Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Poziktibityrekin triste

Poziktibityrekin triste

2014-06-11 / 07:00 / Pello Salaburu   BESTELAKOAK

Gaizka Amondarain triste samar da poziktibityrekin, ez da happy. Ez du inor ere seduzitu nahi, ez du inor ere konbentzitu nahi. Horren beharrik ez du. Bere hizkuntza ibili nahi du, ez du bertze deusik nahi, horrekin aski du, gauza sinplea da gero. Karrikara atera, eta ikusten duen lehenbizikoarekin euskaraz egin, eta bigarrenarekin berdin, harekin ere euskaraz, honetaz eta hartaz, begira zein ederki. Eta euskaraz egin hirugarrenarekin, laugarrenarekin, milagarrenarekin eta gure inguruan bizi diren gainerako guziekin, berdin dela euskaraz ez badakite ere, denekin euskaraz xarmanki, hemengoekin, hemengo euskaldunekin, hemengo erdaldunekin eta hemendik pasatzen diren amerikar, errusiar eta japoniarrekin ere. Zer uste dute bada? Itzultzaile ibiltariak prestatzen ahal ditugu japoniarrei laguntzeko, hola lanpostu berriak sortuko genituzke, horren beharra ere badugu, eta denek euskaraz eginen genuke. Beha zein erraz konpontzen ahal ditugun gure kezkak. Horregatik sobran ditu Amondarainek, nonbait, Poziktibity bezalako kanpaina goibeltsuak. Baztarrikaren kabineteari, hala dio, bertze zerbait eskatzen dio gaur eta hemen. Hau borroka politikoa da, ez pentsa ergelkerietan ibiltzeko moduko zerbait den.

Ordea, borroka politikoa dela errateaz gain ez dakit ongi ze ondorio praktiko ateratzen duen baieztapen horretatik: lege berriak egin behar ditugu? Zaharrak berritu? Ertzaintza jarriko dugu kamerekin eta erdaraz egiten duenari isuna jarri? Tabernetan sartuko gara eta erdaraz egiten duen orori txarteltxo bat paratuko diogu lepoan? Guk euskaraz egin eta si el otro sigue en español muturreko bat emanen diogu? Eta lege bat eginen dugu muturreko hori trankiltasunez emateko, ez bedi gerta bertzeak bertze bat handiagoa itzultzea? Ez, ez dakit ongi zer proposatzen duen praktikan.

Adibide bat ekarriko dut hona, joan den astean ikusia naizena paperean etzanez. Unibertsitatean sartzeko hauta probak egin dira berriki, eta milaka gazte etorri dira EHUko geletara azterketa horien egitera. Gehienek euskaraz egitea hautatu dute, beren borondatez, inork ere ez die behartu: %67k, ez da guti hori. Baztarrikaren aitzinetik bera dagoen toki berean egon direnek egin lanari esker gertatu da hori, neurri handi batean. Orain dela ez gehiegi —urteak lastertasun handian pasatzen dira—, horren erdira ere ez zen ailegatzen. Hori da hizkuntza lege eta araudiak egitearen emaitza aipagarrietako bat. Amondarainek arrazoia du. Borroka politikoaren ondorio naturala da hori. Borrokak legeak eskatu ditu, eta legeen aplikazioak jendea euskaldundu du. Baditugu euskaldunak. Azkeneko urteetan euskaldun gehiago sartzen da unibertsitatean. Aise gehiago. Arazoa, maila horretan, hortaz, konpondua.

Konpondua? Azterketek iraun duten hiru egun horietan, goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte, milaka ikaslerekin gurutzatu naiz. Nire epaimahaian bakarrik 230 baino ikasle gehiago ziren, denak euskaldunak. Ondoko epaimahian bertze horrenbertze, haiek ere denak euskaldunak. Eta haien ondokoan, gaineko aldean, eta beheitikoan, bertze horrenbertze. Denak euskaldun peto-petoak, euskaldun hutsak. Baina, nola diren gauzak, hemen punttu iluna: euskaldun haiek guziak erdaraz mintzo ziren. Ia salbuespenik gabe. Hori izan da nire esperientzia Leioan. Gerta liteke bertze epaimahai batzuetan, batez ere Gipuzkoan (pentsatu nahi dut), euskaraz aritzea. Ez, segurik, nik ikusi ditudanen artean. Bat edo bertze, aski guti, mintzo ziren euskaraz, bertze guziek nahiago zuten Cervantesen edo Rajoyen hizkuntzaren moldea. Makurrago oraino: lehenbiziko aldiz ikusi dut aurten, epaimahaietako kide batzuen artean ere erdaraz mintzo zirela anitzetan. Denak boluntarioak euskal azterketetan parte hartzeko, eta haiek ere erdaraz. Euskara ikasi nahi zuten erdaldunez ingurutarik izan gara urteetan; orain, ordea, erdaraz mintzo diren euskaldunek inguratzen gaituzte. Zer egiten dugu hor? Bada hori konpon dezakeen legerik? Hori bidera dezakeen Ertzaintzaren isunik?

Ez dakit nik nola konpontzen ahal den hori. Ez dakit nik zergatik ziren haiek erdaraz mintzo. Erosoago sentitzen zirelako, duda gabe. Ez dakit, egia errateko, zein den erosotasun horren arrazoia: ez dakite euskara aski? Ez die euskarak deus erraten? Bistan da, arrazoi bat dela, bertzea dela, ez dutela ikusten erakargarri euskara, bertzenaz nekez konprenitzen baita erosoa eta erakargarria den zerbait bazterrean utzi, eta hain erakargarria edo erosoa ez den bertze zerbait nahiago izatea. Ez dakit nik poziktibity hori kanpaina tristea edo alaia den, ez dakit jendea happy uzten duen, edo tristeziaz joa eta malkoak ezin xukatuz. Baina zerbaitetan ez dut inolako dudarik: hau ez da lege kontua bakarrik, edo isun kontua, edo "borroka politikoa" (borroka politikoa beti konprenitu izan den moduan) bakarrik. Bertze zerbait dugu gure aitzinean, ez dakit ikusi nahi dugun. Eta zerbait hori ikusteko gai ez bagara, zerbait horri erantzuteko gai ez bagara, beldur naiz hemendik urte batzuetara ez ote garen, usteketan, garai batean euskaldunak izan ziren hiritar erdaldunez bildurik biziko.

Nik ere nire hizkuntza ibili nahi dut, karrikara atera eta euskaraz aritu: “Egun on, zer diok?”. Baina, horretako, beldur, jendea konbentzitu beharko dugu, jendea seduzitu beharko dugu, poziktibityrekin edo nahi den bertze edozein kanpainarekin, ez diegu pistola bat paratuko kopetan. Aski gauza apalarekin errendituko nintzateke, honaino ailegaturik: alde batera utziko nituzke hemengo erdaldunak, amerikarrak, errusiarrak eta japoniarrak. Itzultzaile horiek ere ez nituzke kontratatuko. Konformatuko nintzateke euskaraz dakiten hemengoekin euskaraz mintzatzen. Etsiko nuke euskaldunak elkarren artean euskaraz ikus banitza. Hasteko, ez litzateke urrats ttikia izanen hori. Hori ez da, hala ere, ez Amondarainen esku, ez Baztarrikaren esku, ez nire esku. Hori uste dut.


(PELLO SALABURU hizkuntzalaria eta euskaltzaina da).


Inprimatu


Erantzun

 
Administrazioa poziktibity 30 urtetan lortu ez duenarekin
2014-06-11 / 12:27 / urtzai

Administrazioa poziktibity 30 urtetan lortu ez duenarekin, beraz... bere gain duen ardura ezkutatu eta hiztunak seinalatu euskararen militante ez direlako.

Errua hiztun ez kontzientzituen gain jarri aurretik administrazioaren, osasungoaren eta ertzaintzaren hutsune erraldoiak bete behar dira, ordea. Ereduak ezarri jendearengan. Eta hor Pello, Patxi Baztarrika eta lagunek badute zer egin franko. Ondoren hitz egingo dugu jendea konbentzitzearekin. Zer da ba konbentzitzeko argudio hoberik, beren lurraldean erabilgarritasun, prestijio eta erakundeen babes osoa duen hizkuntza dutela jabetzeaz baino?

Ezin dena da, argi eta garbi bigarren maila baten trataera duen hizkuntza bat erabiltzeko jendearen gehiengoa konbentzitzea. Ezin dena da, ez osakidetza, ez administrazio ezta ertzaintza bezalako entitate publikoetan normaltasun osoz erabili ezin daitekeen hizkuntza bat ez erabiltzearen zama osoa hiztunengan utzi. Are gutxiago gazteenengan. Non eta gure politiko, zuzendari, eredu HELDUEK egiten ez dutena exijitu. Ezin dena da, gazteek egiten ez dutela esan eta ertzaintzaren hurrengo promoziorako erdiei euskara ez eskatzea. Edota, Zumaiara eramandako pediatra berriak erdaldun elebakarrak izatea. Ezin dena da, Zarautzen euskaraz erregistratu den lehen haurra 2011ko urtekoa izan eta kalean gertatzen denaz bakarrik negarrez ibiltzea. Ezin dena da, publikoari begirako harreta guneetan erdaldun elebakarrak onartu, eta gero 188.000€ partidak onartu hauek euskalduntzeko. Aurretik ondo egin gabeko etxerako lanak (nork daki, lotsagatik agian) direla eta adibidez, Durangoko Azoka bezalako proiektuak salbatuko lituzkeen diru kantitateak xahutuz.

Ez da Amerikar edo ez dakit nongo jendea euskaraz entzun behar, bertakoa eta prestijio apur bat duena entzunda nahikoa da. Exijitu behar dena exijitu inongo konplexu eta pistolarik gabe. Lege babes bat eta errekonozimentua emanez instituzioetatik.

Esan dituzunak, 30 urtetan administrazioak eta honek kontrolatzen dituen beste erakundeen zuloak tapatzeko, ardura besteen gain bakarrik jartzea izan da. Gobernu honek, azken urteetan garatu dituen edo aurrera eramaten saiatu den euskara plan eta legeen autokritika handi bat zor digu.


URTZI ODRIOZOLA

 
Noizko inmertsio eredu sendo bat?
2014-06-11 / 17:36 / urtzai

ah! eta ahaztu zait esatea... Kalean euskaraz ez dakienik aurkitzea nahi ez bada (kanpotarrak aparte...) nola uler daiteke gobernu honek bultzatu izan dituen eta bultzatzen dituen A eta B ereduak? Noizko inmertsio eredu sendo bat?

Zer deritzozu EHUko unibertsitatean bertan hainbat eta hainbat titulurako ikasgaiak oraindik ere euskaraz ez egotea eta horrela beste zenbat kontu eta adibideri buruz?

Hizkuntza politika ausartak orain!


URTZI ODRIOZOLA

 
Lehenbiziko aldiz gertatzen ari da euskararen historian.
2014-06-12 / 11:55 / Pello Salaburu

Eta? Joan den astean Leioako gelen inguruan ikusten ziren administrazioko kide guztiak euskaldunak balira, euskaldunak balira mantal xuriarekin handik pasatzen ari ziren medikuak, euskaldunak ere EHUra iristeko errepideetan ziren ertzain guztiak, euskaldunak unibertsitateko kargu guztiak, atezainak eta irakasleak... Badira euskaldun anitz haien artean, jakina, baina den-denak euskaldunak balira, zuri eta niri ere gustatuko litzaigukeen gisan, horregatik bakarrik azterketak egitera agertu ziren euskaldun ikasleak bat-batean hasiko lirateke, mirariak bulkaturik, erdara utzi eta euskaraz mintzatzen, eta "qué te ha dicho el de mate"-tik "zer esan dizu matekoak" erratera pasatuko lirateke hain lirainki? Euskaldunak izaki, medikuak eta ertzainak erdaldunak direlako mintzo dira erdaraz elkarren artean gure gazteak? Ertzainen edo medikuen deietan euskara eskatzen ez delako? Gasteizko edo Bilboko ikasle euskaldunak erdaraz mintzo dira haien alkateak erdaldunak direlako? Donostiako ikasleek euskara gehiago ibiltzen dute alkatea euskalduna dutelako? Benetan uste duzu hori? Miraria izango litzateke, zeren nik, eta nik bezala bertze anitzek, milaka, euskara ibiltzen baitugu gure artean, sistematikoki, ertzainak eta medikuak erdaldunak badira ere. Haiek euskara ez jakiteak ez du eraginik guregan, taldekideak euskaldunak bagara, ikusi nituen ikasleekin gertatzen zen bezala, eta ez digu horrek euskara ibiltzeko ahalegin berezirik eskatzen.

Ez diot nik inori ere leporatzen euskara ez ibiltzearen errua. Baldin hizkuntza bati lehentasuna ematea erru kontua bada. Erruen erantzuleen bila hastea bide erraza da, errazena. Batzuek badute joera ia-ia genetikoa hori egiteko. Ez da nire kasua, askatasuna maite dut holakoetan ere. Datu bat eman dut, euskaltzale gisan kezkatzen nauen datu bat. Komeni da datuen eta iritzien artean bereiztea. Datu kezkagarria, zinez, bai baitut uste aipatzen dudan hori lehenbiziko aldiz gertatzen den euskararen historian. Eta datua eman ondoan, galdera bat egin nion nire buruari: zergatik gertatzen da hori?

Ez badugu begien aitzinean duguna ikusten gaizki ibiliko gara. Ezin dira arazo guziak zaku berean sartu. Zuk aipatzen duzuna arazoa da, eta konpondu beharko da. Neurri handi batean nik ez bezala ardura politikoa dutenei dagokie hori. Eta hor lastertasuna edo efikazia eza kritikatzen ahal da. Hori da arazo bat. Baina nik aipatzen dudana ere arazoa da, aski desberdina, eta nire ustez aise grabeagoa. Besoa hausten baduzu, neketan konponduko dizu hori aspirina batek . Buruko mina ez dizu igeltsu zati batek kenduko. Gaitz bakoitzak bere erremedioa behar du. Hori ikusteko gai ez bagara hirugarren arazo bat dugu, aitzineko biak baino larriagoa. Joan den astean kezkatua gelditu nintzen. Kezkatuago aste honetan.

PELLO SALABURU

 
Ekin diezaiogun bestelako estrategiak garatzeari
2014-06-12 / 12:54 / urtzai

Benetan uste duzu gaur egun %30-%40 euskal hiztun potentziala den bezala %90-%100 izenez gero egoera berdinean geundekeela? Sinesten duzu kargu publikoek benetako apustua egingo balute miraria beharko litzatekeela hiztun horiek euskara hautatzeko?

Nik alderantzizko prozesua ikusi izan dut eta ez da miraria izan. Euskarak bete ezin izan duen hutsune bat erdarak bete duelako izan da, besterik ez. Euskal erreferentziak hartu beharrean, espainolezkoak hartu direla. Kitto.

Egia da erabilera arazo bat dela, baina ezinezkoa ikusten dut hori konpontzea erabiltzeko aukerak ez daudenean edota alboko hizkuntza baino murritzagoak direnean. Aukera berdintasun osoa ezinezkoa da, baina, aukera horiek betetzeko BETI espainola erabili beharrean hemen errotuak ez dauden beste hizkuntzak erabiltzen baditugu? Euskarak espainolaren hegemonia borrokatu lezake.

Hala ere, soziolinguistikako adituek diote erabilera datuak hiztun kopuruaren eta leku bakoitzeko euskaldun dentsitateari legokiokenak baino hobeak direla. Aukera berriak sortuz baita aisialdian ere (hor, zinema, telebista, kirola...) eta elebakartasuna erradikatuz emango dira pauso esanguratsuak erabileran.

2014. urtean, XXI. mendeko euskal herrian, ezin ditugu euskal analfabetoak onartu. Ez behintzat beren kabuz aukera hori egin dutenak. Kohesio eta elkarbizitzaren izenean, ezagutza behar beharrezkoa dela uste dut. Utzi diezaiogun ba behingoz indarrak ezagutzan xahutzeari. Itxi dezagun zulo hori behingoz eta ekin diezaiogun bestelako estrategiak garatzeari.


URTZI ODRIOZOLA

 
Talaiatik pontifikatzen
2014-06-12 / 18:05 / Aitor Kaltzakorta

Gaizka Amondarainek Poziktibity egitasmoaren inguruan egindako idatzia ez ei zaio askorik gustatu Pello Salaburu euskaltzainari, “Poziktibityrekin triste” artikuluan agertzen dituen iritzietan atzeman daitekeenari so. Urtzi Odriozolak (@Urtzai) idatziari emandako erantzunak (artikuluaren harian) ere ez ditu konpartitzen, antza. Nik bai ordea. Areago, Salaburuk, zeharka bada ere, besteen iritziak gutxiesten dituela iruditu zait.

Pulpitu akademikotik, arituen eta adituen talaiatik pontifikatzen ibiltzeko ez da oso fin ibili Pello. Edo, ez du jakin esan nahi duena argumentu konkretuekin islatzen. Kontrara, “gazteek euskara ez erabiltzea” (arazoa horretara mugatzerik balego sikiera) datu objektibo (eta bide batez isolatu) gisara aztertzea hobetsi du Salaburuk, eta, hori egiteko, parekoaren iritzia gutxiesteko jarrera aukeratu du, Gaizkaren eta Urtziren hitzak absurdoraino txikituz (reductio ad absurdum). Ez da hain zaila asertiboa izan eta esan behar dena esatea, jakinda esan beharreko horrek konfliktoa eragin dezakeela, baina aldamenekoari zor diogun errespetu guzti-guztiarekin.

Ez duela inor seduzitu nahi leporatzen dio Gaizkari. Urtziri, ostera, ez duela “ardura politikorik” esaten dio. Eskertzekoa berorren sedukziorako borondatea. Are eta gehiago Euskaltzaindiko eta Euskararen Aholku Batzordeko kide gisa. Onartuko dit bataren zein bestearen kide izateak eragiten duen ardura (ez erru, ez erantzukizun, ez botere). Alta, onartuko al dit aipatu bi erakundeen fama on eta sedukziorako gaitasun ahul nabarmena?

Mamira…

AITOR KALTZAKORTA

 
Hypocrisy
2014-06-12 / 18:07 / Aitor Kaltzakorta

Poziktibity egitasmoak euskararen diskurtso edo framing berria deritzonean du birtualtasuna. Mezu positiboen bidez iritzi publikoan nagusi diren euskararekiko pertzepzioak aldatzeko bokazioa ei du eta herritarren hizkuntza jokabideak aldatzeko eragin nahi du. Txalotzekoa, bikain.

Non dago problema orduan? Koherentzian. Beste modu batera islatzearren: Poziktibityrekin gertatzen zait Obamak interbentzio militarren bat justifikatzeko “bakea eramatera” doala esaten duenean gertatzen zaidana. Kanpaina hutsa da, operazio estetikoa, eta modu isolatuan, testuinguru errealetik kanpo aurkezten da, testuinguru horren parte batzuk azalduz eta besteak estaliz. Ulertzeko modukoa da horrek euskaldun eta euskaltzale askorengan sortzen ahal dituen atsekabe eta bestelakoak, ezta? Niri, esaterako, Baztarrikaren hitzak zintzotasun gutxikoak iruditu zaizkit, iruzurra alegia.

Aipatu izan balu mea culparen bat, esan izan balu jendarteari egiten zaion deiarekin batera egiteke dauden etxeko lan guztiak epe jakin batean egin eta hizkuntza jokabideak herritarrekin batera aldatzeko konpromisoa hartzen duela… Edo azaldu izan baligu Ukan Birusaren kanpaina zoragarri haren lorpena, edo “Piska bat es mucho (eta asko mogollón)” ekimenarekin lortu zena, edo Jaurlaritzatik hamarkadotan sail ezberdinei begira sustatu diren euskara planen porrot etengabearen zioa… Ala aitortu izan balu norbanakoen hizkuntzarekiko jarrerak ikusteko asko duela hizkuntzen gune hegemonikoekin, jasotzen ditugun inpaktu mediatiko eta abarrekin…

Arazoa ez da sinplea. Konponbidea ere ez. Pentsa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunen %25 inguruk baino ez du ikusten bere hizkuntza eskubideekiko jazarpena. Ez litzateke, euskaldunon % 100aren hizkuntza eskubideak zapalduta egonik, halako kontzientziazio kanpainarik behar? Baliteke erdaraz hitz egiteari hizkuntza askatasuna deitzen dioten horiei hizkuntza ordezkapena zer den eta zer bilakaera izan duen azaltzeak norbere jarreretan aldaketak eragitea. Izan ere, euskararen espaloitik erdaren errepidera salto egiten duenak nahi duelako egiten duela uste du. Eta okerragoa dena: euskarak gauza inportanteetarako benetan balio ez duenaren ideia da iritzi publikoan oro har gainjartzen ari dena.

Donostiako autobusetako gidariek euskara ezagutzea ez dela beharrezkoa ebatzi berri du euskaldunon hizkuntza eskubideak bere epaitegian zapaltzen dituen epaile batek. Euskal Selekzioaren Anoetako partidan desobedientzia leporatu zion ertzain batek lesakar “gazte” bati erdaraz egin beharra ez onartzeagatik (hurrengo oposaketetan ere ertzain erdaldun andana sartzera doa). Osakidetzako zerbitzuetan (arnasguneetan ere ez) oso urruti gaude euskaldunak duinki tratatzetik. Haur eskoletan gaztelera bermatzeko neurriak, ETB1ek programazio zein baliabideetan ETB2rekiko duen lehentasun eza eta bertan euskaldunak erdaraz mintzatzera bideratzea (beste askoren artean), Urkijoren edo Werten erasoei emandako erantzun instituzional eskasa … Zerrenda amaigabea da. Eta, horrek, igorleak berak esaten duenarekiko agertzen duen koherentziak kentzen dio fidagarritasuna ekimenari. Izan ere, mezua zeinek eta nola luzatzen duen mezua bera bezain garrantzitsua da.

Zentzu horretan, marketinari bai, norbanakoak eta komunitateak edozein hizkuntza bezain erakargarria den euskarara erakartzeari bai, diskurtso berriei bai, motibazioak lantzeari bai, alderdi emozionalak jorratzeari bai, erabilera sustatzeari bai. Baina hori guzti hori autokritika ziztrin bat ez egiteagatik egoeraren laztasuna ezkutatzera badator, ez. Diskurtso aseptiko eta irrealak ez. Kontrara, pentsamendu lateralari, diskurtso errealei, ezberdinei, hartzaile ezberdinentzako egokitutakoei bai. Erreferenteak eredugarri izateari bai. Ausardiari, neurriei, bermeei, bai-bai-bai. Guztion artean diseinatu daiteke izaera aniztun ekinbidea, baina dominak jartzeko “bai” eta autokritika egiteko “ez” esaten dutenek ez dute nahi. Horrat arazoaren beste parte bat.

Lurralde antolakuntzak hizkuntzan daukan eragina aztertuko ote zuten Salaburuk eta besteek Euskararen Aholku Batzordean? Hizkuntza jokabideak lantzeko ikastaroak edota TELP tailerrak herriz herri sustatzea baloratuko zuten noizbait? Euskaldunak pairatu behar duen bazterketa linguistikoa kudeatzen ikasteko saioak antolatzea? Eskaintza akademikoa, Lanbide Heziketa esaterako, behingoz euskaraz izatea otuko zitzaien sekulan? Euskara ikastea doakoa izatea? Ez al da hori, ekonomikoki ere (kontratatu erdaldunak euskalduntzen gastatzen dena ikustea besterik ez dago) AHT bezain estrategikoa gutxienez? Batzordekide batzuk ezagututa, ziur baietz. Beste batzuk ezagututa, ziur ezetz. Jaurlaritzari erreparatu ezkero, badakigu ze aholku onesten diren eta zeintzuk (goragokoak) ez.

Ugaztun ugarik euren gorotza usaindu eta probatzen dute sarri, euren osasunaren berri izateko oso baliagarria baitzaie, eta baitzaigu. Arazoei konponbideak topatzeko arazoak ongi identifikatzea zein kokatzea ezinbestekoa da, eta norbere gorotza usaintzeak laguntzen ahal du horretan, autokritikarako gaitasunik balego. Erantzun egokietara iristeko galdera egokiak egitea ere ez da bide txarra.

Artikuluan eta erantzunetan bestearen posizioa barregarri uzteko bere idatzietan egin dituen galderen perspektiba aldatzea proposatuko nioke Salabururi: ordezkari instituzional eta politikoen hizkuntza aukera eredugarria izateak, euskara erabiltzea sustatu nahi duen administrazioetan euskara konplexurik gabe eta normaltasunez erabili ahal izateak, hedabide publikoak euskaldunak izateak eta horietara beharrezko baliabideak bideratzeak, euskararen transmisioan urratsak emateko helduen euskalduntze eta alfabetatzea doakoa izateak, kontratazio publikoetan euskara nahitaezkoa izateak, hezkuntza eredu euskaldun eleanitza izateak… finean, euskara espazio erreferentzialetan lehentasunezkoa (beraz eredugarria) izateak eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioak nola eta noraino eragingo du herritarren hizkuntza jokabidean?

Kanpainak kanpaina dira. Hauteskundeetan porrota bizi ondotik esan ohi da, arazoa beste bat izanik ere, ez dela jakin mezua herritarrengana iritsarazten. Komunikazio arazoa omen. Patxi Lopezen Gobernua harago joan zen, eta bere kabineteak behin eta berriz esan zuen herritarrek ez zutela ulertu bere jarduna. Hor ere komunikazio arazoa omen. Hemendik hamaika urtera afera honi dagokionez berdin edo okerrago bagaude (hobeto bagaude badakigu dominak ze jaka edo gorbata edertuko duen) komunikazio arazoren bati ez ote zaio egotziko, batzuek eta besteek jakin dakitenean arazoa ez dagoela kanpainetan eta mezuetan, iruzurrik egin nahi ez bada horien atzean ezinbestez egon behar duen koherentzian eta zintzotasunean baizik.


AITOR KALTZAKORTA

 
Nire kezka adieraztera mugatu naiz
2014-06-13 / 12:40 / Pello Salaburu

Aitortu behar dut Urtzi eta Aitor hankak bustitzeko ohiturik nagoen baino ur sakonagoetan sartu zazizkidala erantzunetan. Datu bat ematen nuen nik, datu kezkagarria zinez: Leioan joan den astean ikusi nuen unibertsitateko sarrera frogak egiteko aurkeztu ziren ikasle euskaldun gehien-gehienek erdaraz egiten dutela elkarren artean. Datu hutsa. Eta, nioen, horrek kezka sorrarazi dit.

Erantzunak, filosofia kontuak alde batera utzirik, honela bil daitezke: hori hala gertatzen da gizartean erdaldun gehiago dagoelako euskaldunak baino, eta gobernuak (edo agintariek) ez dutelako hizkuntza politika seriorik egiten. Hori da erantzunen funtsa, bertze guziak apaingarri hutsak dira, batzuk zuzenean loturik gaiarekin, eta bertze batzuk xokoko dejadak (reductio ad absurdum, talaiatik pontifikatzea, Euskararen Aholku Batzordearena…), txaparen azpian jo dutenak. Eztabaidaren dialektikak horiek baino baliabide sendoagoxeak eskatzen baititu.

Beharbada haiek aipatzen duten arrazoi horregatik ikusi nituen ikasle euskaldunak parra-parra erdaraz ari zirela hain modu dotorean. Beharbada horregatik eskatu zuen haietako baten batek erdaraz egitea azterketa. Beharbada azterketa gainditzen duten horietatik %7-8 inguruk gero ikasketak erdaraz egitea aukeratzen du EHUn lehenbiziko ikasturtean. Beharbada, euskaldun potentziala %30-%40 izan beharrean, %100 izanez gero ez ginateke egoera berean izanen. Beharbada. Nago, hala ere, beharbada soberaxko ez ote ditugun hor.

Nik ez dut uste hori den arrazoi nagusiena: han, %100 ziren euskaldunak, eta ingurune guztiak, ikuspuntu objetibo batetik, euskara erabiltzera bultzatzen zuten, baina erdaraz aritzea nahiago zuten. Jo dezagun, dena dela, Aitor eta Urtzi zuzen direla eta ni oker (nahiz ez dakidan ongi zertan okertu naizen, datua eman eta nire kezka adieraztera mugatu bainaiz). Orduan, zernahi gisaz, Urtzik eta Aitorrek azaldu beharko didate zergatik bertze euskaldun anitzek, egoera soziolinguistikoa berbera izanik, eta portaera partikularrak (milaka ikasleen portaera ez da partikularra baina tira) hain modu argian azaltzen dituzten inguruneko datuak berberak izanik, zergatik, diot, egiten dugun batzuek euskaraz, sistematikoki gainera, elkartzen garen bakoitzean. Horrek ere izanen du azalpenen bat: jakin nahi nuke zergatik ez duen azalpen horrek ikasleen kasuan ere berdin balio.


PELLO SALABURU

 
Gauza asko esan dituzu datua azaltzetik harago. Agerikoa da.
2014-06-13 / 14:59 / Aitor Kaltzakorta

Milesker hain bizkor erantzuteagatik, Pello.

Birritan baino gehiagotan irakurri dizut artikuluan eta harian zehar datu bat ematera mugatu izana. "Datu kezkagarria, zinez" baina "datu hutsa". Gauza asko esan dituzu datua azaltzetik harago. Agerikoa da. Atentzioa eman dit "eztabaidaren dialektikak horiek (nireak) baino baliabide sendoagoxeak" eskatzen dituela zuri irakurtzeak, hain zuzen ere zuri erantzuteko txapa azpira, lokatzetara jaisteko bidea hartu behar izan dudanean. Zure hitzak dira, besteren artean: "(...) Ertzaintza jarriko dugu kamerekin eta erdaraz egiten duenari isuna jarri? Tabernetan sartuko gara eta erdaraz egiten duen orori txarteltxo bat paratuko diogu lepoan? Guk euskaraz egin eta si el otro sigue en español muturreko bat emanen diogu? Eta lege bat eginen dugu muturreko hori trankiltasunez emateko, ez bedi gerta bertzeak bertze bat handiagoa itzultzea? Ez, ez dakit ongi zer proposatzen duen praktikan". No comment.

Urtzik eta biok bat egiten dugun puntuetan zera esaten dizugu, laburbilduz: batetik, euskara erabiltzeko deia egiten didanak ez badit uzten (legeak hala esanik ere) berekin euskara erabiltzen, deialdiari sinesgarritasunik ez diodala emango eta nekez egingo diodala kasu. Bestetik, erabilera sustatzeko iniziatibak hizkuntza politika orokor eta koherente baten baitan txertatuta ez badatoz ez direla behar besteko eragingarriak. Horri gehitzen diogu, euskara erabiltzeko deia egiten digunak bere esku dituela hainbat neurri hartzea euskararen presentzia eta erreferentzialtasuna landuz euskarak jendartean eta iritzi publikoan bestelako prestigio bat izan dezan eta euskara erabiltzeko egitasmoek eraginkortasun handiagoa izan dezaten.

Leioako azterketetako kasua (kaleko eremu askotara eraman daitekeena, tamalez) ezin da kasu isolatu gisa aztertu, horretan tematu arren. Guk proposatu ditugun pausu eta abarrek ez dituzte berez eta eurek bakarrik erabileran urratsak eragingo. Horregatik diogu izaera anitzeko egitasmoak ikusten ditugula beharrezko, kanpaina estetiko hutsaletatik harago.

Gisako neurriek, erabakiek eta urratsek ez dutela gazte horien hizkuntza jokabidea aldaraziko diozu. HPSren kanpaina, aldiz, hori lortzeko eragingarriagoa dela uste duzu. Ez dakit soziologo bezala eta datuak eskutan ateratzen den ondorioa den ala ez. Ez dirudi.

Urrunago zoaz "han, %100 ziren euskaldunak, eta ingurune guztiak, ikuspuntu objetibo batetik, euskara erabiltzera bultzatzen zuten, baina erdaraz aritzea nahiago zuten" diozunean. "Ikuspuntu objetibo" horretan ez gatoz bat. Irungo edozein eskolako geletan erraz ikusten da "ingurune guztiak euskara erabiltzera bultzatu" arren, "ingurune guzti" hori ez dela "guztia" eta ikasleek erdarara jotzen dutela. Zergatik? Ez delako modu isolatuan gela konkretu batean ematen den egoera konkretu bat, parametro zabalagoetan eta ingurune sozial, ekonomiko eta politikotik zein eguneroko bizipen guztietatik eratortzen den joera bat baizik.

EJk euskararen normalizazioa bultzatzeko sortu Poziktibity, Ukan, Piska bat es mucho, euskara plan andana, EiTB... hor daude. Ez dut horien eraginkortasunari buruzko balorazio txostenik ezagutzen. Herritarrei ez zaie esan zerk funtzionatu duen eta zerk ez. Denak funtzionatu duenaren ideia zabaltzen da, ahal den guztia egin eta lortu denarena eta orain erronka berriak ditugunarena.

Baina, zaharrak berri, erronka berriekin batera.

Gehiago ez luzatzearren eta neurri, kasu eta erantzun hari bukaezinean sartzea ekidite aldera, zergatik ez dugu zoru komun bat ezartzeko saiakera egiten? Nik, euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko proposamen bat egiten dut "hemen": Poziktibiity bezalako kanpainekin batera, modu paraleloan, har ditzagun neurriak euskara lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan dadin. Eta, egiten duguna egiten dugula, jar diezaiogun epe bat eta egindakoak ebaluatzeko sistema bat, herritarrek fiskalizatu ahal izango dutena.

Bukatzeko, hurrengoa baino ez: boterea kudeatu dutenek ez dituzte aipatu ditugun neurriak martxan jarri nahi izan (zilegi da). Era horretan ezin da jakin aplikatu den eta ezagun dugun hizkuntza politikatik harago zer gerta zitekeen. Alderantziz, metodo hobezina izan da emandako urrats positibo bakoitza norbere trofeoen galeriara batzeko. Baldintza horietan, Urtzik zein nik neuk mahai gainean jarritakoak "beharbada soberaxko" uzten ditu airean. Poziktibity-k eta enparauek ze "ziurtasun" utzi dizkiguten lurrean ez dakit. Zuk baldin badakizkizu, asko eskertuko nuke horiek hemen uztea.


AITOR KALTZAKORTA

 
Euskaldunak ezin gara beti negarrez ibili.
2014-06-13 / 19:05 / Pello Salaburu

Ez, ez, ez du merezi luzatzea. Biok tematzen gara, beldur naiz, ez ni bakarrik. Eta zureak leitu ondoren nirearekin segitzen dut. Ez dut ikusi argudiobide nahiko iritziz aldatzeko, eta azaldu ahal izateko zergatik batzuk sistematikoki euskaraz mintzo garen, eta bertze batzuk, berriz, sistematikoki erdaraz, jarrera hauek, zure/zuen ustez, egoera soziolinguistikoak eta euskararen aldeko neurri aski ez hartzeak bakarrik azaltzen baditu. Bide batez, frontoietako txapapean ez dago lokatzik batere, ez zait burutik pasatu holakorik pentsatzea, eta gutiago erratea. Ezta ere, leitu berriz nahi baduzu, nirea irakurtzeak baliabide sendoak eskatzen dituela pentsatzea. Ez baitu holakorik deus eskatzen: hau zentzu komun hutsa da. Ez da hemen, bertze zerbait pentsatzeko tentaldia izan badezakezu ere, akademia errestorik. Argudioak ez ditudala ikusten erran dut, eta hori segitzen dut pentsatzen.

Agintariek egindakoa ebaluatzeko sistema bat eskatzen duzu. Hori ederki dago. Baina hori egin behar den tokian egin behar da, legebiltzarrean, han baitaude herritarren ordezkariak. Eta ardura dutenei eskatu, ez niri. Bat etortzen ahal gara horretan. Pentsatzen dut, gainera, hori agiten dutela, behin baino gehiagotan eskatu baitzaizkie kontuak, oker ez banaiz, eta behin baino gehiagotan agertu baitira han, azkenekoa orain ez dela anitz.

Badut uste, halaber, zuk eskatzen dituzun “neurriak euskara lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan dadin” hartu diren. Ez aski, beharbada, baina bai anitz, ezin baita ukatu neurri handiak hartu direla azkeneko 50 urte honetan, gure erkidegoan. Garai batean pentsa ezinezkoak zirenak. Aski duzu erkatzea hemen gertatzen dena Nafarroan edo Iparraldean pasatzen denarekin. Eta horretaz bai badirela lan akademiko anitz eginak, hizkuntza bat baino gehiagotan, hemengoek edo kanpokoek sinaturik argitara eman direnak.

Euskaldunak ezin gara beti negarrez ibili.


PELLO SALABURU

 
Nire aukera, bizipoza; ez tristura
2014-06-16 / 17:33 / Joseba Erkizia Itoitz

Gogoeta eta eztabaida interesgarria gertatu da Gaizka Amondarainek Poziktibity ekimenari buruz argitaratutako artikuluaren ondotik. Baina eztabaida horretan isuri diren bi iruzkinek kezkatu egin naute, eta horiexek bultzatu naute ekarpen hau egitera.

Urtzi Odriozolak hauxe dio batean: "2014. urtean, XXI. mendeko euskal herrian, ezin ditugu euskal analfabetoak onartu. Ez behintzat beren kabuz aukera hori egin dutenak. Kohesio eta elkarbizitzaren izenean, ezagutza behar beharrezkoa dela uste dut".

Niri, ordea, iruditzen zait iritzi horrek baduela errotik huts egite bat: behar bezala aintzat ez hartzea errealitate soziolinguistiko oso konplexua bizi dugula eta, aurrera egingo badugu, konplexutasun hori bere osoan hartzen eta ulertzen saiatu behar dugula.

Izan ere, gaur egun, urtez urte hogeita hamar mila pertsona heldutik gora aritzen dira euskara ikasten euskaltegietan, horien erdiak oinarri-oinarrizko mailetan. Euskaltegiek itzelezko ekarpena egin diote euskalduntze prozesuari: hezkuntza sistemak euskarari eman dizkion berrehun mila hiztun berriei, beste ehun mila gehitu dizkiete euskaltegiek. Eta, hala ere, 35 urtetik gorako biztanleriaren erdia oraindik elebakarra da.

Zeregin handia dugu, beraz, oraindik ere ezagutzaren arloan, eta horregatik du Jaurlaritza honek helduen euskalduntzea hizkuntza politikaren lehentasunezko aurreneko lerroan jarrita. HABEk eta euskaltegiek erronka handia dute aurrean: besteak beste, oraindik elebakarra den biztanleria multzo zabal horren ahalik eta parterik handiena euskararen ezagutzara ekartzea, oinarrizko ezagutza batera behinik behin, horrek biderkatuko lituzkeelako euskara gizartean erabiltzeko aukerak. Ondorioz, nire usterako, hemen ez dago ezer soberan, are gutxiago Poziktibity bezalako edo bestelako sentiberatze ekimenak. Nabarmena da, hain zuzen ere, zenbat aldeko iritzi sortzen ari den komunikazio-ekimen honen gainean, ondo sektore eta iritzi desberdinetako jendearen artean.

Ez baita egia komunikazio-ekimen hau gauza bakartu edo isolatua denik. Urrutira gabe, joan den urtetik hona, Eusko Jaurlaritzak onartuak ditu Jaurlaritzako Erabilera Plana eta Osakidetzako Erabilera Plana. Bultzada eman dio Justizia Administrazioko Erabilera Planari, eta onartze bidean du Ertzaintzako Erabilera Plana. Eta, ondo bidez, Euskararen Agenda Estrategikoa onartuko du datorren astean, hizkuntza politikaren zeharkakotasuna finkatzera etorriko dena, euskara Jaurlaritzako sail eta kide guztien eginkizun dela xedatuz. Poziktibity, honenbestez, osotasun horren barruko ekimen-lerro bat da, beste askoren artean. Gauzak normalago hartu behar dira, Euskarak azken hogeita hamar urteetan izan duen aurrerabidea ikusgarria da. Gizarteak eta herri-administrazioek ikaragarri egin dute hori ahalbidetzeko. Gehiago nahi genukeela batzuek? Bai, jakina. Baina bilakaera soziolinguistiko eraldagarriak ez dira 100 metroko lasterketa azkarrak, erritmo geldo baina iraunkorrago batean egin behar diren maratoiak baizik. Hogeita hamar urteotako ibilbide emankorrari esker, errealitate konplexua eta berria dugu gaur egun, sekula izan ez dugun bezalakoxea: inoiz baino hiztun gehiago ditu euskarak. Baina, aldi berean. euskal hiztunen artean inoiz baino gehiago dira euskara bigarren hizkuntza modura jaso dutenak. Halabeharrez, euskararen erabileran eragina du horrek, beste faktore askoren artean (tartean Urtzik eta Aitorrek aipatzen dituzten gabeziak direla). Eta, nolanahi ere, zorionekoak gu, honelako errealitate berriak ditugulako, aurreratzen ari garen seinale baitira. Hortik pasatu beharra daukagula, alegia. Honenbestez, giltzarri dugu pilota txapa gainera botatzen jarraitzea eta partida eraginkortasunez jokatzen asmatzea, egoera berri, askotariko eta aldakor honek dakartzan korapilo berriak ongi askatuz. Adibidez, hiztun berriak hizkuntzarekiko leialtasunera eta erabilerara erakarriz, eta oraindik hiztun ez direnak euskararekiko atxikimendura erakarriz.

Alabaina, horretarako, errealitatea den bezala behatzen ikasi behar dugu, ez nahiko genukeen bezala ikusten. Pello Salaburuk, horretan, behatzaile fina eta interprete zorrotza dela erakutsi dit niri, berriz ere.

Natorren bada kezkatu nauen bigarren esanera. Aitor Kaltzakortak dio "har ditzagun neurriak euskara lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan dadin". Esaldiaren bigarren zatiak kezkatzen nau, oraindik orain han-hemen azaleratzen ari den posizio baten isla baita. Argitu beharko litzateke zer esan nahi den horrekin, baina beldur naiz, azken batean, ez ote den planteatu nahi euskara ezagutzeko obligazioa xedatu beharko litzatekeela gure lege-araudian. Gure gizarteak, ordea, inork horretara behartu gabe, urteak daramatza elebitasunaren aldeko -eta, beraz, euskararen aldeko- borondatea erakusten. Seme-alabak eredu euskaldunetan matrikulatzen dituzten gurasoak, euskara heldutan ikasi duten milaka lagunak, euskara hedatzeko sustapen politikak onetsi, ahalbidetu eta bultzatu dituzten herritarrak eta eragile politikoak eta sozialak horren lekuko dira. Hortaz, nire irudiko, gure gizartean konfiantza izaten jarraitu beharko genuke. Eredu, lidergo eta ekimen berritzaileak lantzen jakiten badugu, seguru nago gizarteak ez duela huts egingo. Aitzitik, beldur naiz gaur edo bihar inork euskara derrigortzeko tentaldia baleuka ez ote lukeen euskararen hilobiaren hasiera mugarrituko. Eztabaida interesgarria darabilgu eskuartean, bai, baina ohartu gaitezen: euskaltzaleen artekoa izaten ari da. Benetako dema, ordea, zera dugu: euskaratik urrun bizi direnak nola erakarri euskararen munduetara, eta euskaldun izanik erabilerarekiko leialtasun ahula dutenak nola ekarri eguneroko "praktikante" izatera. Horiengana iristeko behar ditugu Poziktibity bezalakoak. Euskara bizitzako gauza positiboenekin, aukera ugariagoekin, esperientzia asegarriekin lotzen dituztenak. Horretan ere bat bainator Pellorekin: euskaldunak ezin gara beti negarrez ibili. Bizipoza hedatzen ere asmatu behar dugu, euskaraz eta euskaratik.

JOSEBA ERKIZIA

 
Findu beharrekoak
2014-06-18 / 12:02 / Aitor Kaltzakorta

Kaixo, Pello eta Joseba

Eskerrik asko, beste behin ere, zuen erantzuteko prestutasunagatik. Hurrengoarekin bukatzen saiatuko naiz. Bere horretan utziko nuke haria, baina badira nik esandakoaren haritik egiten dituzuen interpretazio zenbait findu beharrekoak iruditzen zaizkidanak. Modu eskematikoan egiten saiatuko naiz.

Pello:

  • Ez ei duzu argudio bide aski ikusten iritziz aldatzeko eta azaltzeko sistematikoki zergatik mintzo garen batzuk euskaraz eta besteak ez, “jarrera hauek, zure/zuen ustez, egoera soziolinguistikoak eta euskararen aldeko neurri aski ez hartzeak bakarrik azaltzen baditu”. Ez, Pello, ez dakit zenbat aldiz errepikatu dudan/dugun ja faktore eta aldagai ezberdinen multzoa dela egoera horren erantzule. Tartean, zuk edo nik aipatu ditugunak.

    Dirudienez, Gaizkaren artikuluari erantzunez idatzi duzuna euskaldunok euskara baztertzen dugunaren gainean ohartarazteko idatzi duzu. Datu objektibo bat emateko. Hori aldatzeko desioa adierazteko. Ez duzu deus proposatu. Ez duzu zuzendu beharreko ekinbiderik identifikatu. Ez duzu urratu daitekeen biderik proposatu. Herritar batek kanpaina bati egindako kritika bat karikaturizatzera mugatu zara, nire ustez behintzat, baina argudio sendorik eman gabe. Eskubide osoz, hori bai.

  • “Agintariek egindakoa ebaluatzeko sistema bat eskatzen duzu. Hori ederki dago. Baina hori egin behar den tokian egin behar da, legebiltzarrean, han baitaude herritarren ordezkariak. Eta ardura dutenei eskatu, ez niri” diozu. Aurrekoan ere esan nizun. Euskararen Aholku Batzordeko eta Euskaltzaindiko kide gisara, nik (eta herritar xumeok, oro har) ez dudan (dugun) ardura bat baduzula uste dut, baina tira, horretan ez naiz sartuko. Alta, hori legebiltzarrean egin behar dela diozu, eta horretan ez nator bat. Ez dauka zertan hala izan behar. Politika herritarren zerbitzura jartzeko bide ugari daude. Legebiltzarreko ordezkarien lana badakigu alderdien uneko interes konkretuek zailtzen dutela. Berriki hori azaltzen duen kasu bat bizi izan dut herrialde bateko Batzar Nagusietan: EAJren taldeko bozeramaleak pribatuan esan zidan nik esandakoarekin ados egonda ere, eztabaida konkretu horretan alderdiaren posizio politiko orokorra finkatzea egokitzen zitzaiola. Herritarren parte hartzerako bide zuzen eta berriak (parlamentuez harago), hortaz, posible izateaz gain, beharrezkoak ere badira, edo izan daitezke.
  • Azken 50 urteetan hartutako neurriez: asko hartu dira, bai, ados. Batzuk eskasak, beste batzuk onak, ezbairik gabe. Kontu bat soilik. 50 urteotan zer egin den, diozun bezala, badakigu, eta ebaluatu daiteke. Ondorio asko atera daitezke norberaren ikuspegitik (horiek aztertzeko ikerketa serio eta independienterik ez dagoen bitartean). Gauza batzuetan ados egongo gara, besteetan ez. Ondorio komun bat badugu gutxienez hemen aztergai: 50 urteotan egin direnak egin ostean, euskararen erabileran sekulako hutsune kezkagarria dugu. Hori horrela, ez legoke gaizki azken 50 urteotan egin denari bultzada bat eman eta azken 50 urteotan egin ez denari aukera ematea.
  • Euskaldunok ezin gara beti negarrez ibili. Eta ez gabiltza. Eta eskertuko nuke esapide hori zuzenduko bazenu, euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalketaren gainean begia jartzen duena gutxiestera “bakarrik” badator. Aski da. Euskararen inguruko framing, kontzientzia sozial edo ekinbide berri bat lantzea eta garatzea ez da eskubideen zapalketari arreta jartzearekin kontrajarria. Euskaldunok beti negarrez ibili ordez, kementsu eta gogotsu, alai, sormen ikusgarriz, etsipenari beti aurre eginez, bide berriak probatuz, urratuz bizi garela frogatu dugu. Ezin dugu ahaztu, ez dugu ahaztu nahi, herri honek ez duela bere hizkuntza borondatez baztertu. Ez dugu ahaztu nahi herri hau azpiratzeko hizkuntza ordezkapena eta zapalkuntza ez dela kasualitatea izan. Ez dugu memoria galdu nahi herri euskaldunari kendu eta ukatu zaiona ahanzturara kondenatzeko. Aurrera egin nahi dugu, gibelean utzitakotik ikasita, etorkizunean errepikatu nahi ez duguna ERE presente izanda.


AITOR KALTZAKORTA

 
Errealitate birtual batetik abiatzen den kanpaina birtuala da
2014-06-18 / 13:47 / Aitor Kaltzakorta

Kaixo, Joseba.

Eskerrik asko erantzuteagatik. Zinez eskertzekoa da lerrook zuekin partekatzen ahal izatea.

Harira. Ez dut esan Poziktibity bezalako edo bestelako sentiberatze ekimenak sobera daudenik, kontrakoa baizik. Horren gainean sortzen ari den “aldeko” iritzien kopuru nabarmena jartzen duzu kanpainaren birtualtasunaren frogatzat. Ez nago ados. Areago, euskararen normalizazioari sentsibilitate ezberdinetatik ekarpena egiten dioten zenbaitekin egotea tokatzen zait, eta, kanpaina honen inguruan ere jardun dugu sarri. Denok gatoz bat gauza berdinean. Errealitatearen parte bat nahitara ezkutatuz, errealitate birtual batetik (alegia) abiatzen den kanpaina birtuala da. Etekin birtualak eman eta birtualki baloratuko dena; zuk ja bide batez egin bezala, ala aldeko eta kontrako iritzien inpaktua kalkulatu da? Nik, aldiz, iragandako esperientzietan oinarrituriko hausnarketek egungo kanpaina honekiko eragiten dizkidaten zalantzak eta nire ustez beste norabide batean egin beharrekoak aipatzen ditut. Ez dut hori egiten egurra banatzeagatik, inori errua leporatzeagatik, edo ozpinduta eta negarrez bizi naizelako (Gaizkarena bezalako iritzi kritiko bat errespetatu, konpartitu eta onartzeko kapaz ez denak positibismoa eskatzeaz uste dudana beste baterako utziko dut).

Finean, kezkatik eta gauzak hobetzeko borondatetik idazten dut, eta egoera latzak iraultzeko bizipoz eta kemen dezenterekin, beti bezala.

Bestalde, eta zureari lotuta, ikusiko dugu ea ez den “egia komunikazio-ekimen hau gauza bakartu edo isolatua denik”. Segidan aipatu dituzu Jaurlaritzaren plan eta asmo on guztiak. Hari honetan batzuoi ukatu zaigun “zentzu komuna” da euskaltzale asko aipatu kanpaina kritikatzera garamatzana; ez baita adarra jotzen diguten (edo hori sentitzen dugun) lehen aldia. Zenbat plan egin ditu urte guztiotan EJak euskararen erabilera sustatzeko? Osakidetzak zenbat euskara plan onartu ditu bere sortzetik? Eta Ertzaintzak? Poziktibity gisako lehen komunikazio-ekimena da? Erantzunak bistara daude.

Planak asko eta askotarikoak dira eta izan dira. Azken planek lortu dezaketenaren inguruan kabalak egiteke, aurrekoez (hortaz errealitate aztergarri) jardun dezakegu. Hitz batek laburbiltzen ditu plan horiek guztiak: porrota. Nahi bada, esaldi batek: ez porrota bakarrik, baina porrot etengabea helburuak lortzeari dagokionean.

Aipatu planek, beste hutsune askoren artean, ez dute izan ebaluatzeko sistemarik (eta ez da kasualitatea), orain, aipatzen dituzun horietako baten batek antzeko zerbait noiz edo noiz planteatzen duen arren. Areago, plan horiek betetzeak ondoriorik izan ez dezala bilatu dute planaren sortzaileek eurek, eta euskarari eman diogun neurri sortarekin gertatzen den berdina gertatu da: Eusko Jaurlaritzak berak (eta edonork) euskararen legea ez betetzeak ez du eraginik. Kontsumitzaileen dekretuak ez du zigorrik planteatzen eta betearaztea borondate kontua baino ez da. Legearekin ipurdia garbituz gero, hemen ez da ezer pasatzen.

Koherentzia berriro mahai gainean; gauza bat esan eta beste bat egin.

Osakidetzan kristoren plana onartu berri dute, baina hiru hamarkadaren ostean Osakidetza ez da gai Zumaian pediatra euskaldun bakar bat jartzeko (bete beharreko plazak, legeak, herritarrek eta abarrek hala eskatu arren. Arnasgune askotan ggertatzen da hori, zer esanik ez bestelekuetan). Azken oposaketa guztietan langile erdaldun andana kontratatu dira eta ez dugu administraziotik inoiz inor entzun bi aspektu horiek modu bateratuan baloratzen, isolatuan baizik. Ertzaintzako planaz mintzo zarenean Ertzaintzaren hurrengo Lan Deialdi Publikoan kontratatuko diren euskara ezagutzen ez duten ertzain andana aipatzea ahaztu zaizula uste dut. Ez dut ulertzen beraz plan horrek zertarako balio dezakeen edo zer sinesgarritasun daukan. Are gutxiago urrutira joan gabe azken hileotan Lesakako gazte bati eurekin erdaraz mintzatu beharra ez onartzeagatik eta legea bete dezatela eskatzeagatik desobedientzia delitua leporatu diotenean. Are eta are gutxiago maiatzaren 1ean RENFEko trenean gertatutakoaren ostean Jaurlaritzatik esan denean Gipuzkoan ere ezin dela beti bermatu Ertzaintza behar izanez gero ertzain euskaldun bat bertaratzea.

Justizia administrazioarenarekin ez dakit merezi duen sartzea ere… Iragan astean DBus autobus zerbitzuko gidariek euskara ulertzea beharrezkoa ez dela ebatzi zuen epaile batek. Bere argudioen artean Donostiako egoera soziolinguistikoaren datuak eskutan hartuz euskarak bertan duen presentzia eskasa eta erabiltzaile euskaldun horiek gazteleraz badakitena zeuden. Irribarrea jantzi eta epaile hori munduko poziktibity guztiarekin seduzitzea eta euskarara erakartzea zure kontu, bale, Joseba? Gutxienez euskaldunon hizkuntza eskubideekiko errespetua izan dezan, ze epaile horrek euskara ikastea aski nekeza begitantzen zait.

“Poziktibity, honenbestez, osotasun horren barruko ekimen-lerro bat da, beste askoren artean. Gauzak normalago hartu behar dira, Euskarak azken hogeita hamar urteetan izan duen aurrerabidea ikusgarria da (…) Baina bilakaera soziolinguistiko eraldagarriak ez dira 100 metroko lasterketa azkarrak” diozu. Ados! Kritikak ere normalago hartu behar dira, eta horiei erantzun, ez existituko ez balira bezala egin, edo horiek azaleratzen dituztenak negarti, zentzu komunik bakoak edo txepelak edo dena delakoak bezala tratatu ordez. Lasterketa azkarrik ez dugu inork planteatu. Bide berriak urratzea, aldiz, bai.

Bukatzen hasteko, euskara “ezagutu beharrekoa” izan dadila aldarrikatzeak kezkatzen zaitu. Gustatuko litzaidake hori hobeki azalduko bazenu. Izan ere, “euskararen inposaketa” delakoaren izuaren diskurtsoari loturiko kezka artifizial bezala bizi dut nik hori. Jendartearen jarrera aldaketak legeak eginez ere aldatu daitezke, eta legeek, betebeharrak eta eskubideak erregulatzen dituzte, edo erregulatu beharko lituzkete. Gaztelania eta frantsesa, esaterako, derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntzak dira Euskal Herrian. Horiek jakiteko betebeharra zehazten du legeriak eta inor gutxi asaldatzen du horrek. Inposatzekotan, hortaz, ez da euskara inposatzen dena.

Eusko Jaurlaritzako bulego batean zigarreta bat pizteagatik jasoko duzu ziur, bertako zaindariek errieta egingo dizute, eta ingurukoek ere ziur aski, erretzaile zein ez erretzaileek. Urte gutxi batzuk atzera pentsaezina zen hau. Autoan uhala jarri gabe gidatzen baduzu ere isuna jarriko dizu ziurrenik euskaraz artatuko ez zaituen ertzainak. Kalean alkohola edan edo pixa egiteagatik berdina, edo ogasunetik erreklamatzen dizutena ez ordaintzeagatik, bizikletan 16 urte bete gabe kaskoa ez eramateagatik, emaztea jipoitzeagatik eta abar.

Neurri horiek euren zigorrak dituzte ondoan. Eta herritarren jokabide eta jarrerak eraldatu dituzte epe laburrean, edo helburu horiek dituzte. Mezua garbia da: Aquariumean zigarreta bat piztea larriagoa da poliziak berak legea ez betetzea baino, beti ere, lege hori, euskarari badagokio.

Ze prestigio eman nahi diogu euskarari, argi eta garbi, eskubideen zerrendan bete beharreko azkena edo bete behar ez dena denean? Zein da herritarrei instituzioetatik ematen zaien eredua? Onartuko al genioke Jaurlaritzari euren funtzionarioetako askok eta askok modu argi batean emakumeen aurkako biolentzia (ez fisikoa) erabiltzen duten bitartean (planak plan) eta biolentzia hori guztiz doakoa denean (zigorrak eragitearen ikuspegitik). Emakundetik, izen berarekin eta edukiak moldatuta, Poziktibity aurkeztuko balitz?

Traumatologoak “conmigo en euskara vas fatal” harro asko erantzuten didanean, edo kotxeko dokumentazioa eskatzeko ertzainek (denak erdaldunak ia beti) geratzean neure eskubideei neronek uko egin eta gaztelerara pasatzera behartuta sentitzen naizenean, epaiketa batean hizkuntza ofizialean eta interpreterik gabe deklaratzeko hautua egiteagatik justizia nirekin hain justua izango ez dela sentitzen dudanean, edo harakinari euskaraz egiteagatik bakarrik gaizki begiratu edo artatzen nauenean, eta, finean, euskaraz bizitzeko hautua egiteak kolpe dezente ekarriko dizkidala dakidanean bortxatuta sentitzen naiz.

Bortxatuta, bai, bazterkeriaren eta injustiziaren biktima, enegarren mailako herritar. Eta normalean fisikoa izan ez eta ikusteko gaitzagoa den biolentzia baten biktima ere sentitzen naiz. Eta ikusten dut euskaldun izateagatik eta euskaraz bizitzeko eskubidea egikaritu nahi izateagatik soilik nagoela jazarrita zentzu horretan. Eta ikusten dut hau sentitzeagatik isilean egin behar dudala penitentzia, bestela negarti bat bainaiz, eta euskararen normalizazioa zapuzten ari den burugabea… Euskaltzaleon artean ari garela diozu, eta benetako dema eremu honetatik atera eta eztabaidok beste sektore batzuetan ematean dagoela gakoa. Ados horretan. Horregatik, ez ditzagun debate publikoak behar dituen edo interesatzen ez zaizkigun aferaren dimentsioak ezkutatu, eta, ireki diezaiogun jendarteari eztabaidarako plaza, taburik gabe. Edo, bestela, har ditzagun “bestelako” neurri batzuk, eztabaida bera bakarrik zabalduko da-eta.

Eta barkatu hau esatearren 10 edo 100 erdaldun euskaratik urrundu baditut, baina egia da eta ezin dut isilpera kondenatu.

AITOR KALTZAKORTA

 
Egin behar ez denaren eredu
2014-06-19 / 10:28 / Aitor Kaltzakorta

Azken hitz gisara, esan behar dut egin behar ez denaren eredu izan garela hemen. Bakoitza berean gotortuta, eta, ni behintzat, formak gutxi zainduta edo zaindu gabe. Barrenak husteko terapiak eremu pribaturako utziko ditut hurrengoan, zin dagit. Lokatzetan igeri egiteak esfortzu handia eskatzen du metro gutxi aurreratzeko. Hainbeste lerro gauza hain sinpleak esateko... Hurrengoarekin aski nuen:

  • Poziktibity egitasmoaren helburuak eta egitasmoa bera onak dira berez. Euskaldunon hizkuntza eskubideen egoera latza ezkutatu zein euskaldunok gure kabuz eta borondatez euskara baztertu dugula irudikatzen bada, aldiz, akats larria da.
  • Poziktibity komunikazio ekintza bat den heinean teoriari koherentzia emango dion praktikaren eskutik joan behar da, eta horren inguruan ikuspegi aski ezberdinak daudenez euskaltzaleen artean, bide eman behar zaie euskaltzaleen kezka, zalantza eta kritikei, naturaltasunez.
  • Euskararen erabilera sustatzeko, euskarari atxikitzeko herritarrok ditugun motibazio ezberdinak jorratu behar dira, eta hor hankamotz dabil Poziktibity. Kontzientziaziorako tresna ezberdinekin joan beharko luke eskutik egitasmo honek.
  • Euskararen erabilera eskasaren erantzukizuna hiztunon edo hiztun komunitatearen gainean ezartzen dituzten mezuak hedatzen diren neurri berean, gutxienez, beste erantzukizun batzuk onartu eta autokritika ere egin dezakete Poziktibity sustatu dutenek. Eta egin beharko lukete. Onartezina da euskara erabiltzeko mezuak zabaltzea bere zerbitzu asko eta askotan euskara erabiltzen uzten ez duen erakunde batetik. Hori egitekotan, gutxienez, norbere gabeziak onartzetik hasi beharko litzateke.
  • Argi dago, Quebecen, Finlandian, Estonian eta beste hainbat lekutan gertatu den gisa berean, Euskal Herrian ere euskarari lehentasuna eman, ezagutu beharreko hizkuntza gisara ezartzea eta legea honen normalizazioaren mesedetara jartzea (hizkuntza eskubide guztiak bermatuz) erabilera sustatzeko ezinbesteko faktore biderkatzailea dena.
  • Beste eskubide humano, zibil eta politikoekin gertatzen den bezala, ezin da onartu, justifikatu edo garrantzian gutxitu euskaldun izateagatik edo euskaraz bizi nahi izateagatik soilik euskaldunok bazterkeria, eskubideen murrizketa eta abar pairatzea. Aldatu "euskara" edo "euskaldun izatea" azalaren koloreagatik, generoagatik, klase sozialagatik edo dena delakoagatik. Egin ariketa, mesedez. Euskararen erabilera sustatzeko euskaldunok bizi dugun eguneroko baztertzailea den bezala agertzea ezinbestekoa da, bestela egoera irrealetako arazoei irtenbide irrealak ipintzen ibiliko gara.

Beste bat arte, milesker eta ongi segi.


AITOR KALTZAKORTA

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus