Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal Osasun Eredua

Euskal Osasun Eredua

2014-02-20 / 06:58 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Ondorengo artikuluan Aitor Montes medikuak, hizkuntza kudeaketari dagokionez, gure osasungintzak nolakoa izan beharko lukeen irudikatu du. Hona hemen, erabili.com-erako idatzi duen artikulua:

Berritsuak mingaina luze, eta Osasungintza errotik, goitik behera euskalduntzearen garrantziaz luze hitz egin dugu (ikus Osasungoa eta hizkuntzen galera, erabili.com 2013-7-24, Diario de Noticias de Alava 2013-10-5; Orain osasungoak du lehentasuna, erabili.com 2013-9-13; Ahanzturaren ibaia, erabili.com 2013-10-29; eta gazteleraz berritan La sanidad y la pervivencia de las lenguas, Gara 2014-1-27 eta Euskaldunizar Osakidetza, Diario de Noticias de Alava 2014-1-31). Gizon txikia berritsu handia omen, baina dagoena ikusirik hanka sartzeko beldur barik ukondoa hondoraino sartu beharrean gaude.

Su gabeko kerik ez dago, eta osasun zerbitzua euskaraz eskaini eta jasotzeko historia klinikoa euskaraz garatzea nahitaezkoa da zalantzarik gabe, zirkuituen edo ibilbideen bitartez. Baina nire ustez gauza bat da osasun arreta euskaraz (oinarrizko eskubidea) eta beste kontu bat osasungoa osorik euskalduntzea. Osasungintza euskaldundu, baina nola? Asmoak askotan amets goxoak baino ez dira, batzuen hitza eta ahuntzaren gauerdiko eztula gauza bera sarri, eta proposamen zehatzak ezinbestekoak dira. Horregatik, oraingoan osasun arloa euskalduntzeko bitarteko egokiak aztertzera goaz, Osakidetza (EAEra mugatuko naiz) bere osotasunean hartuko duen kiribila jorratzera; Euskal Osasun Eredua hain zuzen. Zergatik kiribila? Langileak eta erabiltzaileak erakartzeko tresna egokia izanik gero eta zabalagoa izango delako, erakunde osoa arian-arian (uste duguna baino arinago egia esan), modu progresiboan bere egingo duena, hezkuntzan gertatu den moduan, horrela Osakidetza kiribila horretan murgildurik oso osorik euskaldunduz.

Alferra izanik, alferrik lan egitea ez dut gogoko, eta ez dut ezer berririk asmatu. Izan ere, esan bezala hezkuntzan ereduak aspaldikoak dira. Urrun heldu nahi bada ez dago zertan zaldia lehertu, eta aurrera egiteko, helburuak lortzeko, emulazioa da biderik errazena eta eraginkorrena; eginda dagoenaz baliatu, gehiegi ez nekatzearren. Edo esaera zaharrak dioena: ikusi eta ikasi. Hezkuntzak egin duen bideari jarraituz, kopiatuz, osasungintzan hizkuntza ereduak sortu eta antolatu behar dira. Erdal eredua edo erdarazko eredua, horrela nahi duenarentzat; eta euskaldunontzat euskal eredua, zeinak lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza euskara izango duen. Inposaketarik gabe, bazterketarik gabe, hierarkiarik gabe, beti ere erabiltzailea ardatz duelarik. Bakoitzari berea.

Baina osasun-langilea ez denari edo osasun arloan lan egiten ez duenari (ez da gauza bera) horrelako gauza bat ulertezina gerta dakioke. Goazen beraz osasun zerbitzuaren antolaketa gainetik aztertzera, lehen mailako arreta hain zuzen.

Ez da erraza lehen mailako arreta definitzea, medikuak ere ez gara horretan ados jartzen. Osasun sistemaren ardatza eta gunea da batzuen iritziz, familiari, gizabanakoari eta komunitateari eskaintzen zaion osasun arreta. Osasun sistemaren sarrera izango litzateke, erabiltzailearentzat gertu edo hurbilen dagoena, eta gehien erabiltzen dena.

Lehen mailako arreta familiako medikuek eta erizainek burutzen dute, erabiltzailea heldua denean, edo pediatrek, haurra denean. Mediku edo pediatra bakoitzak artatzen duen jende multzoa edo kopuruari kupoa deitzen zaio. Gauzak horrela paziente, gaixo edo erabiltzaile bakoitzak mediku edo pediatra bat dauka, eta era berean, mediku bakoitzak bere izenera paziente-kopuru bat dauka. Familiako mediku bakoitzak 1200-1600 paziente kudeatzen ditu, eta pediatra bakoitzak 800-1000 haur. Gehienetan herri bateko erabiltzaileak dira, baina ez beti. Izurtzak eta Mañariak esateko kupo bat osatzen dute, familiako mediku batekin. Haurren kasuan, herri txikietan ez dago pediatrarik, umeen kopurua nahikoa ez delako. Aramaion adibidez, pediatra Arrasaten dago.

Lehen mailako arreta leku edo zentro ezberdinetan burutzen da. Euren kokapena, tamaina, langileen kopurua eta eskaintzen duten zerbitzuaren ezaugarrien arabera, hiru motatako zentroak daude: kontsultategiak, osasun zentroak eta anbulatorioak. Ez dira gauza bera.

Kontsultategia herri txikietan kokatzen da. Leku gehienetan medikua eta erizaina bakarrik daude, eta zenbaitetan, administrari bat. Herri txikiek biztanle gutxi dauzkate, eta sarritan, mediku bakarra dago elkarren ondoko bi herritan osasun-arreta eskaintzeko. Morgan eta Errigoitin adibidez, mediku bakarra dago. Hauek kupoak dira. Kupo bat, herri bi. Kontsultategietan ez da pediatrarik egoten.

Osasun zentroa handiagoa da: bertan familiako medikuak, erizainak, zeladoreak, administrariak eta beste langile batzuk egon daitezke. Hedatuen dagoen eredua da hau, edo ezagunena, herri gehienetan ikusten duguna: Mungia, Bermeo, Durango (Landako), Usansolo, Zornotza, etab. Osasun-zentroetan pediatriako zerbitzua eskaintzen da.

Azkenik, anbulatorioa dugu. Hemen, osasun-zentroan bezala, mota ezberdinetako langileak daude, baita espezialistak ere. Hau da, arreta espezializatua edo bigarren mailakoa egiten da hemen, lehen mailako arretaz gain, eta handiagoak izaten dira. Galdakaoko adibidearekin jarraituz, Larrabetzun kontsultategia dago; Usansolon osasun-zentroa, eta Galdakaon anbulatorioa. Larrabetzuko erabiltzaileek familiako medikua bere herrian daukate, baina arreta espezializatua jasotzeko Galdakaora joan beharko. Anbulatorioak garrantzitsuak izango dira gure proposamenean, berton kontsulta jerarkizatuak daudelako, ospitalez kanpoko arreta espezializatua alegia, eta zirkuituak eratzeko aukera eskaintzen dutelako.

Hau guztia antolatu behar da noski, eta unitate ezberdinetan antolatzen da, kokapena eta biztanleriaren arabera. Oinarrian, zentroak daude: kontsultategiak, osasun-zentroak eta anbulatorioak. Hauek elkartu egiten dira, LMAU bat (Lehen Mailako Arreta Unitatea) eratuz. Galdakaoko LMAU noski, Galdakaoko anbulatorioan kokatzen da, bertan lehen mailako arreta eta arreta espezializatua (ginekologia, traumatologia, errehabilitazioa, pneumologia, etab.) eskaintzen direlarik. LMAU honen barruan, Usansoloko osasun-zentroa eta Aperribai eta Larrabetzuko kontsultategiak sartzen dira.

LMAU hauek eskualdeka elkartzen dira. Lehen mailako arreta eremu geografiko zabalagoan kudeatzen duten unitateak dira eskualdeak. Bizkaian hauek dira: Ezkerraldea-Enkarterri, Bilbo, Uribe, eta Barrualdeko Eskualdea. Araban, Araba Eskualdea. Eta Gipuzkoan Gipuzkoako Eskualdea, Goierri-Alto Urola, Bidasoa, Debabarrena eta Debagoiena.

Azken urteotan lehen mailako arretaren eredua errotik aldatzen ari da, eta Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) eredua hedatuz doa. Eredu honek lehen mailako arreta eta arreta espezializatua uztartzen ditu, bere esparruan eskualdeko ospitalea eta osasun zentroak hartzen dituelarik. Gipuzkoan Debagoieneko ESIa, Debabarreneko ESIa, Bidasoako ESIa eta Goierriko ESIa daude dagoeneko.

ESIek bi atentzio moduak, lehen mailakoa eta ospitalekoa, egituraketa bakarrean ezartzea daukate helburu, laguntza edo arreta-prozesuen jarraipen egokia egiteko eta baliabideen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko. Kronikotasunaren erronkari aurre egiteko tresna egokiak omen dira ESIak, baina bide batez, euskararen zirkuituak edo ibilbideak eratzeko baliabide aproposak ere izan daitezke, esan bezala lehen eta bigarren mailako arreta uztartzen dituztelako. Azpimarratzekoa da ESIen kontzeptua Erakundearen hitzetan: “Pazienteak kontzeptu integral eta ez noizbehinkako batetik hartuta, osasun-zerbitzuen antolaketa diseinuaren ardatz nagusi bihurtzen ditu.” Osakidetzak, euskarazko osasun-arreta eskaintzeko orduan, egiten duenaren aurkakoa hain zuzen ere.

Hortaz, nola antolatu euskal eredua? Herri txikietan, esan bezala, mediku bakarra dago, eta eredu elebiduna derrigorrezkoa da; gaur egun zoritxarrez eredu elebakarra dago herri askotan, gaztelera hutsean jakina, nahiz eta herri euskaldunetan erabiltzaileak erdara hutsean hitz egitera behartzea bidezkoa ez izan. Egoera lazgarri hau konponduko ote den ikusteko dago, baina mementoz hizkuntza eskubideen urraketa argia eta lazgarria dela argi dago. Baina osasun-zentroetan askoz errazagoa izan daiteke. Kupo berriak sor daitezke, edo daudenak egokitu, kupo euskaldunak eta erdaldunak sortuz, herritarren eskaeraren arabera. Kupo euskaldun batean medikua eta erizaina euskaldunak egongo lirateke noski, eta biak ala biak euskaldunak izanik, gereziak gerezia dakarren legez, lan-hizkuntza euskara izango litzateke: aplikazio informatikoak eta lan-tresnak ere euskaraz, historia klinikoa euskaraz, alegia. Eta lehentasunezko hizkuntza euskara aukeratu duten erabiltzaileak kupo horretara bideratuko lirateke, zerbitzu- eta lan-hizkuntza uztartuz, ahoz eta idatziz. Kontuan hartu behar dugu kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan burutzen dena dela, eta pazientea euskalduna bada, bere ama hizkuntza euskara badu, euskara eta kalitatea banaezinak direla. Hau guztia aurrera eramateko noski, pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa egin behar da, ez erabiltzaile berriena bakarrik, guztiona baizik. Dena den, osasun-langile eta erabiltzaileen arteko hurbiltasuna eta konfiantza funtsezkoak dira, eta ez da egongo inolako arazorik mediku euskaldunek paziente erdaldunak artatzeko, edo alderantziz. Ez dugu ahaztu behar lehen mailako arretan familiako medikuak daudela, eta gaur egun sendi berean bi hizkuntza ofizialek lekua izan dezaketela. Erabiltzaile erdaldunak mediku euskalduna aukeratzeko eskubidea izan behar du, eta erabiltzaile euskaldunak mediku erdaldun batengana joateko eskubidea.

Gutxien dakienak gehien dakiela uste, eta baten batek esango du hau garestia dela, ekonomikoki ez dela bideragarria, baina guztiz oker dago. Lehenik eta behin, esan gabe doa euskal osasun eredua inbertsoa dela, zerbitzuaren kalitatea, bezeroen gogobetetasuna, Erakundearen prestigioa, eta bizikidetza erraztuko dituena. Bestalde, honek guztiak giza baliabideen optimizazioa ekarriko luke, eskura dauzkagun baliabideak tokian tokiko egoera soziolinguistikoari eta gizartearen eskaerei egokituz. Kalitatea funtsean, prezio merkean. Eta bestalde, inposaketak baztertuko lituzke, bai erabiltzaileen artean zein langileen artean. Hierarkiarik ez, ekitatea baizik. Aitzitik, euskal osasun ereduak elkarren arteko eragina bultzatuko du, eta zubi- lana egiteko tresna egokia da.

Baina lehenago esan dugun bezala, pazienteak ezin dira zatitu, eta osasun zerbitzua ez da lehen mailara mugatzen. Arreta ibilibide bat da, osasun zentrotik ospitalera, lehen mailako arretatik espezializatura. Maila guztietan zerbitzua euskaraz eskaintzeko zirkuituak edo ibilbideak ezinbestekoak dira, anbulatorioetan eta ospitalean. Zirkuituak eratzea ez da hain zaila; lehenik eta behin, unitatez unitate langile euskaldunak identifikatu behar dira, eta ondoren zirkuituetan parte hartzera gonbidatu. Esan bezala, ESIek aukera paregabea eskaintzen digute, lehen eta bigarren mailako arreten arteko muga gainditzen duelako. Debagoieneko ESIan adibidez (nire unitatean), badago traumatologo euskalduna, erradiologo euskalduna, ikuskaritzako mediku euskalduna, barne-mediku (nternista) euskalduna, erizain euskaldunak, eta hainbat familiako mediku euskaldunak, besteak beste. Nahikoa izan liteke astean behin, edo bi asterik behin elkartzea, taldearen dinamizatzaile edo trebatzaile batekin eta unitateko euskara teknikariarekin, elkarren arteko eraginaz baliatuz (feedback delakoa) eta eskura dauzkagun baliabideekin, urtebeteko epean zirkuitu bat eratzeko. Uste baino bizkorragoa, uste baino merkeagoa, uste baino eraginkorragoa.

Baina zirkuituak eta ereduak ez dira gauza bera, eta zirkuituek ez dute eredua ekarriko derrigorrez. Zirkuituak (eta horiekin batera historia klinikoa euskaraz) osasun arreta euskaraz eskaintzeko baliabideak edo tresnak dira, erabiltzaileei begira, nahiz eta historia klinikoaren kudeatzaileak osasun-langileak izan. Ereduaren kontzeptua haratago doa: hemen lan-hizkuntza euskara izango litzateke erabiltzaileen eta langileen aukerakoa.

Zirkuituek lehen mailako arretan eredu euskalduna garatzea ahalbidetzen dute, baina ospitalean egoera konplexuagoa da, zailagoa. Horretara, hasiera batean zirkuitua arreta euskaraz zein gazteleraz eskainiko duten osasun-langileek osa lezakete, eta hasiera batean horrela izan beharko du, segur aski, baina eredua ezarriz gero euskal ereduan lan egingo duenak ez dauka zertan arreta gazteleraz eskaini. Hau ez da diskriminatzailea, eta ez du kode deontologikoa urratzen; ni gauza ez banaiz paziente bat artatzeko, edo deseroso banago, beste mediku batengana bideratzea gomendatzen du kodeak, edo behartzen gaitu egia esan. Bestalde, gero eta atzerritar gehiago datoz gurera, eta ospitale handietan, euskaraz eta gazteleraz gain, komenigarria litzateke frantsesez (afrikar askorentzat zubi-hizkuntza) eta ingelesez moldatuko diren lan-taldeak ere prestatzea.

Azken batean, kalitatezko osasun-laguntza bezeroaren hizkuntzan burutzen dena da, eta ez besterik. Paradigma hau mundu mailan onartzen da, eta pazienteak euren hizkuntzan artatzearen beharraz dagoen kezka eta ardura gero eta gehiago zabaltzen ari da, ikus Shadmi, Quality of hospital to community care transitions: the experience of minority patients (International Journal for Quality in Health Care, 2013; Vol 25, Number 3: pp.225-260); Johnstone, Kanitsaki, Culture, language, and patient safety: making the link (International Journal for Quality in Health Care 2006; Vol 18, Number 5: pp. 383-388); Hudelson et al, Quality in practice: integrating routine collection of patient language data into hospital practice (International Journal for Quality in Health Care 2013; Vol 25, Number 4: pp.437-442); Goode, Dunne, Bronheim, The Evidence Base for Cultural and Linguistic Competency in Health Care, The Commonwealth Fund; More than just Words, Strategic Framework for Welsh Language Services in Health, Social Services and Social Care, Welsh Government 2012; Language Barriers in Access to Health Care, Health Canada/Santé Canada 2001; edo Estatu Batuetako National Standards for Culturally and Linguistically Appropiate Services in Health Care, US Department of Health and Human Services, Office of Minority Health, 2001, besteak beste. Aipamenak besterik ez, ez luzatzearren.

Maila espezializatuan euskal eredua hasteko lekurik egokiena kontsulta jerarkizatuak izan daitezke, ospitalez kanpoko zerbitzu espezializatuak alegia; aipatu ditugun anbulatorioetan eskaintzen dena, gehienetan ospitalea baino gertuago etxetik. Auzoko ogia beti gozoagoa.

Baina arian-arian ospitale barruan ere sor genezake, eta hor abiapunturik egokiena kanpo-kontsultak izan daitezke. Erabiltzaile euskaldunen historia klinikoa euskaraz egoteak sor ditzakeen segurtasun-arazoak aipatuko ditu baten batek, baina horrek badu konponbide erraza. Euskal eredua berez, langile euskaldunek osatuko lukete, hortaz zentzu horretan arazorik ez. Ospitale euskaldunak sor daitezke (Gernikan, Urdulizen), baina honek Erakundearen konpartimentalizazioa ekar dezake, eta gizartea zatitu. Horretara, eredu euskalduna eta erdal eredua ospitale berean ezartzea hobeagoa litzateke, giza baliabideen erabilera egokiaz uneoro osasun-langile euskaldun eta erdaldunak bermatuz, segurtasun arazorik gerta ez dadin, betiere langile zein erabiltzaile guztien eskubideak errespetatuz.

Salbuespenak noski, ZIUak, larrialdiak eta horrelako unitateak izango lirateke, oso bereziak dira eta, arretaren berehalakotasunak eta larritasunak ez dute bide ematen antolamendua bereizteko eta hor antolamendu-eredu hibridoa pentsatu beharko litzateke, non komeniko litzatekeen langile guztiak elebidunak izatea eta bi hizkuntzak erraz aldatzeko gaitasuna izan (code switching delakoan trebatutako jendea, alegia).

Euskal eredua ezinezkoa dela esango dute batzuek, baztertzailea dela besteek. Baina historia klinikoa euskaraz eskaintzea utopia bat zen orain urte bi, eta dagoeneko proiektua abian da. Lan-tresna ditugun aplikazio informatikoak euskaraz edukitzea ez zen ekonomikoki bideragarria, baina Legebiltzarrak onartu du eta abian da. Zirkuituak edo euskararen ibilbideak burutapena baino ez ziren, baina Euskara Planak eta gizarte-eragileek onartu dituzte. Porrota umezurtza da, baina arrakastak aita asko ditu. Baikorra naiz, eta nire ustez urte batzu barru euskal eredua ezarrita egongo da, eta aurrera egingo du. Oraindik helburutik urrun gaudela aitortu beharra dago, baina batez ere borondaterik ez dagoelako; batzuk begitik urrun daukagu, baina askok bihotzetik urrunago.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus