Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskalduntzea etorkizun hurbilean.

Euskalduntzea etorkizun hurbilean.

2014-03-17 / 07:00 / Eneko Haritza Garaialde Etxaburu   IRAKASKUNTZA

Helduen euskalduntzearen sektorea desagertzeko joerarekin sortu zen: gizartea euskaldundutakoan, etorri berrientzako euskaltegi gutxi batzuk beharko ziren, soilik.

Gaur, etorkizun hurbila irudikatzen dugu:

AEKko kideek akordioa sinatuko dute Udalbiltzarekin, eta telebista-kate berria izango dugu: bogan.tb. Bertan, irakasle talde batek eskolak emango ditu, gau eta egun. Ez dute gastu handirik izango: plato bat, eta kamera eta foku pare bana. Ikasgaiak eman eta eman ariko dira, maila guztietakoak, eta esaldiak errepikarazten, etxeko besaulkian hanburgesa jaten lasai arraio daudenei –"Gustatxen" ez! "Gustatzen", pizza bezala!–.

Eskolak emateaz gain, beste saio batean, Kike Amonarrizek proposatuko digu ostalari euskalgabeen eta kaleko erdaldun elebakarren aurrean nola jokatu, ohikoa duen umore eta baikortasunarekin. Zenbait baliabide ere erakutsiko dizkigu, euskaldungaiei hizkuntzan integratzen laguntzeko. Coaching saio tipikoa izango da, baina gurera egokitua –Cesar Millan euskaltzalea: Bidera ezazu zeure baitakoa euskalduna! Izan zaitez zeure hizkuntza hautuaren jabe!–.

Saioen arteko tarteetan, iragarkiek sustatuko dute erdaldun elebakarrak euskara estimutan hartzea eta euskarara hurbiltzea –Guk, euskaraz; zuk, zergatik ez?–.

Eusko Jaurlaritzak ere partida berria irekiko du aurrekontuetan, eta HABEren web gunean doan eskainiko ditu euskara ikasteko dauden programa informatikoak (Boga, Aisa…), ariketen erantzunak automatikoki ematen dituztela eta matrikulaziorik egin beharrik gabe.

Horrela, euskara ikasteko aukera mundu guztiari eramango zaio etxeraino, musutruk.

Azken batean, helburu bera baitute administrazioak eta euskaltegiek: herri honen berezko hizkuntzak jasandako kaltea erreparatzea eta gizartea euskalduntzea.


(ENEKO ARITZA GARAIALDE ETXABURU euskara irakaslea da).

  • Estreinakoz zuzeu.com agerkarian argitaratua, 2014-03-14an.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus