Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lanari euskaraz ekiteko bide-orria

Lanari euskaraz ekiteko bide-orria

2015-02-02 / 07:00 / Edune Bilbao -IMH-   IRAKASKUNTZA

2014ko urriaren 2an, 30+10 Mintegia burutu zen, 9. urtez jarraian, Elgoibarko Makina-erremintaren institutuan (IMH). Bertan, 120 pertsona inguru elkartu ziren, Gehitu izeneko ikerketaren emaitzak entzun eta Lanbide Heziketako (hemendik aurrera LH) ikasleek Lantokiko Prestakuntza modulua (hemendik aurrera LP) euskaraz egin ahal izateko neurriak aztertzeko. Haien artean izan genituen, gai honetan zeresana duten eragile nagusien ordezkariak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta bestelako herri-erakundeak, Hezkuntza saila eta Lanbide Heziketako Sailburuordetza, Berritzeguneak, ikastetxeak, enpresak eta enpresa elkarteak, hizkuntza-aholkularitzak, sindikatuak, alderdi politikoak… Dokumentu honek publiko egin nahi ditu bertan jasotako ideiarik garrantzitsuenak, eta aurrera egiteko bide-orrirako ideia nagusiak proposatu.

Gazte askok lanarekin duten lehen harremana ikasle garaitan izaten da: praktikak egiten dituztenean. LHko ikasleen kasuan, LP modulua gauzatzean. Modulu hori egitea derrigorrekoa da, ikastetxean garatutako prestakuntza-prozesuetan ikasleek bereganatu dituzten ezagupen, trebetasun eta jarrerak eguneroko praktikan erabiltzeko ezinbestekoa. Beraz, euskaraz egin beharrekoa, D ereduko ikasleen kasuan behintzat.

Errealitateak, aldiz, hori ez dela beti hala izaten erakusten digu. IMH, Laneki eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, egin duten Gehitu ikerketak agerian utzi du Gipuzkoan 10 ikasletatik 8 gai direla euskaraz lan egiteko, 6k hala egin nahiko luketela eta 4k egiten dituztela praktikak euskaraz. Izan ere, Ikaslan, Hetel, Izea-Aice eta Ikastolen Elkarteko 39 ikastetxetako 1.457 ikaslek emandako erantzunen arabera, D ereduko 747 ikasletatik 289k gaztelaniaz nagusiki egin dituzte praktikak. 3 instruktoretatik 2 euskaraz aritzeko gai badira ere (1.014, instruktoreen %69,5), kasu batzuetan, euskara ez zekiten instruktoreak egokitu zaizkie, eta, beste kasu batzuetan, euskal hiztuna izanik ere, gaztelaniaz egin dute (197 kasu, instruktore euskaldunen %19,4).

Argi da, neurri batean, eragileek haien kasa (Oarsoaldea, Buruntzaldea, Elgoibarko Udala…), aurrerapauso garrantzitsuak eman badituzte ere, ikasleen prestakuntzan horrenbesteko garrantzia duen atal honetan, hutsune garrantzitsuegiak ematen ari direla, eta ezin zaiola denbora gehiagoz iskin egin gaiari.

Hori dela eta, 30+10 Mintegira etorritakoak taldeka jarri (8 lan talde eratu genituen) eta eragile-taldearen araberako eginbeharrekoak proposatzea eskatu zitzaien. 300 proposamen inguru jaso ziren. Jarraian dugu han bildutakoaren laburpena, eragilez eragile.

Proposamenak:

Eusko Jaurlaritzari:

  • 1. Arautu eta sistematizatu. Lanbide Heziketako zikloen Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko modua arautzen duen 156/2003 dekretuan hizkuntza irizpideak txertatu. LH ikasketak D ereduan egin dituzten ikasleek LP euskaraz egin behar dutela xedatu, jarraipen sistematikoa egin eta araudia betearazi. Hori gauzatzen laguntzeko, ikastetxeak elkartu garapen mailaren arabera eta LP euskaraz egitea sistematizatzeko egitasmoa jarri martxan.
  • 2. Eredugarri, koherente eta koordinatuta aritu. Jaurlaritzak eta enpresa publikoek eredugarri jokatu. Langileak kontratatzeko erabiltzen dituzten hizkuntza irizpideei jarraituz, ikasle elebidunak hartu praktikak egiteko, dokumentazioa euskaraz bete… Sailen arteko koordinazioa: irizpideak bateratu Hezkuntza, Enplegu eta Gizarte Gaietako, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailen artean.
  • 3. Sustatu. Pertzepzio berri bat zabaltzen lagundu eragileengan. Baliabideak jarri kontzientziazio hitzaldiak emateko ikastetxeetan, irakasle, tutore eta LP arduradunei; eta, enpresetan, instruktore eta Giza baliabideetako langileei.
  • 4. Errekonozimendua eta pizgarriak eskaini. Errekonozimendua enpresa eta ikasleak prestigiatzeko. Sariak, diru-laguntza lerroak eta baliabideak eskaini enpresei ikasleak praktikak euskaraz egiteko presta daitezen: LanHitz programan txertatu, lerro berriak ireki, dokumentu ereduak eskaini...

Ikastetxeei:

  • 5. Helburua finkatu eta eredugarri jokatu. Ikastetxeko hizkuntza proiektuan LP-ren txertaketa eta helburuen finkatze zehatza egitea. Lagungarri litzateke LP arduraduna normalkuntza batzordeko kidea izatea, ikastetxeko langile guztiak euskara erabiltzea hizkuntza nagusi bezala eta abar.
  • 6. Sistematizatu. Enpresen hizkuntza-egoera ezagutu eta eskaera bideratu instruktorea euskalduna izateko. Hitzarmenetan praktikak euskaraz izango direla jaso eta ikastetxe-enpresa arteko harremana euskaraz izatea sustatu (tutoreen bilerak, dokumentuak, harremanak...). LP euskaraz egiteko aukera eskaintzen dutenen zerrenda osatu, eta kontuan izan ikasleak banatzerako orduan.

Enpresei eta Enpresa-elkarteei:

  • 7. Enpresak gaiarekiko sentiberatu. Euskara plana duten enpresetan gaia txertatu. Gainontzekoentzat, euskara sustatzeko kanpaina periodikoak egin bazkideen artean, enpresek duten erantzukizunaz jabetzeko, eta, hezkuntzarekin elkarlanean, baldintzak sortzeko protokolo bat definitu. LP-z baliatzeko, enpresek gutxieneko hizkuntza irizpide komunak zaintzea. Enpresa elkarteko aholku-gidetan gaia txertatu eta garatzeko tresnak eskaini enpresei.
  • 8. Aukera bermatu eta eskaini. Protokoloa martxan jarri: instruktore euskaldunak lehenetsi, ikasleari harrera euskaraz egin eta hizkuntza kudeaketari buruz duten jarrera azaldu, tutorearekin bilerak euskaraz egin, paisaia linguistikoa eta dokumenturik erabilienak euskaratu, lan zirkuitu euskaldunak zehaztu...

Berritzeguneei:

  • 9. Koordinazioa eta zubi-lana egin. Berritzegunea eta Laneki norabide berdinean jarri. Ikastetxeen eta eskualdeen arteko elkarlana sustatu. Ulibarri programan LP-ri dagokion tokia egin."LP euskaraz" proiektuak euren agendetan sartu, foroa sortu, sistematizatu eta jarraipena egiteko. Lanbide Heziketarako ikastetxeen arteko berariazko mintegia antolatu, praktika onak dituzten Lanbide Heziketako ikastetxeak atzeman (baita nazioarteko esperientzietatik ere) eta horren berri eman. Hizkuntza normalizazioko teknikariei ez ezik, baita LP arduradunei eta LOP irakasleei ere aholkularitza eman. Sentiberatzeko hitzaldiak sustatu.

Erakunde publikoei (Aldundi, Udal eta Garapen agentziei):

  • 10. Eredugarritasuna. Erakunde publikoetan egiten diren praktikak euskaraz egitea.
  • 11. Babesa eta sustapena. Babesa eta prestigiatze lana, bai ikastetxeetan, bai enpresetan. Sareak eratu udalak + garapen agentziak + ikastetxeak + lantegiak, euskara planak eta laguntzak bultzatzeko eta jarraipena egiteko. Elkarlana eta konpromisoa sustatu.
  • 12. Saritzeko bideak jarri. Enpresei hobariak, praktika onei sariak edota behar diren hobekuntzak egiteko laguntzak eskaini LP euskaraz eskaintzen duten enpresei.

Besteei (Sindikatuak, Alderdi politikoak…):

  • 13. Baliabideak eta zaintza. Programetan sartu lanaren euskalduntzea. Sindikatuek enpresa hitzarmenetan landu eta alderdiek adostasuna lortu baliabideak bermatzeko. Zaindu Administrazioek eredugarri jardutea, eskubideak eta legea bermatzeko, eta hartutako konpromisoak betetzeko.

Amaitzeko, gure esker ona 30+10 mintegian eta Gehitu proiektuan parte hartu duten guztiei, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Elgoibarko Udalari, ikastetxeetako LP eta Hizkuntza Normalkuntzako koordinatzaileei, hizlari aritu direnei eta mintegiko partaide guztiei.


(EDURNE BILBAO MAIZA Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuaren (IMH) komunikazio arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus