Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Independentzia?

Independentzia?

2014-01-14 / 10:00 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Katalunia independentziaren bidean dabil, eta helmuga horretara helduz gero, kataluniarrak independenteak izango dira. Euskaldunak, aldiz, ez ginateke independenteak izango, Euskadik edo Euskal Herriak independentzia eskuratuko balu ere. Euskadiren balizko independentziak ez liguke jaregingo.

Beregaina izateko, erkidego batek ahalmena izan behar du botere anizkunaren alderdi desberdinak kudeatzeko, hala nola ekonomikoa, kulturazkoa, pentsamendua baldintzatzekoa, hots, ideologikoa, politikoa eta hizkuntzazkoa. Indar hori, hein handi batean, kataluniarrek dute, ez euskaldunok. Gordinki behaturik, nabarmena dirudi ezen eskumen horietatik apur bat baino gehiago izan behar dugula halako moduko erkidego izatetik herri izatera heltzeko, aspaldian hasitako desegite bidean hain aitzinaturik, erkidego ere oso maila apalean baizik ez baikara. Ondikotz, gure premiak urrunegi daude independentziaren konponbidetik, hagitzez oinarrizkoagoak baitira.

Hori horrela, eskuarki proposatu izan zaigun ekuazioak, zeina baita estatu beregainak euskaldunon normalizazioa ekarriko lukeela, ez du funts historikorik ez soziologikorik, eta, aitzitik, ugariak ditu aurkako frogak. Nagusiki erdalduna den gizartetik nekez sortuko da euskal estatu zein naziorik, nahiz eta mugimendu abertzale batek eragindako hausturatik etorri. Halakoetan komunzki gertatzen denez, hasiera bateko aldarrikapen eta egitasmo sutsuen ondotik, laster, belaunaldi pare baten buruan, nagusi egiten dira garaian garaiko ugazaben kultur jite eta moduak, gauza jakina baita inperioko botereek bere kultur nortasunarekin irauten dutela gero ere, nola gune ekonomiko eta kulturazkoetan, hala erakunde zaharberrituetan.

Are dongeago dena: euskaldunok ments dugu ideologia abertzale euskaltzale hori ere, hein handi batean bederen, zeren, ezaguna denez, bertoko abertzaletasunaren muina ez baita kultura-hizkuntzazkoa, guztiz politikoa baizik, foru-galerak eta ondoko gerla zitalek independentismoraino eroana. Hala, maiz esan den legez, euskaltzaletasuna bigarren mailako balio bat da bertoko ideologia abertzalearentzat, sinbolo pisutsua izan arren. Ez da gutxi, baina eskasa da oso. Gure arnasa estuen artean, abertzaletasunaren hauspoak hatsa eman digu, alabaina, aldi berean ezartzen digu ordaindu ezin dukegun hipoteka. Kontraesan horrek bizi gaitu, eta osin hondar gabe batean harrapatu. Baiki, ez da gutxi lehendakari euskaldun eta euskaltzale bat izatea, oraingoa kasurako, euskarari erdeinua erakutsi dion baten ondotik, ez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zenbait hizkuntza-neurri bipil ere, baina hori guztia urriegi da baldin eta balioen hierarkia aldatzen ez bada, eta ez dugu hori eragiteko kemenik.

Hain segur, euskaltzaletasuna aiseago bizi da ideologia abertzaleen abaroan, toki zabalagoa edukirik, nahiz ez diren bete-betean gureak, euskaltzaletasunak oraino oso adierazpen ideologiko ahula baitu, eta are gutxiago berezko adierazpen politikorik. Horregatik, gobernuen neurri franko nahiz oposizioaren aldarrikapen ugari, on beharrez eginak, beraien arteko dinamikari darraizkio, eta sarritan onura gutxi dakarkigute euskaldunok gizartean, kulturan eta politikan berrindartzen joan gaitezen.

Horiek horrela, euskotar independentzia arras kaltegarri gerta lekiguke. Euskal kulturak zertarako balioko lioke hausturaren osteko belaunaldi erdaldun bati? Lehia politiko-ideologikoak elikatu gabe, euskaltzaletasunak, oroz gain tresna denez, ez luke fitsik ere balioko, eta gure ahulezian, euskarri nagusiak galtzea litzateke. Balizko Euskadi independente hartan, nonbait babestuago geundeke Belgikako hizkuntza-erregimena bagenu. Hortaz, gorputz argal hau haragitzen ez den artean, mesedegarri zaigu espainiar eta euskotar nazionalismoen arteko talka. Independentzia baino onura handiagoa erdietsiko genuke, adibidez, eskumen zabaleko autogobernu batetik, non, Estatu Batuen antzera, subiranotasuna partiturik bailegoke, zeren, horrela gure kapital politiko nagusiak bizi-bizirik iraungo bailuke: kontrakarrean, nazionalismoen arteko talkak.

Ez dago ihesbiderik ez lasterbiderik, ez gaitezen Deus ex machina baten aiduru bizi. Inoren politikak gutxi konponduko digu, lagundu diezagukeen arren. Geuk, berriz, euskal erkidego apal bezain xume honek, ez baitugu politika autonomo bat izateko giharrik, horregatik bada, geure burua gihartzean dugu lehentasuna eta zinezko erronka, mundu baten oinarria birsortzea, berreraikiz mendeetan barna aienatuz joan zaigun hori. Poliedro baten antzera, aurpegi askotariko funtsa da, soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa, boterearen poliedroa denez gero. Eta eginkizun horri behe-behetik heldu behar diogu, ez erakundeetatik, ez eta nahitaez haien aurka ere. Ahalaz, gizartea azpitik eratzen duten gune nagusiei begiratu behar genieke, lehentasunez, orain arteko bideak gainditurik baina baztertu gabe, baina itxuraz ez dugu kemenik kultur esparrutik haratago jarduteko.

Euskal guneak eratzen eta sarea bilbatzen joatea da gure etorkizunaren giltzarria, ia denok dakigunez. Bada saio gogoangarririk, besteak beste, EHU, Mondragon Unibertsitateko atal batzuk (kulturaren arlokoak gehienbat). Orobat, jarduera ekonomikoan beste saio miresteko moduko batzuk badira ere, haatik, arlo hori eremu zaigu, gure ahuleziaren ispilu. Jakina, euskaldunok burua goiti badezagu, tokia hartu behar dukegu gora doazen jarduera eta gizarte-jende artean. Alabaina, botere handien lehia ez da inoiz geure biziraupenaren giltza izan, ez gara honaino heldu handien besteko edo gehiago izateko borrokatzeagatik, ezpada apaltasunez, umil, laņo, geu izaten jakiteagatik. Abertzale askoren lehia ez da gurea; ez dugu geure hiria munduko mapan zertan kokatu, ez eta gure herriak irentsiko duen metropoli batera jo ere, ez hain gutxi Europako estatu handien azpiegituren parekoak eraiki. Erromatar inperioaren erortzeak salbatu gintuen, xumeak baikinen; handiak izan gintezkeen eta erabat latindu, baina geurea eustea da, aukerez baliatuz irautea, orok bere amaiera duenez.

Gure patua, kontizu, kontraesan lazgarrietan erdibiturik bizitzea da. Aspaldion arnasa ematen diguten ideologia neokristauek (ekolingismoak, aniztasun unibertsalistek, egualitarismo desberdinek...) aldi berean inhibitu eta urruntzen gaituzte arazoei egokiro ihardestetik. Gogotik dihardugu buruarekin horma jotzen. Eta independentzia? Bai, noski! Ez gara euskaldun bakarrik; geu ere traidore gara, geure arbasoak 1793ko jakobinoen aurrean bezala, XIX.aren hasierako foruzaleen gisan, aldi guztietako espainolisten aitzinean garen legez. Bai independentziari, nahiz eta sumatu, agian, harrika gabiltzala geure buruari.


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetzako euskara-teknikaria da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua (2014-01-10)


Roberto Manjonek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus