Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Osasungoa galesez: hitzak baino gehiago

Osasungoa galesez: hitzak baino gehiago

2013-10-31 / 09:30 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Txapela buruan eta ibili munduan. Ezer gutxi dakigu Erresuma Batuaren parte den Galesi buruz. Gales (Cymru) hizkuntza propioa, galesera edo cymraeg hain zuzen, duen bazterreko nazioa da. XIII. mendean ingelesek konkistatu zuten eta XVI. mendetik aurrera, Act of Union delakoa ezarri ondoren, ingeles hizkuntza inposatu.

Euskara bezala, atzeraka ibili da galesera. Orain ehun urte populazioaren % 54 elebiduna zen, eta % 30 gales hiztun elebakarra oraindik. Gaur egun % 19k bakarrik egiten du galesez. Ingelesaren menpean, ataka latzean daude gales hiztunak, gu baino txarrago.

Baina ez dute etsi oraindik. Ekin eta ekin, 1999an Galeseko legebiltzar nazionala edo Welsh Assembly lortu zuten, nahiz eta 2011. urtera arte itxaron behar izan duten erreferendum baten bitartez Londreseko baimenik gabe legeak (Acts of the Assembly) sortzeko ahalmena eskuratzeko. Gu baino beranduago, baina Galeseko Gobernua hor dago, herria eraikitzen.

Ekinaren indarra ekinaz neurtzen da. Izan ere, arlo askotan txapeldunak omen gara euskaldunak: harriak jasotzen maisu, harrobiak lantzen trebe, herria mailuz zizelkatzen eta eraikitzen jantziak, eta sarri, buruan ezer eduki ezean, txapela janzten dugu behintzat. Txapelak ez du buru hutsik betetzen, baina, eta txarto egiten den lana txarto burutzen da. Txapela buruan eta ibili munduan. Munduan badago zer ikusi eta zer ikasi, besteak beste, hizkuntzari osasun arloan ematen zaion garrantzia.

Hemen, txapeldunen herrian, medikuntzan euskarari ez zaio behar adinako garrantzirik eman, eta zerbitzuaren kalitatearekin ez duela zerikusirik uste izan dugu betidanik. Zenbat buru hainbat aburu, eta munduan agian txapelik ez, baina osasun kontuetan burua jantzia duten aditu asko egon badaude. Esaten dute, eta munduan onartua den egia da hauxe, kalitatezko osasun arreta gaixoaren hizkuntzan burutzen dena dela. Kanadan eleaniztasuna da nagusi, eta osasun arretan izan dezakeen eraginaz kezkatuta ibili dira aspaldi. Kanadako ereduei jarraituz Galeseko Gobernuak galesez mintzo diren erabiltzaileei dagokien arreta eskaintzea du helburu, osasun arreta galesez, alegia.

2012. urtean hango Osasun sailak More than just words txostena argitaratu zuen, osasun arreta galesez eskaintzeko esparru estrategikoa zehazten duena. Zerbitzua erabiltzaileen beharretara egokitu behar dela argi daukate Galesen, eta osasun arloan behar eta kezka horiek norberaren hizkuntzan soilik adieraz daitezkeela era egokian. Pazientea egoera larrian eta ahultasunean izanik, Gobernuaren eta osasun zerbitzua eskaintzen duten erakundeen eginbeharra litzateke hauxe, ez pazientearena; Euskal Herrian gertatzen denaren aurkakoa. Gurean zerbitzua eta euskara bereizten ditugu, hizkuntza eta kalitatea uztartu ezinak bailiran; hango adituek, ordea, zera diote, erabiltzailearen hizkuntza zerbitzuaren parte integrala dela, ez aukerakoa.

Lau ardatz ditu galesesko osasun departamentuaren esparru estrategikoak: aldez aurretik, kalitatearen hobekuntza. Kalitatezko zerbitzua, pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da bakarrik, ez besterik. Eta bereziki, egoera estuagoan dauden pazienteak ditu gogoan: haurrak, adinekoak, dementzia edo iktusa jasan dutenak, buru-osasun arazoak dituztenak; hemen bazterturik daudenak, hain zuzen ere. Bigarrena, estandar profesionalak betetzea. Komunikazioa medikuon jardueraren oinarri bat izanik, errespetuari eta duintasunai oso lotuta, pazientearen hizkuntzan burutu behar da, gutxieneko estandarrak gordeko badira. Hirugarrena, erabiltzaileen beharrei eta aukerei (hizkuntza aukerak barne) erantzun egokia ematea, active offer printzipioa erabiliz. Hau da, pazienteak ez luke eskatu behar, eskaini behar zaio. Gurean, aldiz, alderantziz gertatzen da, pazienteak etengabe euren eskubideak aldarrikatu beharrean daude. Azkenik, legea bete. Legeak agintzen duena bete behar da. Hemen, ordea, legeak euskararen alde uzten dituen zirrikituak estaltzen dira, ez zaio tokia ematen euskarari. Legea urratzen da, kode deontologikoa urratzen da eta erabiltzaileen eskubideak ukatu egiten dira.

Txapela buruan eta ibili munduan! Bai, osasun saileko arduradunak gehiago ibili behar dira munduan zehar, gehiago irakurri behar lukete, eredu gehiago ikusi, eta zerbait ikasi. Baina badaude etxea utzi eta burua jasoko ez dutenak, ur gezako marinelak, gogorik ez baina txapela nahi dutenak. Galesen, osasungoa hitza baino gehiago da, baina gurean hitzak eder eta eginak lander.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus