Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Beltza eta euskalduna.

Beltza eta euskalduna.

2014-03-12 / 07:00 / Karmelo Aiesta   BESTELAKOAK

Orain gutxi, Dima aldera bizikletaz nindoala, txirrindulari beltz bat pasatu nuen. Dimako iturrira heldu eta ura hartzeko gelditu nintzen. Txirrindulari beltza hurbiltzen ikusi nuen eta nire buruko bi hemisferioak elkarrizketa iskanbilatsuan hasi ziren:

  • Gizon beltza, euskaraz ez daki, hispanoa izango da: egiozu erdaraz - esan zidan ezker hemisferioak.

Eskuin hemisferioak, berriz, adiskidetasun- eta enpatia-emozioak bidali zizkidan; etxekoa izango balitz bezala hartzeko gogoa nuen, euskaraz.

  • Gaizki hartuko du, errespetu falta da. Gizagaixoari estualdia pasaraziko diozu – berriz ere ezkerrekoak.

Nire burutazioetan galduta nenbilela, gizonak agurtu egin ninduen:

  • Sargorie, gaur dauena! Ur freskue ondo etorko jaku! – esan zidan bizkaierak duen soinu musikalaz; baserrian hazitakoa izango balitz bezala.

Bai, itoteko moduko beroa dago gaur – erantzun nion, eta euskaraz jarraitu genuen elkarrizketa. Aldi berean, liberatuta eta lotsatuta sentitu nintzen.

Urte askoan, kanpokoa eta ezezaguna arriskutsuak izan dira euskaldunontzat; euskara arrotza zitzaien, eta isildu eta desagerrarazi egin nahi zuten. Zalantzaz eta beldurrez tratatzen ikasi genuen. “Ezezagunari erdaraz, badaezpada ere” jokabide-eredua barneratu genuen ezker hemisferioan. Jokabide-eredu hori zaharkitua dago, baina oraindino bizirik.

Batzuetan jaramon gehiegi egiten diogu ezker hemisferioko pentsamenduari eta gutxiegi eskuinekoak bidalitako mezuei, sentsazioei eta emozioei. Baina gogoratu behar dugu ezker hemisferioan daudela muga mentalak eta errealitatea antzemateko erabiltzen ditugun iragazki mugatzaileak. Bertan gordeta ditugun nortasuna- eta jokabide-ereduen arabera jardunez gero, erosotasun-eremuan murgilduta biziko gara: aurretik ikasitako ohiturak erabiliko ditugu. Baina ohitura horiek ez dira aproposak garapenerako eta eboluziorako.

Jokabide zaharrek emaitza berdinak errepikatzeko baino ez dute balio; ingelesez esaten den legez: if you do what you did, you get what you got. Marka berriak lortzeko, berriz, eskuin hemisferioko energia mentala askatu behar da: emozioei eta sentsazioei jaramon egin behar diegu.

Ezezagunak etxekoak bezala hartzen ditugunean eta kanpokoei gutarikoak izateko aukera ematen diegunean, ondo sentitzen gara.

Euskaraz egiten diegunean, adiskidetasuna, enpatia eta hurbiltasuna sentitu eta adierazi egiten ditugu; eta, aldi berean, arrazakeria eta bereizkeria albo batera uzten ditugu.

Atleta euskaldunok, euskararen erabileran marka berriak lortu nahi baditugu, jokabide zaharrak baztertu eta eskuin hemisferioak bidaltzen digun energia mentalari erreparatu behar diogu: ondo sentiarazten gaituzten jokabide-ereduak errepikatu eta ohitura berriak ikasi. Izan ere, ezezagunari euskaraz egiten diogun bakoitzean, gure marka hobetu egiten dugu.


(KARMELO AIESTA idazlea da).

  • «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuko pasartea da "Burua eta bihotza" ataletik hartua. Liburuaren laburpen-bideoa HEMEN eta bloga HEMEN

Ildo bereko artikuluak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus