Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kopla berria, santageda-eskerako jarria

Kopla berria, santageda-eskerako jarria

2015-02-03 / 07:00 / Joxe Ramon Zubimendi   KULTURA

Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua duguna.

Kopla-kantari jendea, etxez etxe, Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, eskuan makila hartuta, makilaz lur-joka eta, kantua amaitzean, Eup! oihuka.

Makilaz lur-joka eta eupadaka? Zer dela eta? Alegia, zer dela eta egun horretan bakarrik kantatzen da makilaz lur-joka eta eupadaka? -galdetzen nion neure buruari, eta hona zer bururatu zaidan santa-eskean ibiliko diren kopla-kantariei azaltzeko:

Inoren etxean ate-joka jardun eta, diosala egiteko, ohikoa da Eup! hitza erabiltzea: Eup! Bizi al zarete? Santa Ageda bezperan, ordea, makilaz lur-joka jarduten da; beraz, lurrari esango balitzaio bezala Eup! Bizi al zara? Izan ere, neguaren erdi-erdia izaki, eta lurra "lo" dago, eta lurra "esnatzeko" kantatzen da makilaz lur-joka eta eupadaka («dando voces de alegría, de ánimo»). Izan ere, lurra "esnatzen" ez bada, ez dator udaberria, eta ez badator udaberria... akabo bizia!

Neguaren erdi-erdian egokitzen da, bai, Santa Ageda bezpera, eta Santa Ageda bezperagoan, San Blas, eta bezperagoaren bezperan, otsailaren 2an, Kandelario eguna, beti ere neguaren luze-laburra iragartzen duena esaera zaharretan: Kandelaria bero, negua gero; kandelaria hotz, negua motz. Kandelario, elurra dario. Kandelarioz elurra, joan da neguaren beldurra. Kandelarioz euria, laster da udaberria.

Kandelario eguneko eguraldiaz gainera, hartza zen, garai bateko Euskal Herrian, neguaren luze-laburra iragartzen zuena; izan ere, hartzak ere jakin egin nahi udaberria bazetorren ala ez, eta otsailean (Kandelario egunean edo) irteten zen leize-zuloko lozorrotik, aspaldiko euskal idazle ezezagunak argitaratutako esaera zaharretan ere ageri denez: «Otsailean urteiten daroa arzak lezerean». RS 368 (Refranes y sentencias comunes en Bascuence, Iruñea, 1596). Hartza, Euskal Herrian, neguaren luze-laburraren iragarle; eta Ipar Amerikan muxar antzeko marmota bat daukate horretarako, zinemak erakutsi digunez.

Kandelario eguna, jakina, kandelak eta bildumenak pizteko eguna da; hain zuzen ere, argizari-argi txiki horiekin amandre Eguzkiari lagundu nahirik bezala negu iluna menperatzen, udaberria erakartzeko eta, udaberriarekin batera, bizia ekartzeko. Horiexek dira, beraz, santa-eskean kopla-kantari ateratzen direnei azaldu nahi nizkienak, eta ohitura zahar bikain horren esanahia jakin dezaten asmatu dut ondorengo

Kopla berria, santageda-eskerako jarria
Hartza atera da lozorrotik:
«Negua pasatu al da?».
Kandelak luzatu du eguna;
elurretan, beharbada.
Ama Lurra udaberritzeko,
kantu eta makilkada;
lurra ta kukua esnatzeko,
egin dezagun eupada.

Kukuarena azaldu beharrik ez dago, noski, euskal kulturan jakina baita udaberriaren etorrerarekin batera hasten dela kantari kukua, martxoaren 25ean. Eta otsailaren 3an, Kandelario biharamunean, San Blas eguna: San Blas, ito arte arnas dio euskal esaera zaharrak, eztarriko osasuna santu horren ardurapean zegoela gogorarazteko. Ez da harritzekoa, hortaz, kopla zaharrean «eztarriz sano gabiltza» kantatzea ere, Santa Ageda bezperagoko sanblas-opil ospetsuak horretarako jaten baitira: alegia, eztarriko minik ez izateko.

Kantatu, beraz, gogoz, lurra esnatzeko eta udaberria erakartzeko.

Zorion, etxe hontako denoi,
oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz;
baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi dugu gogoz.

Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua duguna.
Santa maitea gaur hartu dugu
gure bideko laguna,
haren laguntzaz bete gen(e)zake
egun hontako jarduna.

Hartza atera da lozorrotik:
«Negua pasatu al da?».
Kandelak luzatu du eguna;
elurretan, beharbada.
Ama Lurra udaberritzeko,
kantu eta makilkada;
lurra ta kukua esnatzeko,
egin dezagun eupada.
Eup!

(JOXE RAMON ZUBIMENDI IMAZ Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordekidea da)

  • Ertreinakoz Plaza Berri agerkarian argitaratua, 2015-02-02an.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus