Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Gu gara eskola

Iñaki Lasa Ustariz / Irakaskuntza / 2014-02-19 / 07:00


Eskola frankistaren ondorengoak gara gu. Egurrezko berogailuan berotutakoak, irakasleen zaplastadek gorritutako belarriak ditugu, Eliza eta Espainia handiaren baloretan hezitakoak gara. Abertzaleak, euskaltzaleak, laikoak eta askatasun zaleak, hala ere.



Anaia handiaren gisan begiratzen zigun diktadoreak arbela gaineko bere talaiatik. Arrotxapeako gazte bihurriok atsedenaren ordua noiz iritsiko zain geunden bitartean «la señorita» izeneko irakaslea gure arreta bereganatzeko ahalegin etengabean ari zen. Inoiz ez zigun Euskal Herriaz hitz egin, ez eta euskarari buruz ere, hori bai, etengabe kontatzen zigun bere senarra Elizan hil zela jaunartzea hartzera zihoala eta Santua omen zen horregatik, bere senarraren bideari segitu behar omen genion guk ere. Guk, ordea, gurera, zaldi-gerratan ematen genuen atsedena oso-osorik, izerdi patsetan, arropari egindako zuloek amaren aldetik sortuko zuten errietaren beldur, Elizako pasarte beltza ahaztuta.

Eskola frankistaren ondorengoak gara gu. Egurrezko berogailuan berotutakoak, irakasleen zaplastadek gorritutako belarriak ditugu, Eliza eta Espainia handiaren baloretan hezitakoak gara. Abertzaleak, euskaltzaleak, laikoak eta askatasun zaleak, hala ere. Eskola ez da, zorionez, norberaren hezkuntzan eragiten duen elementu bakarra. Familiak, ingurune hurbilak, norberaren iniziatibek eta jakin nahiek ere indartsu modulatuko dute gure izaera. Ahalegin handia egin zuten frankistek eskolaren bitartez belaunaldi berrien izana modulatzeko eta erregimenaren aldeko bihurtzeko, hala ere, emaitza, haien interesetarako kaxkarra izan da oso.

Bueltan dira berriro ere. Egoskorrak dira gero! Haien lege eta arauekin datoz Espainia handiaren ideia berrinposatzera, zentsore andana dakarte testuak eta fotokopiak arakatzeko, zer den lehenago eta zer beranduago inposatzeko asmoz datoz frankista berriak. Zerrendak osatzeko gogoa ez dute denboraren poderioz galdu. Garai berrietan errezeta zaharrak.

Oraingoan, iraganean bezala, gurasook badugu gure ondorengoen hezkuntzaren gaineko erantzukizuna. Zentsuratutako hizkuntza, testuak eta mapak egoki hedatzea dagokigu. Eskolari garrantzirik kendu gabe oso kontuan izan beharko genuke gure ingurune hurbilean eragiteko dugun gaitasuna. Zer garen, non bizi garen, nola hitz egiten dugun, gure historia zein den gure seme-alabei ezagutarazteko ardura gurea ere bada.

Mendeetan zehar, erregimen politiko desberdinen eraginpean, etengabeak izan dira gure hizkuntza eta kulturaren transmisioa eragoztea bilatu duten politikak. Etengabeak eta maiz gupidagabeak izan dira, eta, hala ere, XXI. mendera arte iritsi gara bizirik, gure hizkuntza normalizatzeko beharrezko bizi-indarra eskuartean. Helduok dugu horretarako gakoa, gu gara gure txikientzat eredurik gertuena eta erakargarriena, gurea eta ez beste inorena da haien hezkuntzaren ardura. Eskola frankistaren eraginpean hezitakoak gara gure garaikoak, baina zorionez, ingurune hurbilak indar handiagoa izan zuen eskolak berak baino. Askatasun gogoa barrurago iritsi zen Espainia handiaren ideia baino.

Matrikulazio kanpaina hasia da honez gero. Inoiz baino baldintza zailagoetan ari da gertatzen kanpaina Nafarroan. D eredua ahultzea bilatzen duen estrategia indar osoz ari dira garatzen Nafarroako Gobernutik bertatik. Zerrenda beltzen auziari ingelesaren aldeko kanpaina etengabea gehitu behar diogu euskara eta ingelesa kontrajartzea bilatzen duena, berriki Barcina presidenteak berak aitortu bezala. Nonbait ez dira nahikoak euskararen berezko hedapena eragoztea bilatzen duten legeak, ez da nahikoa milaka nafarri hizkuntza eskola publikoan ikasteko eskubidea debekatzen dion zonifikazioa. Otsoak lotsarik gabe erakusten ditu belarriak ez ezik, gorputz osoa eta ez du arazorik haren asmoak ezagutarazteko unean. Baldintza hauetan lan egitea ez da erraza baina, argi dago zein den bidea.

Lehenengo eta behin, gure eskoletako profesionalak babestu behar ditugu. Urte hauetan guztietan erakutsi diguten profesionaltasuna, gogoa eta ilusioa aintzat hartu behar dugu. Ondoan sentitu behar gaituzte, haiekin gaudela ezagutarazi behar diegu. Bestalde, gure inplikazioa areagotu behar dugu. D ereduak duen aktiborik garrantzitsuenetariko bat eskola-komunitatearen bizitasuna da. Beraz, eskola eta familien arteko loturak sendotzea da D eredua indartzeko modurik eraginkorrena. Irakasleekin elkarlan estuan ez dugu fotokopien beharrik Euskal Herria zer den ezagutarazteko. Kamisetak, karpetak, marrazkiak, txangoak... denak balio du zentsoreak gainditzeko. Gure historia, kultura eta hizkuntzaren berri ikasgeletara helarazteko bide berriak jorratu beharko ditugu, gurasoon inplikazioari esker ez da zaila izango.

Azkenik, denetan neurririk eragingarriena, gure txikiekin batera gu ere matrikulatzea da. Euskararen kontrako erasoa gelditzeko modurik sendoena, oraindik euskara ezagutzen ez duten gurasoek berau ikastea da. Txikiei kopiatzeko moduko eredu sendoa eskaintzeaz gain, euskararen garapenari eskain diezaiokegun bultzadarik indartsuena da euskara ikastea eta erabiltzea. Barcinaren Gobernuaren asmo zitalei eman dakiekeen erantzuna matrikulazio bikoitza da. Txikiak D eredura eta handiak euskaltegira.


(IÑAKI LASA USTARIZ euskaltzalea da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1392429156