Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ahanzturaren ibaia

Ahanzturaren ibaia

2013-10-29 / 09:35 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Denok ezagutzen omen dugu Galiza, Europako bazter batean galdurik dagoen herria. Bazterrean, txokoan bazterturik, menpeko herria da Galiza, Euskal Herria bezala. Askoren gogoan, oporraldietan beharbada, baina beti ahaztuta egia esan.

Ourenseko herrialdean, Xinzo erdigunean duela, Limiako eskualdea kokatzen da, eta bertan, Limia ibaia, aintzineko Lethes edo ahanzturaren ibaia, flumen oblivionis. Bazterreko nazioaren muga zehaztuko balu bezala. Galiza, hango paisaiak, sukaldaritza, musika, beti gogoan baina nazio bezala ahaztuta.

Duela bi mila urte, bazterrik bazter borrokan ibili ondoren, txoko hau konkistatzera etorri ziren erromatarrak. Horretarako, baina, Lethes ibaia zeharkatu behar zuten, flumen oblivionis ospetsua, nahitaez. Izan ere, etorri txikiko ibaia zen arren, zeharkatzen zuen orok oroimena galtzen omen zuen, ahanzturaren ur lasterrean betiko murgilduz. Bere burua erreki batean ikusten dutenak xaloak omen dira. Etorri berriak, baina ibaiak gainditzera ohituak ziren erromatarrak. Erroma beti garaile. Euren aurrean, Dezimo Junius Brutus, etorri garaiko buruzagia, ibaia ibiz iragatera ausartu zen. Haren atzetik, erromatarrek ibaika Lethes gainditu zuten, ahanzturaren ibaia, beldur barik, lotsa barik, eta bazterreko lurralde ahaztua konkistatu zuten. Ibaia gaindituz, Erroma beti garaile.

Euskal Herriak eta Galizak badute antza handia. Estatu gabeko nazioak dira, eta euren hizkuntzek, ofizialak izanagatik, ez dute behar duten tornua, bigarren mailakoak dira. Literaturan galegoak maila altua lortu du (Fole, Blanco Amor, Castelao, Otero Pedrayo, Cunqueiro, Novoneyra, zerrenda amaigabea); jendartean, gizartean, indartsu omen dabil, bere erabilpena euskararena baino zabalagoa omen da. Euskarak eta galegoak irakaskuntzan eta herri-administrazioan lekua hartu dute. Baina euskararekin gertatzen den bezala, galegoak badu gaindi ezinezko muga, zeharkatu ezinezkoa zaion erabilgunea edo esparrua. Bere ahanzturaren ibaia, bere flumen oblivionis, osasun arloa da zalantzarik gabe. Agintean dauden orekazko elebitasun edo elebitasun armonikoaren eredua da osasungintza, non euskara eta galegoa bazterreko hizkuntzak diren.

Armoniaren aldekoek esango dute euskara ez dagoela galtzeko bidean, galegoa bezala osasuntsu dagoela, baina osasungintzaren erabilgunea lortu ez duen hizkuntza ez da osasuntsu bizi, hilzorian dago, heriotza aurrean. Bazterreko hizkuntzentzat, ahanzturaren muga da osasungoa oro har, eta bereziki ospitaleko atea.

Bazter hizkuntzek aurrera egin nahi badute, esparru gehiago irabazi beharrean daude, baina batez ere, osasun arloa bereganatu, behar duten oroimenaren airea arnas dezaten.

Mendez mende menperatuta, zokoratuak, agintearen esanera mutu, errekara doaz Galiza eta Euskal Herria, biak ala biak bazterreko nazioak, ahanzturaren mundura. Beldurrez, gure burua ataka latzean ikusirik, lotsaturik, osasun arloaren uretan gaztelera hutsean soilik murgil gaitezkeela uste dugu. Osasungintza, ahanzturaren ibaia, gaindiezina, zeharkaezina bilakatu zaigu. Baina argi izan behar dugu ibaia zeharkatu behar dugula, beldur barik, lotsa barik, ahanzturaren ibaia gainditu behar dugu, osasungoaren esparrua konkistatzeko. Flumen oblivionis, ahanzturaren ibaia etorri txikiko mitoa da, ez da benetakoa, gure gogoan dagoen oztopo eta muga besterik ez. Eta gure esku dago muga hori gainditzea, euskara errekatik ateratzeko, gure hizkuntza txokoan ahaztua izan ez dadin, betiko bazterturik. Osasun arloa euskararena egin behar dugu. Muga hori gaindituz, euskara garaile.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus