Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Elurretan aingerutxoa

Elurretan aingerutxoa

2015-03-11 / 07:00 / Juan Karlos Merino   KULTURA

Eztabaida berria ez denez, gutxitan izaten ez denez, oraingoz buelta bat gehiago eman nahi izan diot nik betiko azkoinari, betiko hari amaigabeko torloju inguruan; hortaz, itaun faltsu horri erantzun ilun-argi batez ihardetsi, irakurri gogoeta batzuen kariaz egunetan izan dugun elurretan urtu asmoz. Literatur kritika kanoniko ezak, betidanik ez irakurrita, zer-nolako ekarpena egin duen Euskal Literaturan, horra galdera ez galdera betiko erantzungabea!

Elurrak dena zuritzen duen ustea ustela da. Paperak denari eusten dio; eta ahotsak ez, ala? Euskaraz literatura egiten saiatu izan garen eta saiatzen garenon kasuan elurrak mara-mara dirau, betiko bideak bezala; halabeharrezkoagoak eta, dudarik gabe, desatseginagoak, bide berriak edo berri bideak ere hasiberrientzat, ohiko kanaleko kritikatzaileari galdetu behar izaten diotenez ea Urlia ona den, merezi duen, eta Berendia duten hurrengo Euskadi sarirako ore.

Gero, edo aitzin, ikusiko dugu Sautrelako Letren Errepublika faltsuan elkarrizketa bitartez idazlea salbatuko ote den, eleberri-ale horietako bat kritikaren patu petraletik aterpe hartuko duen, eta, bidenabar, halako ofizialtasuna emanez, besteak beste, 111 Akademiak argitaratu zutabean lana-izenburua sinatu den idatzigabeko ituna.

Nondik gatozen, hori gara, hori izango gara. Elurra bezain zaharra da euskal kritika literarioa, ahozkoa baita, zerutik etorria, Statu quo-aren jabea bezain gupidagabea. Idazle berri zein zahar batzuen ahotik aurkezpen-ideia izan eta nozitu ere irozo dut, autu-estimuaren teilatua pisuak jota hautsi arte.

Minak horrela, zimikotxoa eta kakagura eragiten didate hemen kritikarik ez dagoelako hitzek, non eta gure artean, kritika instituzionalizatu eta Inkisizio bilakatu denean. Hemen batzuetan lanek ez dute argia ikusiko inoiz zenbaiten pitokeriagatik, bekaitzak jota bestetan eta literatur ustelkeria koipetsuagatik gehienetan.

Sasikumez beterik dago euskal literatura, perretxikoak bezala ustelkerian haziak, putreak bezala diru-laguntzen inguruan, benetako kultur-zorriak. Bitartean, zenbait lanetan, egilea sutan erre eta errautsen gainean egin dute txiza, sekula ezer onik idatzi gabeko kritikari horiek, eta mina ematen dit, behin eta berriz, hori, bolaluma-lan berri hori, justu, hainbeste ordu eta buruhausteko jardunaren ondoren, Inkisizioaren atzaparretan erortzeak, Hegoaldeko euskal literaturako kastakoen eskuetan erortzeak. Mundua ez baita ezer aldatu, argitaletxeek azkar asko ikasi zuten besteen iraizkina inportatzen, besteen kaka esplikatzen.

Etsipena etortzen zait eztarrian gora, geure buruen kontra zein abilak garen jabetze hutsarekin: idazle bidean lagundu ordez, gorrotoz eta inbidiaz literatura-lanak epaitu, ahoz, taberna erdian, zurruteroen begi-belarrien aurrean, egilearen lotsa, auto-kulpa eta ezgauza eta miseria eragiteko baino, benetako fusilamendua euskaldun batentzat. Zer ostiatan ari ote dira sasi-editore, sasi-katedradun potroso, idazle zapuztu, kritikagile tunante horiek guztiak Inkisizioaren iraupena bermatzen ez bada, euren egoa eta negozioak Euskal Literaturan eta Durangoko Azoka nartzisistan, gabonetako arbola gisan, urrezko hitzez beren izenak ikusteko ez bada?

Inkisizioaren bihotzean ez dago ezer, ez euskalduntasunik, ez ezer, inguruko izarren argia eta materia haien erdigunerantz xurgatzea baino ez, kosmoseko zulo beltzek bezala. Inkisizioaren bihotzean zapaldutako obrak eta idazleak ez dira argitaratuko inoiz, bihotz beltz hori existitzen den bitartean.

Zorrotz egindako hausnarketak behar dira, borreroak salatu, mamuak biluzi eta ahozko kritika erauzi paperetara, kritika bera aztergai aratza izateko, eta garbi ikusteko, akaberan, geure benetako koordenatuak zein diren jakiteko, alde batetik, eta bestetik, nondik jaurti, zeinen laguntzaz, noren kontra eta zelan zehazten diren kritika usteldu betiereko horiek. Gerran gaude, jo eta su, botere gehiegikeriaren munstroek (poesia irakurtzen duten munstroek) gobernatzen dute Letren Errepublika, eta haien begikoa izatea da euskal idazlearen estrategia bakana. Galbahetik pasatu nahi ez duenak larrutik ordainduko du. Zapalduen herrian, etxekoa da baztertuena; hori ez beste guztia zaigu falta, eta elurretan aingerutxoa.


(JUAN KARLOS MERINO idazlea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus