Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  %100 basque.

%100 basque.

2014-03-21 / 07:00 / Karmelo Aiesta   BESTELAKOAK

Hobetzeko ezin da hobezintasunetik abiatu. Ikasteko apaltasuna behar da, eta onartu behar da norbera ez dela ezertan perfektua. Nork bere burua inperfekzio guztiekin balioesten duenean, orduan zabaltzen da hobetzeko aukera: zalantzak, kezkak eta beldurra desagertu egiten dira, eta erronkari aurre egiteko konfiantza eta segurtasuna sentitzen dira.

Euskaldun batzuek uste dute euskaraz hitz egiteko euskaldun perfektuak izan behar dutela; Itxaro Bordak esango lukeenez, %100 basque. Nago aurreiritzi horrek mesede eskasa egiten diola euskararen erabilerari.

Familiako bazkaria izaten dugu asteburu askotan, eta bertan euskaldun zaharrak eta berriak biltzen gara. Elkarrizketa gaztelaniaz izaten da gehienetan. Izan ere, euskaldun berri batzuk ez dira gauza euskaraz ahoa zabaltzeko. Ez da harritzekoa: senide bat, euskaldun zaharra bera, beti dago erne, eskopeta kargaturik, lehen gerundioa noiz pasatuko:

  • Bazkalchen! Chen! Euskera ya habrás aprendido pero pronuncias como los de fuera. Tienes que aprender a decir tzzzeee. Mira es fácil, la lengua...

Hurrengo bost minutuetan, tz ahoskatzeko mihiaren kokapenari buruzko tesi ezin adierazgarriagoa jasan behar dugu, baina erdara hutsean, noski.

Bazkarian, euskaldun berriak ez dira euskaraz eroso sentitzen, eta ulertzekoa da: burdinazko halakreta izan ezean, argi geratuko zaie %100 basque izan behar dela euskaraz hitz egiteko, eta beraiek ez dutela behar besteko gaitasunik, erraztasunik, eta perfekziorik. Baina zergatik egiten du erdaraz euskaldun zaharrak?

Euskaldun zaharrak ere perfektua izan behar duela deritzo; berak badaki erdarakada asko sartzen dituela, eta batuan erabiltzen diren berba batzuk ez dituela ezagutzen. Bere inperfekzioak onartu beharrean, nahiago du besteenak erakutsi eta erdaraz hitz egin.

Gertukoekin hizkuntza-portaera aldatu nahi dugunean konfiantza hedatu eta zalantzak uxatu behar ditugu. Inor ez da perfektua: norberaren inperfekzioak azaldu eta bestearenak estimatu behar dira. Izan ere, solaskideak sentitzen duenean euskaldun inperfektua izateagatik gehiago balioesten dugula haren jarduna, orduan galduko du beldurra eta sentituko du erronkari aurre egiteko konfiantza.


(KARMELO AIESTA idazlea da).

  • «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuko pasartea da "Alcoholics Anonymus" ataletik hartua. Liburuaren laburpen-bideoa HEMEN eta bloga HEMEN

Ildo bereko artikuluak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus