Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zumarragatik Zarautzera

Zumarragatik Zarautzera

2014-12-12 / 07:00 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Non gogoa, han zangoa. Erresonantzia unitate berria abiatu da Zumarragako ospitalean.

Osatekeko unitatearen aurkezpenaren lekuko izan gara, bertan Darpon Osasun sailburua, Urkullu Lehendakaria eta Goierri-Urola Garaiko ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) zuzendari kudeatzailea izan direlarik, pozik eta alai. Goierri-Urola Garaia esan dut, izan ere Zumarragako ospitaleak inguruko 100.000 pertsonei zerbitzua eskaintzen die, eremu euskaldun batean. Mutiloa, Gabiria, Zerain, Ormaiztegi, Idiazabal, Segura, Zegama, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Itsasondo eta Urretxu bezalako herriak. Horietako asko Uemako (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) kideak.

Unitate berrian zutunik, abangoardiako teknologiarekin liluraturik, ekipamendu berriaren aurrean apalik, zerbitzuaren kalitatearen gomutaz, herri-ordezkariek ez ikusia eta ez entzuna egin diete Goierri eta Urolako euskaldunei. Erresonantzien txostenak gaztelera hutsean idatzita egongo dira, ohiko moduan, eta ez ele bitan, legeak eskatzen duen legez. Zerbitzu berria non, gaztelera han. Non eta Gipuzkoako eremu euskaldunean.

Egoeraz oharturik, inguruko udalek eta Uemak erresonantzien txostenak ele bitan eskaintzeko eskatu zioten Osatekeko zuzendaritzari eta Zumarragako ospitaleko zuzendariari. Hurkoaren maitasuna herriaren osasuna, baina oraindik ez dute erantzunik jaso, hobeto esanda ez diete jaramonik egin. Gaztelera hutsean, noiz eta euskararen eguna ospatu zen astean bertan. Izenetik izanera gogoa zubi, baina hemen borondaterik ez.

Horrek guztiak agerian uzten du Osakidetzako zuzendariek euskararekiko eta euskaldunekiko duten jarrera. Noizean behin unitate berri bat, zerbitzu berri bat, berregituraketa edo berrantolakuntzaren bat, baina ele bitan inoiz ez. Zaharrak berri. Ez dute osasun arreta euskaraz bermatzen, ezta nahi ere. Mundu mailan gauza jakina da osasun zerbitzuaren kalitatea hizkuntzari lotuta dagoela, eta ildo horretan txostenak ele bitan eskaintzeak pazienteen gogobetetasuna hobetuko lukeela ez dago zalantzan. Jaurlaritzak ere horrela adierazi du behin eta berriro. Baina bost axola die zuzendariei. Erresonantzien txostenak ez dira euskaraz egongo inola ere.

Zergatik erresonantziak ele bitan? Zergatik orain? Ez al dago beste lehentasunik? Beharbada bai, baina oraintxe dugu abagunea euskararen normalizazioan egundoko aurrerapausoa emateko. Alde batetik, esan bezala eremu euskalduna delako. Bestetik, unitate edo zerbitzu berria delako, eta horrela aurrekari bat ezartzeko aukera paregabea; Osakidetzako edozein unitate edo zerbitzu berria hasieratik ele bitan ezartzea alegia. Eta azkenik, irudi proba horiek espezialistek eskatzen dituztelako. Jadanik ekografien txostenak ele bitan lortu ditugu Debagoienean, eta proba horiek familiako medikuon eskura daude. Erresonantziak, ordea, espezialisten eskumena dira; beste urrats bat litzateke, beraz, borondatea balego. Ez ditugu erresonantzia guztien txostenak ele bitan eskatzen, egun batetik bestera eta Euskal Herri osoan, Zumarragan baizik. Besterik ez.

Erresonantzien gaia Eusko Legebiltzarrera heldu da jada. EH Bilduk legez besteko proposamen (LBP) bat eraman zuen eta EAJk osoko zuzenketa aurkeztu du, zeinean Osakidetzako Euskara Planarekin lerrokatuta, «Zumarragako ospitalean kokatuta egongo den erresonantziako unitate berrian aurreikusiko da, erabiltzaileei arreta egiteko langileek eta teknikariek zerbitzu elebiduna ziurtatuko dutela». Kontuan hartu behar da erresonantziak ez direla Euskara Planean jaso. Plana ahozko harremanetara mugatzen da batik bat, eta, hortaz, horrela eginez gero zerbitzua gazteleraz izango da nahitaez. Alegia, erresonantzien txostenak gaztelera hutsean egongo dira, lerroz lerro, ondo lerrokatuta.

Zumarragatik Zarautzera. Antza denez, Zarautzen lan egiten zuen mediku bat erretiratu da, eta bere ordez joango den medikuak ez du hizkuntza eskakizunik bete beharko. Dagoeneko Euskara Planak eskatzen dituen gutxienekoak bete omen dira Zarautzen, eta hortaz ez da mediku euskaldun gehiagorik behar. Mediku elebakarra joango da Zarautzera, osasun laguntza gaztelera hutsean emango duen medikua. Berriro ere egoera soziolinguistikoa bost axola zuzendariei. Garrantzitsuena medikua da, eta ez erabiltzaileak.

Zerbitzu elebidunak eskaini eta ziurtatu behar omen dira, hori adierazi dute behintzat Gasteizko Legebiltzarrean. Baina ziur gaude Zarautzera ez dela mediku euskaldunik joango, horrela erabaki dutelako. Ziur gaude Zumarragako ospitalean ez dela zerbitzua ele bitan eskainiko, ezta erresonantzia txosten bakar bat ere, zuzendaritzaren eskuetan utziz gero. Herriak eskatu beharko du; Zarauzko herriak, Goierri eta Urola Garaiko herritarrek. Euren eskubideak defendatu beharko dituzte, eta osasun arreta behar bezala euskaraz eskatu. Datorren udaberrian behintzat udal eta foru hauteskundeak datoz, eta horrelako jarrerak gogoan izango ditugu. Galduz ikasten da lanean. Gure hizkuntza eskubideak urratzen dituenari ez diezaiogun behintzat botorik eman. Asko ikasteko, boto gutxi.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus