Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Goza daiteke gehiago: Euskaldun baten hizkuntza-bidaia.

Goza daiteke gehiago: Euskaldun baten hizkuntza-bidaia.

2014-03-06 / 07:00 / Karmelo Aiesta   HIZKUNTZA

Aldaketa sakona da hizkuntz ohitura berria barneratzea. Batzuetan pentsatu izan da gaitasuna lantzea nahikoa dela euskararen erabilera sustatzeko, baina erabilerari buruzko datu estatistikoek agerian jarri dute bide berriak jorratu beharra dagoela. Liburu hau, batez ere, euskalduntzearen gaineko hausnarketa originala da.

Ur sakonetan murgiltzen gaitu liburuak hasiera-hasieratik. Defendatzen duen tesia da harremana dagoela euskaraz bizitzeko motibazioaren eta norberaren balioen artean. Hiru dira, euskara sustatzeko, autoreak proposatzen dituen balioak: integritatea, asertibitatea, eta erantzukizuna. Integritatea “esan eta izan” dela diosku, eta, integritatez biziz gero, ezin dela norbera euskalduna dela esan eta euskaraduna ez izan. Asertibitatea, berriz, barruan daramaguna adieraztea da. Autorearen iritzian, euskara erabili ezean, gure euskaltasuna ostendu egiten dugu eta, beraz, faltsutu gure izaera; asertibitateak euskaldunoi euskara erabil dezagun eskatzen digu. Hortaz, euskaldunok gara euskararen erabilera-mailaren erantzule. Errua besteei botatzeak ez du laguntzen, ardura besteengan jarrita zalantzan jartzen baitira norberaren ahalmena eta askatasuna. Autoreak dio, dagokigun erantzukizuna onartu ezean, gureak egin duela.

Baina liburu hau ez da hausnarketa hutsean geratzen, Izan ere, aldi berean, erabilera sustatzeko proposamena ere bada. Horretarako, hainbeste landu den soziolinguistikako ikuspegitik urrunduta, hainbat jakintza-arlotako ideiak hartu ditu autoreak. Azken finean, hizkuntz ohitura berria barneratzea hobetze-prozesua baino ez da, autorearen iritzian.

Teoriak probatzeko, bere buruarekin esperimentatu du autoreak, eta bizipenak narrazioen bidez azaltzen ditu. Euskararen gaineko hainbat aurreiritzi topatu ohi dira euskalduntze-bidean. Horiei azala kendu, eta mamia ustel duten edo ez ikusten da liburuan. Batzuetan, aurreiritziok iraungitako usteak baino ez dira; beste askotan, gezur hutsa. Liburuak aurreiritzion gaineko hainbat gogoeta eskaintzen ditu, eta hizkuntzak kohesioarekin eta profesionaltasunarekin dituen loturak, hizkuntzaren erakargarritasuna, eta euskara eta abertzaleen arteko harremana dira hausnarketa-gai.

Erraz ulertzeko moduan dago idatzita liburua, ideiak oso argi azaltzen dira, eta narrazioek mamia barneratzen sano laguntzen dute. Bere laburrean, liburu sakona eta indartsua, irakurlea hotz uzten ez duen horietakoa.

(Liburu fitxa: Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia. Karmelo Ayesta, 2014. Arg.: Utriusque Vasconiae)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus