Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Azkue, intelektual posibilista bat.

Azkue, intelektual posibilista bat.

2014-03-10 / 07:00 / Pruden Gartzia   KULTURA

Euskaltzaindia hitzetik hortzera aipatzen da euskal komunitate intelektualean, ez beti, apika, iruzkin goresgarriak egiteko, baina nekez aurki daiteke gure artean erakunde hori sekulan (onerako edo txarrerako) aipatuko ez duen lagunik. Garbi dago, niretzat, Euskaltzaindia dela euskal komunitate intelektualak duen erreferentzia nagusietako bat.

Baina zer da Euskaltzaindia? Galderak absurdoa dirudi, baina absurdoari buruz hausnartzea ez omen da absurdoa berez, berriki euskal idazle ezagun batek gaztigatu digunez eta, bestalde, euskal komunitate intelektualari buruz hausnartzeko eratu zen txoko honetan berriz ere gogoratu behar dugu zein den edozein komunitate intelektualen ezaugarri nagusia: elkarrizketa etengabea, egiarik finkatuenak eta argienak ere behin eta berriro auzitan jarri eta hizpide (pentsagai) bihurtzea. Hori da komunitate intelektual bat, hori da ere gurea, euskaldunona. Horregatik gaude bizirik. Ekin diezaiogun bada gaurko gaiari.

Eta hori modu askotara egin badaiteke ere, gaur eta hemen Euskaltzaindiari buruzko hausnarketa historiko bat egitea da nire buruari jarri diodan helburua. Jakin dezagun nondik datorren eta, hartara, agian hobeto ulertuko dugu nora doan, edo nora joan beharko lukeen, nahiago bada horrela esatea.

Euskaltzaindiaren historiaz egin den ikerketarik zehatzena eta osoena Jurgi Kintanaren doktorego tesia da, Joseba Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean egina eta 2006an EHUn irakurria, goresmen bereziki handien artean. Lan bikain bat, mugarri bat markatzen duena 1876aren ondoko euskal historiaz. Gaia pertsona bat da, Resurreccion Maria Azkue (1865-1951) eta egileak defenditzen duen ondorio nagusia handik urte pare batera lanaren parte handiena jasotzen duen liburuaren izenburuan dago argi eta garbi formulatua: Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra (Euskaltzaindia, 2008). Euskaltzaindiaren webgunean aurkituko duzue PDF osoa.

Hots, Azkue da bere garaiko euskal intelektual nagusia eta, laburbilduz eta sinplifikatuz, Azkuek amets bat izan zuen, hala nola Martin Luther King (1929-1968) artzain protestante ospetsuak, eta bi ametsok neurri batean ez ziren hain diferenteak. Alegia, Azkueren ametsa izan zen euskaldunok bizimodu duin bat izatea orduko Europaren testuinguruan, hartara euskaldun izateari utzi behar izan gabe. Beste hitz batzuekin esanda, Azkuek euskaldunon duintasuna aldarrikatu zuen ororen gainetik, izan zezatela beren hizkuntza, kultura, ohiturak, finean, beren identitatea gorde zezatela, Europako beste edozein herrik bezala. Euskaldunok, finean, zapalduta eta gutxietsita bizi baitziren euskaldun izate hutsagatik, hala nola Estatu Batuetan beltzak zapalduta eta gutxietsita bizi baitziren beltz izate hutsagatik. Kasu bietan, sistema politiko demokratiko batean bizi arren (Espainian gizonezkoen boto-eskubide unibertsala 1890ekoa da).

Konparazioak neurri bateraino balio du, jakina, nabarmenak baitira bi kasuen arteko aldeak. Nabarmenena: euskaldunontzat soluzio erraz bat planteatzen zuten beren zapaltzaileek, hau da, utzi diezaiotela euskaldun izateari eta bihur daitezela espainol edo frantses huts. Azkuek esan zuen ezetz, ez zegoela bere hizkuntza errekara botatzeko prest. Horra bere ametsaren muina.

Beste ezaugarri batek ere bien arteko alde handia markatzen du: Azkue, King ez bezala, ez zen inoiz lider politiko bat izan, aitzitik, intelektual bat izatea aukeratu zuen modu guztiz kontzientean. Gizarte zibilaren esparruan jardun nahi zuen, ez politika mailan, eta ondorioz, bere ametsaren gauzatze nagusia, azken burukoa, ez zen partidu politiko bat, erakunde kultural bat baizik, hots, Euskaltzaindia.

Eta puntu honetan Sabino Aranari (1865-1903) buruz, eta abertzaletasunaz oro har, hitz pare bat esan behar dugu. Arana lider politiko bat izan zen eta bere proiektua partidu politiko baten bidez gauzatu nahi izan zuen, EAJ (Eusko Alderdi Jeltzalea). Azkue eta bera benetan hurbil-hurbileko pertsonak izan ziren zenbait alderditatik begiratuta, bai pentsaeraz, bai asmoz. Baina bi karril guztiz desberdin aukeratu zituzten beren ametsa (puntu askotan oso antzerakoa zen ametsa) aurrera eramateko: batak politikari ekitea, besteak gizartean eragitea.

Oinarrizko desberdintasun hau ez zuten bere garaian guztiek ondo ulertu eta horrek katramila eta borroka ugari eta latzak ekarri zituen, bereziki Arana hil eta gero, Azkueren eta abertzale erradikalenen artean. Azkue, gaur egun ziurtasun osoz dakigu, zinezko abertzalea zen, baina erabateko lehentasuna ematen zion gizartearen sektore guztietan prestigioa izateari eta unean uneko eta tokian tokiko agintari guztiekin ondo konpontzeari, hartara euskarak ez zezan inoren etsaigoa izan. Gaur egungo terminologian esango genuke ihes egiten ziola euskara politizatzeari. Abertzale erradikalenek ez zuten horrelako konturik ulertzen eta Azkue ia-ia traidore baten gisan aurkezten zuten batzuetan. Eta horrela, paradoxikoki, bere garaiko euskaltzalerik argienak eta eraginkorrenak kritika, askotan ez oso atseginak, pairatu behar izan zuen etengabe, hain zuzen ere bera gehien defenditu behar zutenengandik. Historiara ere karlista bezala pasatu zen. Gaur egun badakigu ez zela egia.

Baina bada ordua Euskaltzaindiaz hitz egiteko. Azkueren aburuz euskararen salbamendurako lehentasun nagusia ez zen independentzia politikoa lortzea, baizik eta euskararentzat erakunde propio bat izatea, eta planteamendu hori oso erraz da bateragarria Euskal Herriarentzat autonomia-estatutu bat (edo foruen berreskurapena, beste terminologia batean) lehenesten zutenekin. Finean, helburua erakunde propioak izatea da, Espainiaren eta Frantziaren mendean izango bada ere. Planteamendu posibilista bat, beraz, baina adi, erakunde horiek benetako erakundeak izan behar dute, hots, benetako boterea izango dutenak. Euskarara etorriz, Azkueren aburuz Euskaltzaindiak euskara zaintzeko eta arautzeko benetako ahala izan behar du, herri-aginteek emana. Ez da, beraz, euskaltzaleen elkarte huts bat, lehenago, bitartean eta gero izan diren eta izango diren mila eta bat elkarteak bezalakoa. Ez. Euskaltzaindiak desberdina izan behar du, benetako erakunde bat izan behar duelako. Aurreritzi puristak albo batera utzita, instituzio hitza erabiliko genuke, esan nahi duguna argi eta garbi uler dadin.

Honaino Azkueren pentsamenduaren funtsa, mamia, zurkaitza. Hortik aurrera, Jurgi Kintanaren liburua irakurriz mila eta bat episodio aletuko dituzue, egitasmoak, porrotak, lorpenak… aurkibideari begiratu azkar bat emanda: Folklorea, Hiztegigintza, Gramatikagintza, Onomastika, Musikagintza, Literatura, Hezkuntza proiektuak, euskara idatziaren normatibizazioa, aldizkariak eta kazetaritza. Horrekin batera, Euskaltzaindiaren eratze-prozesu bihurriaren segimendu eta azalpen zehatza, eta izandako istilu nagusien kronika. Liburu luzea da, baina ez zaizue damutuko irakurtzea, eta agian hortik aurrera euskaldunon historia modernoa apur bat hobeto ulertuko duzue.

IKER 22 EuskaltzaindiaBaina liburu luzea da eta, beraz, zilegi bekit aholku praktiko bat ematea. Doktorego-tesi bat denez gero oso ondo egitaratuta dago eta ondorio nagusiak bukaeran jasotzen dira, argitasun handiz. Irakurle presatuak jo beza zuzenean azken atalera (IV.4. Balantzea: Azkueren ametsa eta errealitatea, 628-631 or.) eta dozena erdi orrialdetan jasoko du muinaren muina. Eta gero ekingo dio irakurketa osoago bati, agian atzetik aurrera ere, haria garbi izanda episodioak ondo ulertzen baitira zein bere aldetik, azken hamarkadatan modan jarri diren sagako pelikuletan bezala. On egin.

(PRUDEN GARTZIA, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)

Bibliografia:

Kintana Goiriena, Jurgi: Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra. Euskaltzaindia, Bilbo, 2008


Inprimatu


Erantzun

 
Aurrera begiratzea hobe, atzera baino
2014-03-10 / 08:57 / Ander Ros

Ondo dago Azkue gogora ekartzea, baina ez dirudi egokiena denik eta harira datorrenik, gaur egun Euskaltzaindiak gizartean jokatu behar duen paperaz hausnartzeko premia dagoen honetan egitea. Pertsonaia asko ekar litezke gogora, Euskaltzaindiaren begirunea jaso gabe orain bi urte pasatxo hil zen Txillardegi, kasurako. Izan ere, Azkue zendu zenetik 60 urte baino gehiago iraganak direlarik, ez zituen ez euskara batua ezta eguneko euskararen argi-itzalak ere. Nekez balioko digu, beraz, gizarte berri batean euskararen akademiak jokatu behar duen errola argitzeko aspaldi desagerturiko mundu bateko pertsonaia baten ikusmoldeak. Gaur egun, oroz gain, Euskaltzaindiak gardentasuna, demokrazia eta elkar-lanerako prestutasuna beharko lituzke besteak beste, eta horretan, hori ere esan behar da, Azkue ez zen oso eredugarria izan. Aurrekoaren frogagarri, lekeitiarrak G. Bähr-ekin izandako harremana aztertzea besterik ez dago, ezagunak direnetarik bat baino ez aipatzearren. Azkueren ekarria gogoan izatea ondo dago, iraganeko ametsetan geratzea ez hainbeste, eta hizkuntz akademia bat erreferente kultural nagusi bat izatea are gutxiago. Idazleak, poetak, pentsalariak, zinemagileak, musikariak, zientifikoak… beharko genituzke izan erreferente kulturalak, eta ez lana itzalean egin behar duen akademia bat. Hori, gure euskal gizarte honen gaixotasunetarik bat dugu, duda gabe.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus