Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik

Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik

2013-11-27 / 10:00 / Tokikom   ENPRESA

Tokiko euskal hedabideen Tokikom enpresak Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik txostena aurkeztu du. 2012an abian jarritako gogoeta prozesuaren emaitza da dokumentua: euskarazko tokiko hedabideen egoera deskribatu eta aurrera begirako hausnarketak ere jaso dituzte bertan. Txostenaren atarikoan Tokikomen presidente Mikel Irizarrek idatzitakoa ekarri dugu hona. Txosten osoa ere eskuragarri dago behean.

Atarikoa

Atarikoa

XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia. Hain da hau horrela, komunikazio-egitura propiorik eraikitzen ez duen komunitateak kolokan duela biziraupena.

Bidegurutzean da euskararen komunitatea ere. Ez da bidean galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Mundu berrian ezinbestekoa du informazioa landuko duen komunikazio-egitura sendo bat eraikitzea. Baditu horretarako osagai batzuk: hizkuntza garatua, herri ekimenez sortutako hedabideak, erakunde ahalmendunak, teknologiaren ezagutza... Orain behar ditu behintzat beste bi: norabide argia eta eragileen arteko lankidetza.

Bigarrena abian da, horren lekuko dira Tokikomen sorrera toki hedabideen azpisektorea ardazteko eta Hekimenena, euskal hedabideen sektorean dinamika bateratuak sustatzeko.

Lehen osagaia -norabidea argitzea- izan da gogoeta honen helburua.

Abiapuntuan badago konbentzimendu bat: komunikabideen ordua da. Euskararen erabileran eragiteko modurik eranginkorrena eta errentagarriena delako, hizkuntza bera biziagotzen eta hiztunak ahalmentzen dituzten heinean. Eta aukera handia dagoelako euskal hedabideak egitura funtzionalean antolatzeko eta Euskal Herrian legokeen komunikazio talderik handiena sortzeko.

2012ko martxoan eratu zenean Tokikomi eman zitzaion egiteko potolo bat: bere bazkideen integrazioa lantzea. Eztabaida abiatzeko zirriborroa prestatu eta Jardunaldia egin zen ekainean, sektoreko 100 lagun bilduta. Ondoren hainbat tailer eta mintegi egin dira Tokikomen baitan, han identifikatutako korapiloen gainean.

Lana garatu ahala, ikerketa eta landa-lana gehitu zaizkio 2013aren lehen erdian, hainbat laguntzaileren eskutik. Prozesu osoaren ondorio da dokumentu hau. Lehen atalean neronek idatzi dut erabilitako ideien eta txostenen sintesia, eta ideia nagusiak Tokikomenak diren bezala, xehetasunen edo ˝abarduren erantzukizuna nirea da. Atxikitako txostenetan, bakoitzak darama bere egilearen izena eta hauek dira bakoitza berearen erantzule. Biziki eskertzen diegu guztiei egindako lana.

Honenbestez, hau da toki komunikabideon proposamen irekia euskal hedabideen sektoreari eta herri erakundeei, lankidetzan abia gaitezen etorkizunera bidean.



Mikel Irizar
TOKIKOMen presidentea

Txostena, osorik


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus