Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Osakidetzan euskara aurreratu beharrean

Osakidetzan euskara aurreratu beharrean

2015-03-17 / 07:00 / EH Bildu euskara   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Iritzi artikulu luzea opatu digu Jon Darponek oraintsu, EAEn osasun zerbitzuen erabiltzaile garenoi zer pentsatu ematen diguna. Tira, ez diogu ukatuko Darponi bi gauza: bat, Osakidetza orain arte hiru hamarkada luzez egin gabeko urratsak egiten ari dela, denok nahi genukeen baino motelago eta zatikatuago ari den arren. Eta bigarren, egin beharren luze-zabala ere ukaezina dela. Baina orain arte Osakidetzak izan duen hizkuntza planteamendu eskasa izanda, ez da gauza handirik behar aldaketa nabarmentzeko.

Pertsonak dituela helburu dio Darponek (edozein herri administraziok izan behar duen bezala, bestalde), eta hori kontuan izanda, herritarren beharrak ezagutzea du ezinbesteko abiapuntua. Hori dela eta, langileen zein pazienteen hizkuntza lehenetsia ezagutu beharko luke. Eta batzuena zein besteena bideratzeko tresnak badira: behingoz gure medikuaren pantailan agertzen da euskaldunak garela eta zerbitzua euskaraz erreklamatzen dugula adierazten duen “e” urdin hori, eta langileek badute beraien hizkuntza lehenetsia zehazteko bidea. Dena den, Osakidetzako langileei dagokienean, larrialdietako langileek baino ez dute aukera hori egikaritzeko bidearen berri, EH Bilduk Legebiltzarrean gainontzeko langileei ere zabaltzeko eskatu zuen arren. Pazienteei dagokigunean printzipioz alta eta lekualdaketa kasuetara mugatuko da, norberak bere kabuz eskatu ezean. Baina bada horretarako agiria, pazienteen arreta zerbitzuan gordeta dagoena, eta ahalik eta gehienok, ahalik eta arinen eskatu eta bete beharko genukeena. Hori bete eta eskaera horri dagozkion zerbitzuak euskaraz bermatu arte, ez dago unibertsaltasunik, ez elkartasunik ezta ekitaterik ere, bistan da, tartean EAEko euskaldun guztiok espainola baitugu hizkuntza lehenetsia, “defektuz”, jakina.

Arreta euskaraz ematea kalitatearen seinale, bai horixe, kalitatearen, hurbiltasunaren eta enpatiaren seinale, ados. Eta horren ondorioz euskarari berari, euskararen osasunari mesede, argi dago. Eta horrela ez denetan alderantziz, jakina, kalitate ezaren, urruntasunaren eta enpatia ezaren seinale, ezta? Kontuak atera bada zer dakarren zuek zeuok lehenetsitako gune eta zerbitzuetan ematen denak: zenbat udalerri euskaldunetan falta den oraindik pediatra euskalduna (UEMAko hainbat); Igorren (Arratia euskalduneko buru) duela hile parea osagarri bidalitako pediatra erdaldunak ia umeak ORAINDIK gaztelaniaz ez dakien batere lotsa gabe galdezka, berak euskara ikasteko (bere lanbidea kalitatez garatu ahal izateko) umeak zuena baino denbora gutxiago beharko lukeen arren, odol eta gernu analisien emaitzak espainol hutsez datoz oraindik (enpresa pribatuek aspaldi euskara betean ematen dituzten arren), legea urratuz, edozein agiri administratibo elebitan etorri beharko litzateke eta, herritarrak bietako bat espreski eskatu ezean, hori ere “defektuz”;.... Horixe bada, kontuak atera zein kalitate, hurbiltasun eta enpatia ematen digun horrek, eta zein mesedegarria den euskararen eta hainbat aldiz euskaraz artatua izatea eskatu duen gaixo euskaldun gaixoarentzat.

Progresibitatearen eta lehentasunen bidetik (jakina, inork ez dizu eskatuko hiru hamarkadako utzikeria eta bazterkeria hiru urtean konpontzea), hortxe duzue lehentasun gune izan beharko zenituzkeenetan (eta dituzuenetan, antza) ematen direnen adibide batzuk. Has zaitezte norberaren hizkuntza lehenetsia era zabalean eta errazean bideratzen, horrek emango dizuelako lehentasunaren luze-zabalaren lehen neurria, eta babes itzazue bereziki mendekotasun egoeran direnak: adimen urrikoak, gure nagusiak, osasun mentaleko pazienteak eta batez ere, gune euskaldunenetako umeak, mesedez, horien osasunak, autoestimuak eta inguruaren pertzepzioak eskertuko dizuete, geuk ere.

(PILI ROBLES BARAINKA, JOSU LARREA ELORRIAGA, IŃAKI IRAZABALBEITIA FERNANDEZ, MIREIA ARGINZONIZ GARITAONAINDIA EH Bilduko euskara lan taldearen izenean)

Gai honi buruz Erabili.eus-en argitaratutako azken artikuluak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus