Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Konpromisoa eta proiektua

Konpromisoa eta proiektua

2014-10-24 / 07:00 / Erramun Osa   IRAKASKUNTZA

Komentu bateko sukaldean, hainbaten beldurrak, beste batzuen ezin ulertuak eta zenbaiten kontrako jarrera tarteko, Zangozan ikastola abian jarri zutenek ez zuten aurreikusten urte batzuk geroago haien ahalegina eta konpromisoa gizartearen zati handi batek aitortu eta goretsiko zituenik.

Sortzaileek igandean merezitako omenaldian isuritako malkoek urteetan gainditu behar izan zituzten oztopoak, isekak, bai eta ezintasunak ere irudikatzen dizkigute... eta neke handiz ereindakoaren emaitza hor dago: agintarien itsukeriak eremu ez-euskalduntzat bataiaturiko tokian, herri horretako eta inguruko ikasleak biltzen dituen ikastola bat, Nafarroako zati horretan esperantza, arnasbidea eta biziberritzeko aukerak eskaintzen dizkiona herritar guztiena eta guztiontzat den hizkuntzari, euskarari.

Gauzak horrela, Zangozako ikastolako umeak eta gazteak harro egon bitez haien gurasoek egin duten lan eskergagatik, haiei eta haien aurrekoei lapurtu zieten mintzaira, ezpainetatik ezabatu zietena berreskuratzen saiatu direlako, asmoz, jakitez, irribarrea aurpegian dutela.

Auzolana, hurreko kudeaketa partekatua, hezkuntza-erkidegoa osatzen dutenen arteko esku hartzea, euskara eta euskal kultura ardatz, herri honen zerbitzura eta munduko hizkuntza eta kulturei irekia dagoen egitasmo pedagogikoa. Horra hor ikastola-ereduaren arrakastaren osagaiak... lana eta kemena, ezina ekinez lortzeko borondate irmoarekin batera.

Herri honek aurrealdean dituen erronkak, asmoak lor ditzake, zeinahi dela bakoitzaren zailtasuna, elkarrekin, elkarri eskua emanda aritzeko gauza baldin bagara. Ez baitago beste misteriorik zailtasunak mugiarazi eta alboratu ditzakeenik. Aitzitik, alderdikeriek nagusitasuna hartzen dutenean, batzuen estrategia soila elikatzera datozen bideak hartzen direnean... ez dago gizarte hau ehuntzerik, ez eta trinkotzerik ere. Batasunaren bidean urratsak eginez gero, dena lor dezakegu, bestela berez malkarra den bidea askozaz aldapatsuago egingo zaigu, ezinean ahalegin oro itoaraziz.

Bizilekuaren arabera nafar herritarren hizkuntza eskubideak mugatzen dituen Euskararen Legea aldatzeko aukera berri bat ireki berri da Nafarroan. Bada garaia herritarren eskakizunei, nahiei kasu egiteko, bai eta euskararen ezagutza eta erabilera mugatu nahi dituen lege horren mugak gainditzekoa ere. Justizia kontu soila da. Ez baita egia eskuineko nafar politikari ezagun batek hor zehar idatzi duena, alegia, euskararen atzerakadaren arrazoia garai eta erabilera-berrietara moldatzeko izan duen ezintasunagatik izan dela eta inork ez duela jazarri, ez orain ez eta lehenago ere. Iragana... aspaldikoa, atzokoa eta gaurkoa dira horren lekuko.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA euskaltzain urgazlea da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus