Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararekin profesionaltasuna erakutsi.

Euskararekin profesionaltasuna erakutsi.

2014-03-26 / 07:00 / Karmelo Aiesta   BESTELAKOAK

Nazioarteko lan-ibilbidean ikusi dut zein baloratuta dagoen eleaniztasuna profesionalen gaitasuna neurtzeko orduan. Mundu globalizatu honetan, eleanitza izatea ezinbestekoa da lanbide askotarako. Multinazionalek hizkuntza bat baino gehiago menperatzea eskatzen dute kontratatzeko orduan, eta oso baloratzen da hainbat hizkuntza ikasteko gaitasuna; batetik, lanerako oso baliagarria delako, bestetik, profesionalaren adimen-gaitasuna frogatzen duelako.

Hemengo herritar batzuek, berriz, kontrako aurreiritzia daukate barneraturik: hizkuntza bakarra (gaztelania, noski) erabiltzeko gauza diren langileak profesionalagoak omen dira eleanitzak baino. Era honetako galderak entzun daitezke: Baina zuk zer nahiago duzu, mediku ona izan dadin ala euskaraz egin dezan? Profesionaltasuna eta euskara bateraezinak balira bezala, bata edo bestea aukeratu beharrean jartzen gaituzte; egia , ordea, kontrakoa da: bata eta bestea lotuta doaz.

Bezeroak hurbilago sentitzen du zerbitzua ama-hizkuntzan eskaintzen zaionean. Harreman estuagoa sortzen da zerbitzu-hornitzailearen eta bezeroaren artean, eta bezeroak hornitzailearekiko leialtasuna garatzen du. Zerbitzua bezeroaren ama-hizkuntzan eskaintzen denean , hornitzaileak adierazten du, inplizituki, haren nahiak eta premiak benetan axola zaizkiola, eta eskaeraren aldaerei egokitzeko gauza dela. Zerbitzua bezeroak nahi ez duen hizkuntzan inposatzen denean, berriz, norberaren lehentasunak jartzen dira bezeroaren aurretik, eta eskaerari erantzuteko ezintasuna erakusten da.

Batzuen ustez, mundu osoan zabalduta dagoen iritzi horrek badu salbuespenik: euskararen kasua. Arraroa, ezta? Beste batzuek, ostera, euskal hiztunak ez izan arren, argi ikusten dute bertako hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa dela lana ondo egiteko. Guillermo Dorronsoro Industria-Ingeniaritzan doktore da, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordea da. Enpresarean azokan globalizazioari buruzko aurkezpena egin zuen, erdaraz. Hitzaurrean, barkamena eskatu zuen aurkezpena euskaraz egiteko gaitasunik ez zuelako, honako hitz hauekin: "Badakit, IK4en eta Deustuko Unibertsitatean ditudan ardurak edukita, euskaraz hitz egin beharko nukeela, eta euskara sustatu. Derrigorrezkoa dela uste dut, eta ondo dakit (euskara) gabe ezin dudala nire lana ondo egin."

Medikuek, banku-arloko exekutiboek, abokatuek, ingeniariek eta gainerako profesional guztiek bi gauza erakusten dute euskara erabiltzen dutenean: lehena, bezero euskaldunak garrantzitsuak direla haientzat; bigarrena, gaitasuna dutela bezeroaren hizkuntza, euskara, erabiltzeko. Profesional elebakarrek, ordea, ez dituzte bi dohain horiek agertzen; Dorronsoro doktoreak badaki hori.

Euskal hiztunok hainbat zerbitzuren bezero gara, hau da, zerbitzu-erosleak gara. Erosle profesionalek ondo dakite zer egin hornitzaileak ez duenean eskariei erantzuteko gaitasunik, eta bezeroaren iritziak bost axola diola erakusten duenean: hornitzaileari jarrera aldatzeko eskatu, eta kasurik egin ezean, hornitzailea bera aldatu, lehenbailehen.

Bezero-rola profesionaltasunez jokatzen denean, hornitzailearen lehiakortasuna indartzen da, eta garapena eta hobekuntza bultzatzen dira. Nahiak betetzen ez dituzten zerbitzuak onartzen direnean, ordea, erdipurdiko hornitzaileak garatzen dira, eta norberaren eta hornitzailearen lehiakortasuna kaltetzen da.

Komunitatea garatu eta lehiakor izan nahi badugu, bi zeregin ditugu euskal hiztunok. Alde batetik, profesionaltasuna erakutsi gure lanean, eta zerbitzua bezeroak nahi duen hizkuntzan eskaini; horrela gure lehiakortasuna indartu egingo da. Bestetik, profesionaltasunez jokatu behar dugu bezero-rola, eta profesionaltasuna eskatu zerbitzuak eskaintzen dizkigutenei. Zerbitzua bertako hizkuntzan eskaintzeko gaitasunik ez duenak badu zer hobetu. Geure eginkizuna da hori gogoraraztea, eta, zerbitzua hobetu ezean, aukera beste hornitzaile bati ematea; lehia sustatzea baita, batzuetan, motibatzeko biderik eraginkorrena.


(KARMELO AIESTA idazlea da).

  • «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuko pasartea da "Profesionaltasuna" ataletik hartua. Liburuaren laburpen-bideoa HEMEN eta bloga HEMEN

Ildo bereko artikuluak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus