Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ingelesa, atzerriko hizkuntza

Ingelesa, atzerriko hizkuntza

2015-01-22 / 07:00 / Aniceto Morales Horrillo   IRAKASKUNTZA

Azaroan Juan Carlos Moreno Cabrerak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Hizkuntzalaritza Orokorreko katedraduna eta alor honetan 40 urteko esperientzia duena) Iruñean mahai inguru batean parte hartu zuen, eta bere mintzaldia 18 minutu baino gehiagoko zerbait izan zen, ingelesaren inguruko mitoak eta argi koroak lurrera botatzeko aski denbora.

Hizkuntz kolonialismoaz mintzatzen hasi zen, ingelesarekin eta gaztelaniarekin gertatu eta gertatzen ari dena horixe baita, ingelesaren eta gaztelaniaren zoritxarrerako, besteak bezain duinak diren hizkuntzak baitira, baina berezko hizkuntzen aurkako kolonizazio arma gisa erabiliak direnak. Kanpoko hizkuntza bati bertakoei baino garrantzi handiagoa ematea akats larria da. Hemen duzue Morenok gezurtatu zituen mitoak:

  • Ingelesa munduaren hizkuntza da; mundu osoan ulertzerik badago. Herri guztietan hitz egiten dela erraten da, eta ez da egia. Ingeles hiztunak diren herrietan mintzatzen da. Europa iparraldeko herri batzuetan (Herbehereak, iparraldeko herriak) ingelesa ongi menperatzen duen jendea aurki daiteke. Baina ez dago orokortua. Frantzian, Alemanian, Errusian, Grezian, Italian… ingelesez ulertzerik ez dago.
  • Ingelesa globalizazioaren hizkuntza da, eta horregatik ikasi beharra dago, gero erabili ala ez, lanerako balio izan ala ez. Ingelesa ez badakizu pertsona akastuna zarela pentsatzeraino iristen da, ia-ia analfabetoa. Ingelesaren ezagutzaren inguruan inkestak egiten direnean, jakin gabe ere baietz erantzuten da, ingelesa globalizazioaren hizkuntza dela dioen ideologia absurdo horregatik beldurra eta lotsa sentitzen delako. Ingelesa baliagarria da bai, baina bere inguru geografikoan beste edozein hizkuntza den moduan. Nafarroan, hain zuzen ere, egunez egunekorako baliorik gabeko hizkuntza da.
  • Ingelesa baldin badakizu, lana aurkituko duzu, lan ona. Hori ere gezurra da. Gure seme-alaba guztiek ez dute lan eginen usteltze fasean dagoen sistema kapitalista honetako multinazionaletan goi mailako exekutibo moduan. Populazioaren portzentaje altuak ez du egunez egunekoan inolaz ere behar izanen. Horregatik ez da beharrezkoa jende guztiak menperatzea. Atzerriko hizkuntza baten edo batzuen oinarrizko ezagutzak edukitzea da gomendagarria. Menperatzea beharko duena gehiago sakon dadila, baina maila pertsonalean.
  • Ingelesa hizkuntza erraza da, eta besteen gainekoa. Hizkuntzak objektiboki ez dira ez errazak eta ez zailak. Hain zuzen ere, Nafarroan bizi garenontzat edozein latin hizkuntza (frantsesa, portugesa, italiera, eta abar) ikastea ingelesa ikastea baino askoz errazagoa da, gaztelaniarekiko duten gertutasunagatik. Ingelesa ikasteko erabiltzen den denboraren erdiarekin latin hizkuntza batzuk ikasi eta uler daitezke. Ingelesa eta gaztelania ulertzeko errazagoak direla erraten da, eta horregatik zabaldu direla. Bost bokal soilik dituenez, gaztelania ulertzeko hizkuntza erraza dela erraten da. Ingelesak, adibidez, gehiago ditu (dialektoen arabera 16 ere bai), eta euskarak ere bost bokal ditu eta ez da bereziki zabaldu. Gaztelaniak 1.800 aditz irregular ditu; euskarak, bi (aditz laguntzaileak). Erraztasunaren eta nagusitasunaren argudioa erabiltzen da zabalkundearen benetako arrazoiak estaltzeko: politikoak, ekonomikoak, kulturalak, eta abar.
  • Ingelesa menperatu beharra dago. Ez da beharrezkoa. Bizi den tokiko hizkuntzak menperatu behar dira, horiek baitira baliagarriak (Nafarroan euskara eta gaztelania). Gainontzekoak nahikoa da ulertzearekin. Ingelesa ez da hizkuntza bizia Nafarroan, eta horrexegatik menperatzeko oso zaila da. Ingelesa menperatzeko obsesio hori frustrazio handia sortzen ari da.
  • Hiru eledun izateko joera (euskara, gaztelania eta ingelesa). Hiru eletasunaz hitz egitea akats handia da. Ingelesa ezin da ipini Nafarroan mintzatzen diren bi hizkuntzen maila berean (euskara eta gaztelania). Elebitasunaz hitz egin behar dugu, eta atzerriko hizkuntzaz. Ingelesa atzerriko hizkuntza da, eta atzerriko hizkuntzekin lehiatu behar du (frantsesa, alemana…). Nafarroako hezkuntza sistemak bermatu behar du Nafarroan mintzatzen diren bi hizkuntzak menperatzea. Kasu honetan gaztelania hizkuntza nagusia denez, eta bai ala bai ikasiko denez, hizkuntza saioen banaketak euskarari mesedea egin behar dio, adin goiztiarretan hizkuntza hau menperatzen dela bermatzeko.

Laburbilduz, Moreno jaunak erraten digu hau berezko hizkuntzen aurkako plana baino gehiago dela, zerbait sakonagoa eta kezkagarriagoa. Eskuineko ideologia soilik ez. Are gehiago, ideologia guzti-hartzailea, baztertzailea, etnozida eta hizkuntzen hiltzailea da. Espainiako Estatua elebakarra da, eta orain arma eztabaidaezina (lehenengo begiradan) aurkitu du, ingelesa, berezko hizkuntzen aurka erabiltzeko.

Nire gurasoak 60ko urteetan Extremaduratik etorri ziren. Nire hezkuntza eredu elebakarrekoan izan zen (gaztelaniaz), 13 urtetik euskara ikasgai gisa edukita. Hogei urteetan, ahalegin pertsonal garrantzitsuarekin, ikasketak eta lana tartekatu nituen euskaltegietan euskara ikastearekin. Orain dela 18 urte Nafarroara etorri nintzen, orain dela 16 urte EGA atera eta orain dela 14 urte lur hauetan nire lehenengo lana lortu nuen. Ordutik bost tokitan lan egin dut, horien artean bi udaletan (Antsoainen eta Iruñean) eta Nafarroako Gobernuan. Bost enplegu horiek lortzeko euskara jakitea gakoa izan da. Nire kasuan Morenok dioena baieztatzen da: euskara baliagarria da Nafarroan.

Nire bi alabek (10 eta 14 urtekoak) Arrotxapean D ereduan ikasketak egin ahal izateko zortea daukate. Adin goiztiar batetik, gain-ahaleginik gabe, elebidun dira, eta, gainera, beste ereduetako ikasleen ingeles maila berbera edo goragokoa daukate, elebidun izateak beste hizkuntzen ikaskuntza errazten duelako.

Youtuben Moreno Cabreraren mintzaldia duzue, benetan adierazgarria. Gomendatzen dizuet, batez ere hurrengo urteetan seme-alabak Haur eta Lehenengo Hezkuntzan matrikulatuko dituzten gurasoei.


(ANICETO MORALES HORRILLO Iruñeko Arrotxapeko euskalgintzako kide da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2015-01-21ean.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus