Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Historia klinikoa euskaraz sortzeko beharra

Historia klinikoa euskaraz sortzeko beharra

2014-09-26 / 07:00 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

"Hizkuntza berririk ez dugu behar, lehengoa dugu nahiago", entzun dugu aspaldi. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldunon berezko elea. Gure hizkuntza bai, ez ordea gure historia klinikoaren lengoaia, hau gazteleraz edo frantsesez baitago.

Gaia korapilatsua izan daiteke, eta ez luzatzearren euskal legedian indarrean dagoen 38/2012 Dekretura joko dut: historia klinikoa paziente batek jasotzen dituen osasun-laguntzako prozesu guztien datu, balorazio eta informazioak eta pazientearen osasun-egoera, jasotako arreta eta eboluzio klinikoa argi eta labur jasotzen dituen dokumentu eta erregistro informatikoen multzoa da.

Historia klinikoa euskaraz sortzea eta garatzea gakoa da, Osakidetza errotik euskalduntzeko giltzarria, euskara aldi berean lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Ezinbestekoa, derrigorrezkoa, nahitaez egin eta eskatu behar duguna. Eta ondo diot; eskatu, behar orduetan eskaintzen ez digutelako; eskatu, osasun arreta euskaraz edo mediku euskalduna alferrik eskatzen dugulako, eta ez, behar bezala historia klinikoa euskaraz. Honek berez ekarriko duelako osasun-laguntza euskaraz, eta are gehiago, osasun sistema osoa euskaldunduko. Esan gabe doa osasungoa frantses edo gaztelera hutsean dugun artean ez dela izango euskal gune edo eremurik, ezta Euskal Herri euskaldunik. Osasungintza euskaldundu behar dugu erabat, eta horretarako historia klinikoa euskaraz sortu beharrean gaude.

Euskal Osasun Zerbitzuak gaur egun ez du historia klinikoa euskaraz eskaintzen. Aurreneko Euskara Planaren ebaluazio-txostenak ele bietan edukitzeko aukera aztertzea gomendatu zuen, baina ez zion lehentasunik eman, bere zailtasunak eta ezaugarriak kontuan hartuta. II. Euskara Planak aurrera egin du, eta behar hau jasotzen du: "Osakidetzak azterlan sakona egingo du dokumentu klinikoak bi hizkuntz ofizialetan idazteari begira. Horretarako, dokumentu horien sorkuntza-prozesuari eta informazioaren ustiapenari eragiten dieten alderdiak aztertuko dira, betiere historia klinikoa ele bietan edukitzeko xedez". Gurean alderdiak nagusi, eta jorratu beharreko alderdien artean historia klinikoaren ikuspegi juridikoa dago, besteak beste, eta beti bezala zailtasunak, kezkak, edo hobe esanda beldurra ageri dira. Kalean uso, eta euskaltzale batzuk historia klinikoa euskaraz sortzeak ekar ditzakeen segurtasun eta lege arazoak aipatu dituzte. Txakur zaharrek ez omen dute alferrik zaunka egiten, eta araudi berri baten premia planteatu da, historia klinikoa euskaraz bermatuko duen legea alegia. Lengoaia zaharraren aldeko lege berria, itxuraz belarrien gozagarri, minen eztigarri, gogoaren lasaigarri, eztia. Baina guk badakigu Legeak ez duela Euskal Herrian udaberria egiten; are gehiago, Gasteiz leku hotza da, baita euskararentzat ere, eta ereiten duenak ez du beti fruitua jasotzen.

Legebiltzarrean historia klinikoa garatzeko adostasunik lortzea ez da samurra, hasiera hasieratik trabak jarriko zaizkio eta gaur egun indarrean dagoen legediaz haratago joatea zail samarra izango da. Madrilen agintean dagoena ikusirik, On Kixoteren lana izan daiteke, harririk gabeko gaztelua, teila gabeko etxea. Erleak langile finak dira, baina ez dute hor habiarik.

Ardoa eta laguna, hobe zaharragoa, ez dugu berririk behar. Europako, Espainiako eta EAEko legeak nahikoak dira historia klinikoa euskaraz garatzeko. Euskadiko 10/1982 Legeak eta 67/2003 Dekretuak argi eta garbi adierazten dute administrazioarekiko harremanetan (ahoz zein idatzizkoak) hiritarrak euskara erabiltzeko eskubide osoa duela. Baita osasun arloan ere, baita bere historia klinikoa ere. Medikuon jarduna arautzen duen kode deontologikoa ere alde daukagu. Eta goi-mailako legea nahi izanez gero, hor daukagu Europako Legedia, besteak beste Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna, edo Medikuntza eta Biologiaren arloan Giza Eskubideen eta Duintasunaren Babeserako Hitzarmena. Eta Europako Legediaren bidea jarraituz, Espainiar Estatuko 41/2002 Legea adibidez. Espainiak HCDN proiektua abiatu du historia kliniko informatizatu eta bateratua sortzeko asmoz, eta tokian tokiko hizkuntzan eskaintzea aberasgarritzat jotzen du.

Argi dago euskararen egoera juridikoa inoiz baino hobea dela. Legedia aztertu ondoren, historia klinikoa euskaraz garatzeko benetako oztoporik ez dagoela bistan da, eta beraz, egokiena ahalik eta lasterren hastea litzateke, horretarako borondatea eta sena izanez gero.

Behorrak ume bat urtean, sarriago kaltean. Lege berririk ez dugu behar, barne-protokolo bat nahikoa da historia klinikoa euskaraz garatzeko. Historia klinikoa euskaraz sortu behar dugu lehenbailehen, izan ere osasungoan eta euskalgintzan gaur egun hori dugu beharrenik.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus