Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara Plana aurrera

Euskara Plana aurrera

2013-11-08 / 09:30 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Aurretiaz egiten dira gerorako lanak. Orain gutxi osasun politiken lerro nagusien berri izan dugu, datozen urteotan Osakidetzaren ahaleginak bideratuko dituzten lerro estrategikoak. Horien artean, euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea omen du helburu, erabiltzaileek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidean aurrera eginez. Gauzak horrela, aurrera omen doa Osakidetzaren II. Euskara Plana. Bazen garaia! Euskal kazetaritzan aurrelaria den Berria egunkariak planaren zirriborroa argitara eman du aurrena.

Euskara Planak izango ditu, eta baditu, bere ostarteak, bere alde onak eta txarrak, bere argiuneak eta beltzuneak, aurpegiz aurpegi luze eztabaidatzeko modukoak, baina aurreko Euskara Planari eta haren ebaluazio-txostenari aurre ederra daramazkie.

Arazoaren aurpegiak asko izanik, euskararen aurkariek aurre egin diote arrapaladan, euren aurreiritziak aurrez aurre agerian utziz. Azken batean euskara inposaketa da eurentzat; aurpegiz ezagutzen ditugu hoiek aspaldi.

Osasun arretaren benetako aurpegia historia klinikoak erakusten du. Bera da zerbitzuaren adierazgarri, erakusle eta oinarria, osasungoaren zutabea, eta gaur egun gazteleraz dago. Aurpegi biko argizari jaleak nagusi, orain arte historia klinikoa euskaraz edukitzeko eskubideari (hori baita osasun arreta euskaraz jasotzea) ez zaio garrantziarik eman, eta horren alde egindako ahaleginak jelatu dira argirik gabeko zuloan. Aurreko Euskara Planaren ebaluazio txostenaren hitzetan, "hizkuntza ofizial bietan idatzita edukitzea ez da agian lehentasun osoko arloa izango Osakidetzaren hurrengo Euskara Planean". Orain, ordea, historia klinikoa euskaraz sortzea eta eskaintzea izango omen du xede eta helburu Osakidetzak, besteak beste.

Baina aurrera egingo al du Euskara Planak? Osasun arreta euskaraz bermatuko al da, historia klinikoa euskaraz eskainiko al da? Ez dakit nik ba; egia esan, ezezkotan nago. Erabiltzaileen beharrei aurre egitea omen du helburu erakundeak baina egiak aurkakoa dio: lan-tresna diren aplikazio informatikoak euskaraz eskaintzera behartu du Legebiltzarrak, EH Bilduk hala eskatuta; odol-analisien emaitzak euskaraz jasotzea osasun-langileek eskatu diote, historia klinikoa euskaraz eskatu zaio. Aurrea hartu diote Osakidetzari. Izan ere, pikotxa maite dute aurpegi biko meatzariek, hizkuntza eskubideek ez dute sekula lehentasunik izan euren nazio proiektuan, eta horrela jarraituz gero euskara aurretik eraman dezake normalizazioaren trenak. Gauza batzuetan zorrotz, baina euskararen aurrean lauago. Itxuraz aurrekontuetan Euskara Plana ez dute kontuan hartu eta Planak behar lituzkeen baliabideak ez badira aurreikusi, ez du aurrera egingo. Dirua lagun ona, baina jabe txarra.

Aurpegia eman behar du orain Eusko jaurlaritzak, aurre egin behar dio erronkari, oztopo eta traba guztiak gaindituz aurrera eraman behar du Euskara Plana bere osotasunean eta errealitate bilakatu. Ezinbestekoak diren bitarteko guztiak ezarri behar ditu, euskararen normalizazioak aurrerakada izan dezan. Osasun arreta euskaraz eskaintzen ez den artean, historia klinikoa euskaraz egon arte, ez da kalitatezko zerbitzurik izango, eta Osakidetza euskararen galbiderako tresna izango da.

Baina Euskara Planak ez du aurrera egingo. Osasun arreta euskaraz eskaintzea, ahalegin guztiak eginda ere, ezinezkoa dela esango dute, edozein aitzakiaren babesa bilatuz. Egia da horrek denbora behar duela, baina ez gaitezen gerotik gerora lotu, has gaitezen oinarri edo zimentu egokiak garatzen berehala, ez biharamunerako utziz.

Plana abiarazi eta hiru urtera lehenengo ebaluazioa egingo da, neurriak zenbateraino bete diren neurtzeko. Eman diezaiogun hortaz hiru urteko epea osasun sailburuari, baina lotsarik gabe, beldurrik gabe eta batez ere errukirik jabe, gaiaren garrantziaz jakinaren gainean. Gogorrak izan gaitezen eta euskarazko osasun arreta eskaintzeko gauza ez bada, alde egin dezala lehenbailehen. Egun gai ez dena, bihar gutxiago izango da eta.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus