Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Pablo Iglesias, hizkuntzak , subiranotasuna

Pablo Iglesias, hizkuntzak , subiranotasuna

2015-01-26 / 07:00 / Roberto Manjon Loyoza   BESTELAKOAK

Berriki Aitor Montesek argitaratutako artikuluaren kariaz (Plablo Iglesiasi gutun irekia) burura ostera ere etorri zait sarritan kexu garela, ezen euskara, Euskal Herria, abertzaleak eta enparauak direla bide Espainian informazioa manipulatzen baita, batez ere esandakoak bere testuingurutik ateraz eta ez dagokion beste batean berriro interpretatuz. Manipulazio hauek maiz ez dira kontzienteak, ezpada izaten dugun ura gure etxera ekartzeko gogo itsuagatik, nahiz gorrotoagatik nahiz gure ideiak sustatzeko asmo sutsuagatik. Hala, alderantziz ere, geuk ere horrela jokatzen bide dugu, Aitor Montesen artikulu hori adibide.

Hala, Aitorrek aipatutako Pablo Iglesiasen adierazpenak bere testuingurutik aterata daude, nahi gabe seguruenik, testuinguru politiko oso estu batean esanak baitira. Horregatik, hortik ondorioztatzen du hark txikiesten duela hizkuntzaren garrantzia osasungintzan, baina testua adi irakurrita, Aitorren interpretazioa arinkeria huts bat da. Gaia, ordea, Kataluniaren arazo politikoa da. Eta testuinguru politikoari ez ezik, halaber arretaz begiratu behar zaio gatazka politiko horren ohiko bilgarri sinbolikoari: hizkuntza katalana. Kataluniak Espainian eragiten duen urduritasuna eta herra, agian mingarriena, sinbolikoki, katalanaren erabilera da, berton ere izaten den legez; horregatik, Pablo Iglesias, kazetari baten itaun makurrari ihardetsiz, ustekabean, metonimia bat egiten du, eta itxuraz harira etorri gabe, hizkuntza ateratzen du plazara.

Izan ere, kazetariak, Iglesias harrapatu nahirik (El País, 2015-1-18), Kataluniaren independentziari buruz, itauntzen dio, eta Iglesiasek ihardesten du Espainian prozesu konstituzio-egile bat burutu behar dela, non soberaniaren gaia ebatzi behar den, kataluniarrek nahi dutenari bidea emanez. Jakina da Espainian prozesu konstituzio-egilerik ez dela inoiz egon, Francoren ondoko trantsizioan ebatsi egin zela. Ulertu dezagun subiranotasuna prozesu konstituzio-egile baten amaieran hezurmamitzen da, ez hasieran, eta beraz, prozesuko partaideak subiranoak direla prozesuak diraun artean; handik aterako da herrialde bat konfederazioan, federazioan sartuko den edo independente geratuko den. Beraz, Iglesiasek, Kataluniaren prozesu konstituzio-egilearen alde dihardu. Hizkuntzaren gaia, katalanen eskubide politikoen gaia da, prozesu horretan zehaztu behar luketena, eta Iglesias ez da sartzen, noski, baina errespetatzen du. Ez da gutxi, nik uste. Arestian esan dudan bezala, Iglesiasek badaki Kataluniaren gaia, hein handi batean, hizkuntzarena dela espainiar gehienentzat, eta horregatik aipatzen du hizkuntza. Euskadi balitz hizpide, nago ez lukeela bere kabuz aterako. Hona hemen haren erantzuna, politikoki irakurrita, nire interpretazioz: bego prozesu konstituzio-egile bat, eta ikusiko da kataluniarrek zer nahi duten eta subiranotasun osoa eskuratzen duten edo partekatua nahi duten; hizkuntzaren gaiaz den bezainbatean, nik bakarrik daukat esateko osasungintza unibertsal eta ona nahi dugula. Erreparatu behar zaio, gaur ez bezala, gaztelania ez duela jartzen beste hizkuntza nazionalen gainetik, guztiz parean baizik.

Hori da dena, eta ez zaio azpitik gehiago bilatu behar, Aitor Montesek egiten duen bezala. Geroxeago irakurriko duzunez, hori diodanean nire xedea ez da Pablo Iglesias edo Podemosi laguntzea. Gainera, ez dakit Podemosen hizkuntza-politika zein den, ez eta horrelakorik duen ere. Nolanahi ere den, batek daki Podemosek, gobernuan ibiliz gero, hiztun-herri ahulekin zer egingo duen; inoiz hori jazotzen bada, abagunea izango dugu ikusteko, eta orobat prozesu konstituzio-egile benetako bat bultzatzen duen edo golkoan ahaztuta geratzen zaion. Gogora dezagun frankismoko PSOEk herrien autodeterminazioa aldarrikatzen zuela, eta halaber, benetan eragiteko aukera eduki bezain laster hamalau giltzarrapopean lurperatu zuela. Jakina da munduko alderdi sozialista guztien bereizgarri bat oportunismoa dela, II.Internazionaletik bertatik, non lehenengo mundu-gerlaren aurrean estatu bakoitzeko alderdi sozialistak bere estatuaren nazionalismoarekin bat egin zuen, internazionalismo kutuna ezpondatik behera jaurtia. Podemosek, ziur aski, ez du marka hori onduko, ezta berdinduko ere, bestalde, zinez zaila dena, sozialistok langa oso gora jarri dutenez geroztik.

Une honetan, Podemosen hizkuntza-politika argitu gabeari baino kezkagarriago deritzot euskaldunon eskubide historikoen gaineko jarrerari, ezen espainiar konstituzioa berrikusteko hautua mahairatzen den bakoitzean, gure oinarrizko eskubideak, historikoak alegia, arriskuan baitira. Ohartu gaitezen, eskubide historikoak, historikoak direnez, ez daudela, kontzeptualki, espainiar borondate subiranoaren mendean, eta hori jasangaitz zaie espainiarrei. Eta Podemosi? Dakidana da haien aldarrikapen nagusien zerrendan diputazioen desagertzea dagoela, ñabardurarik gabe, hots, baita gure foru-aldundiak ere. Baina gure foru-aldundiak, eskubide historikoen ondorio zuzena izanik, gure subiranotasunaren habea dira, gure demokrazia aurre-konstituzoinalarena izan ziren era berean. Hau da Podemos dela-eta orain ditugun hodei iluntxoetatik nagusi bat, eta ez hizkuntza-politika. Hori ere etorriko da, baina ez dezagun aurreratu asmazio eta jukutrien bidez. Baiki, beste hodeitxo goibel bat da ezen mugimendu funtsean erdalduna dela, baina horretan ez da bestetatik bereizten.

Niketz, hizkuntzaz denaz bezainbatean, ez naiz Podemosez fio, are gutxiago espainiar mota guztiez ere. Eguneroko bizitzak eta begiak irekita eroateak fidakaitz egin bainaute, ez dut itxaropen handirik bertoko erdaldunen gainean ere, eta ez dio gehiegi ardura abertzale diren, arean ere, askotan, abertzale euskaldun ez gutxik, hizkuntza-jokabideen eremura heldu orduko, ondoen egiten dutena, gustukoen dutena, ederki egiten dutena, euskararen alde aldarrikatzea da, noiz eta, batez ere, hurreko gobernuan aurkariak baitaude, are gehiago, euskara aldarrikapenaren eta gatazka politikoaren hizkuntza erritualizatua bilakatu da, ez hiztun-herri batek bere interesen alde darabilen jarduera eta joko politikoaren hizkuntza, bere hizkuntza.

Beraz, utzi diezaiogun hainbeste ke botatzeari —are gehiago faltsua denean— eta ekin diezaiogun behingoz euskal hiztun-herriaren berreskuratze eta sortze sozialari. Jakina, sozial horren baitan ikusten ditut, ezinbesteko osagai eta ardatz gisa, euskal kultur oinarri nazionalak, heldu zaizkigunak eta beroriek berrinterpretatuz sortu ahal izango ditugunak. Tamalez, subiranotasunaren gaia, euskaldunak garen aldetik, urrun samar dugu onuragarria izateko, bihar Euskadi independentea balitz ere. Aurretik, euskaldunok nazio-egitasmoa osatu beharko genuke, izate, gorputz, mami politiko-ideologiko beregain bat. Alta, ez dugu, eta ezin dugu izan, ez behintzat gorputz sozialik ez dugun bitartean, eta horrekin ere ez genuke nahiko nazio-kontzientzia garatzeko. Zer gehiago behar genuke? Ez dago modan esatea, eta ez da segurua. Zernahi gisaz, hizkuntza-politika guztiak, instituzionala nahiz alternatiboak estrategia bertsua izan du, abiaburu bera, frankismoaren gaineko oinordekotza gaizto bat, zein baita lehentasunez hizkuntza hedatzea, noiz eta lehentasuna hiztun-herria trinkotzea, bilbatzea, mami sozio-kulturalez berriro betetzea, hots, historian zehar galduz etorri den hori berriro hezurmamitzen hastea, esan nahi baita, norabide historikoa aldatzea, presarik gabe, gehiegi larritu gabe, baina bide egokia jorratzen. Oker ez banabil, horretaz ohartarazi gintuen Txepetxek aspaldi hartan, hori berori, aldeak alde, diosku behin eta berriz Joshua Fismanek. Geuk, ordea, nahiago dugu erregairik gabeko suari gure arnasa ahula oparitzen jarraitu, gure hauspo deseginaz, ezintasunaren zurrunbiloari aterik aurkitu gabe, hauspoa bere onera ekartzeko ahalegin seriorik gabe.

(ROBERTO MANJON LOZOYA Hizkuntza-normalizaziorako teknikaria da Osakidetzan)


Roberto Manjonek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus