Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Krisia eta emaitzak

Krisia eta emaitzak

2015-01-09 / 07:00 / Erramun Osa   IRAKASKUNTZA

Euskadiko Eskola Kontseiluak Hezkuntza Euskadin 2012-2013 izenburua daraman txostena argitaratu berri du. Ikerketa honen harira, Kontseiluak gogoeta eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, “bi hezkuntza sareetako ikasleen jatorri sozioekonomiko eta kulturalaren aldea gero eta handiagoa delako aztarnak ikusten dituelako”. Nolanahi ere, baieztapenak ńabardurak, eta handiak gainera, behar dituelakoan nago baldin arrazoietan ez eze irtenbideetan ere asmatuko bada.

Eztabaida eta alderaketak ez lirateke sareen artean egin behar antzeko ezaugarriak –titularitatea aparte utzirik– dituzten ikastetxeen artean baizik. Emaitzei erreparatuz gero, publikotzat harturiko ikastetxeen artean desberdintasun handiak daude eremu geografiko batetik bestera, bai eta Udalerri berean egonik ere auzo batetik bestera ere. Arrazoiak ugariak dira: ikasleen jatorria, familien maila sozioekonomikoa eta kulturala, euskarak eskola kokaturik dagoen inguruan duen egiazko presentzia eta abar. Gauzak horrela, Bilboko San Frantzisko auzoan kokaturiko ikastetxe bateko emaitzak Gipuzkoako Idiazabal herrian dagoenarekin aldeak ditu, bi-biak publikoak izan arren.

Era berean, Ondarroako Zubi Zahar ikastolako haurren euskara-mailak eta Balmasedako Zubi Zaharra ikastolakoenak ere desberdintasunak ditu oro har, izena eta izaera juridikoa, bai eta euskararekiko esposizio-orduak berdintsuak izan arren. Izan ere, lehenbizikoa eremu euskaldun batean kokatzen da, bigarrenaren testuingurua bestelakoa denean. Ondarroan bizi direnek, eskolan ez ezik, eskolaz kanpo, familian eta kalean euskaraz bizitzeko aukera ugariagoak dituzte, Balmasedakoek eskolaz kanpo –familian, aisialdian eta abar– euskaraz bizitzeko aukerak are eskasagoak dituztenean. Ondorioz, arrazoiak daude pentsatzeko euskara maila are jasoagoa izango dutela ondarroarrek Balmasedako haurrekin konparatuta oro har.

Beste horrenbeste esan dezakegu etorri berrien dentsitateaz ari garenean ere. Izango dira ikastetxe publikoak, ikastolak zein bestelakoak etorri berri gutxi barruratzen dituztenak... eta ugari dituztenak ere, etorri berri gazteagoak eta ez hain gazteak dituzten ikastetxeak, jaioterrian maila batean eskolatu direnak edo eskolatu gabekoak, gaztelania lehen-hizkuntza dutenak edo ezagutzen ez dutenak, familia-egitasmo gisa hemen sustraitzea edo gure eremua beste nonbaitera joateko igarobidetzat dutenak... honek guztiak eragiten duela egin daitekeen ahaleginean, bai eta lortu daitezkeen egiazko emaitzetan ere.

Azken finean, eskolak ikasleen artean aukera berdintasuna gertatzeko, bakoitzaren jatorri zein maila sozioekonomikoa eta kulturala zein nahi dela integrazioa ahalbidetzeko, euskalduntzea areagotzeko, bizikidetza eta gizartea kohesionatzen laguntzeko, egiten duen ekarpena indartu dezake baina ez dezagun pentsa gure gizarteak pilatu dituen arazoak, gabeziak eta ezintasunak eskolak berak bakarrik konponduko dituenik, ezin baitu... are gehiago, ezinezkoa da eta.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA euskaltzain urgazlea da)

  • Estreinakoz, Deia egunkarian argitaratua, 2014-12-23an.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus