegulako diot.

Badezakegu euskara gure eguneroko bizitzan are gehiago txertatzea eta noranahikoagoa bilakatzea. Gure esku baitago, sasi guztien gainetik zein azpitik, espazioak eta jendea irabaztea, gure hizkuntza lurralde askea, lankidetzarako eremu gotorra eta leiala bilakatzea... bai badezakegu elkarri eskua ematea, aurreiritziak baztertuta, ezinikusiak astinduta. Denon beharra dagoelako... dugulako, etorkizuna irabazteko aukeraren bat izango badugu.

Lekuko bat doa eskuz esku, herriz herri, pertsonak eta euskal lurraldeak batzen dituela... eta batasun hori behar dugu atxiki, goretsi, iritziak eta jatorriak gorabehera! Horiek horrela, gutariko bakoitzak pentsatu beharko du zer egin, zein ekarpen egin dezakeen euskararen aldeko mezua helmugara iritsi dadin... ez Bilbora bakarrik, herritar bakoitzaren bihotzera baizik. Denok egin dezakegu egiten duguna baino gehiago gure hizkuntzaren alde, inoren esku eta bizkar denonak diren erantzukizunak laga gabe.

Korrika, aldarria dator eta aldartea behar da umeekin, gazteekin eta nagusiekin, elkarte eta askotariko erakundeekin txirikordak egiteko... eta ibilbidean zehar norbaitek beste iritzi batekoak garelako, euskararen alde ari garelako edo zeinahi aitzakia tarteko txistua jotzen badigu, iraintzen bagaitu, adierazi diezaiogun euskararen alde azaltzeagatik pozten ez denari, bere frustrazioen eta ezinikusiaren errua guk ez daukagula, eta, txistuak jo arren, maite dugula oraindik. Hala biz!


(ERRAMUN OSA IBARLOZA euskaltzain urgazlea da)

  • Estreinakoz, Deia egunkarian argitaratua, 2015-03-17an.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus