Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Orain osasungoak du lehentasuna

Orain osasungoak du lehentasuna

2013-09-13 / 09:45 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Banator berriro ere osasungoa euskalduntzearen garrantzia aldarrikatzera; erdaraz ederto bizi direnentzat kantsagarria, astuna, gogaikarria izaterainokoan. Ez nator osasun arreta euskaraz eskatzera bakarrik, baizik eta sistema osoa euskalduntzea proposatzera, medikuon hizkera lotu eta ilunean beharbada, baina asmoz argi eta garbi.

Mediku askok burugabe eta nolanahi eskribitzen dugu, eta hargatik nekez eta gaizki irakur daiteke; hortaz barka nazatela adituek, barka nazatela gogoa beste lekuan daukatenek. Baina osasun kontuetan begiak lausotuta gabiltza beti, eta euskaltzale askori osasungintzaren aitzin-gibelak ulergaitzak egiten zaizkie. Izan ere, euskalgintza kultur arlora (literatura eta musika, besteak beste) mugatu da gehienbat; eskertzekoa zinez, baina ez da nahikoa. Irakaskuntzak duen garrantziaz ere bat gatoz denok, baina aspaldi ikasi dugu berak bakarrik ezin duela gaixo larrian dagoen hizkuntza piztu, eskolaz kanpo gizarteratzen ez bada. Eire hor dago horren erakusgarri. Hizkuntzen salbazioa sarean dagoela diote zenbait adituk, eta euskarak lortu du dagoeneko berezko domeinu bat, .eus marka, batzuentzat euskararen herriaren nazio aitortza. Nire ustez, ez da nahikoa. Gutxieneko abiapuntuak garatu ditugu hego Euskal Herrian (Iparraldean zail dugu), ezinbestekoak diren oinarriak ezarri, baina ez da nahikoa. Euskara gizartearen erdigunean jartzeko beste bide bat jorratu behar dugu, eta nik osasungoaren lehentasuna aldarrikatzen dut. Zergatik osasungoa? Alde batetik, medikua naizelako, baina bestetik gizartearen erdigunean kokatzen delako.

Hiztun kopurua garrantzitsua izanik ere, ez da hizkuntza bati behar duen maila ematen dion bakarra; erabilguneen zein hiztunen maila sozialak eta prestigioak badute zeresanik. Hizkuntzaren erabilgunea nola, hizkuntzaren onespena hala, esan genezake. Medikuntzak XIX. mendearen amaieratik hona prestigio handia izan du eta badauka, osasungoaren itzalak bere horretan dirau; garai batean herriko medikua legez, gaur osasun arreta estima handian daukate herritar gehienek. Oro har, Osakidetzaren jarduera ona dela uste da, estatuko osasun zerbitzuena baino askoz hobea, eta administrazio edo erakunde publikoen jardueren artean, osasungintza da baloratuena. Inkesten arabera, erabiltzaileen gogobetetasuna altua da, pozik daude jasotako arretarekin, eta ia guztiek berriro erabiliko lukete zerbitzua, behar ezkero. Langileen hurbiltasuna, adeitasuna eta profesionaltasuna dira gehien baloratzen diren alderdiak eta Osakidetza da Eusko Jaurlaritzaren kuttuna, altxorrik preziatuena. Baina gazteleraz mintzo da.

Arbola fruituaz dugu ezagutzen; osasun arretak gaurko gizartean hartu duen garrantziaz ohartzeko interesgarria dakiguke, adibide gisa, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) 2012. urteko arreta-jarduerari begiratzea: familia medikuek 232.680 kontsulta burutu zituzten zentroetan, eta 8.062 etxez etxeko bisita egin. Erizainek, beste hainbeste; miloi laurden elkarrizketa, itaunketa, miloi laurden harreman. Euskaraz zenbat izan diren ez dago jakiterik. Pediatrek 48.414 kontsulta burutu dituzte zentroetan. Bergarako Etengabeko Arreta Guneak 9.634 erabiltzaile artatu zituen. Arrasateko Ospitalean, 5.135 ospitaleratze, 4.130 ebakuntza, 27.964 kanpo-kontsulta eta 36.959 larrialdi. Lan eskerga, eta Debagoienean bakarrik; Erkidego osoan atera kontuak. Lana oso zaharra da, eta ez du engainatzen; aurrerantzean, horrela jarraituz gero, jaio denak medikuari bisitari zor bezalako esapideak erabiltzen hasiko gara. Osasungoak gure gizartean habia egin du, etxean sartu zaigu, eguneroko bizitzan, baina gazteleraz.

Arbolak baditu bere adarrak. Ez genuke ahaztu behar osasun sistemak bere baitan hartzen duen langileen kopurua; Osakidetzan, 30.000 pertsonek egiten dute lan, baina gazteleraz. Ez hori bakarrik; herri guztietan dauka presentzia, leku guztietara hedatzen da, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa edozein delarik ere. Euskararentzat gunerik ez da egongo, osasun arreta osorik euskaldundu ezean. Eta osasun arretak ezikusiarena egiten dio euskarari.

Medikuntza eta osasun arretaren esparrua euskaldunduko bagenu, behar duen tornua emango genioke gure mintzairari. Fruiturik izango duen zuhaitza aurretik behar da loratu. Benetako euskarazko osasun arreta garatuz gero, euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza izango duena sortuz gero, euskarak goreneko maila eta hedapena lortuko lituzke. Osasungintza erabat euskaldundu behar dugu, goitik behera, maila guztietan. Gogotik ekin behar zaio.

Gogotik baina neurri zehatzak burutuz, ez aldarrikapen hutsak eginaz: lan tresnak (aplikazio informatikoak) euskaraz garatuz; langileak euskaldunduz (hizkuntz eskakizunak derrigorrez), eta euskaldun direnak trebatuz eta gaituz; zirkuituak edo ibilbideak sortuz, zerbitzuz zerbitzu, unitatez unitate, arian-arian zirkuituak hedatuz, erakunde osoa kiribil horretan biltzeko asmoz; zuzendaritza euskaldunak bermatuz; testu eta gida-liburuak euskaraz ekoitziz espezialitatea euskaraz egiteko aukerak ezarriz; azken finean, mediku eta erizain euskaldunak sortuz eta legea betez. Irakaskuntza euskaldundu den moduan, osasungintzarekin gauza bera egitea behar genuke jomuga.

Euskara kinka larrian dagoela ezaguna da, ezaguna denez; arreta egokia premiazkoa zaiola ezaguna da. Osasungintzaren nondik norakoak, ordea, euskaltzale askorentzat ezezagunak dira. Osasun arreta euskaraz aldarrikatzen da, zer den jakin gabe, ahozko harremanetara murriztuta. Lehentasuna behar duen gunea izanik, ez zaio behar bezalako arretarik eskaintzen ari, euskara eta osasungintza uztartzeko bide egokia ez dugu topatu; begiak lausotuta gabiltza. Euskarak noranahikoa izan behar du; baita ospitalekoa ere, esango nuke nik, hondoratuko ez bada. Begi hondoaren lausoa kendu behar dugu behingoz, bidea egiteko. Orain osasungoak behar luke lehentasuna.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus