Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Proposamena Bilduri

Proposamena Bilduri

2013-07-22 / 09:25 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Negu luze hotzaren ostean, udaberririk gabeko urte latz honetan, egiten duen sargoriaz pozarren nago. Gustura beroarekin, neure kontsultategian izerdi patsetan. Lasai, asperturik, leihotik zeruko hodeiei begira nago, euri zaparraden bat botatzeko erreguka, bero zaparen ostean horrelako freskagarriak onuragarriak zaizkit eta.

Bejondeigula! Pozgarriak, eskertzekoak, freskagarriak benetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EH Bilduk euskararen alde azken hilabeteotan hartu dituzten neurriak. Batzuen ustez sinbolikoak, baina sinboloen herrian bizi garenontzat aurrerapausoa; izugarrizko aldea erakutsi dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak euskararekiko agertzen duten jarrera eta ikuspuntuekin. Aurrerantzean, jendaurrean eta prentsaurreko agerraldietan, euskaraz egingo dute. Zerbitzuetako arduradunei euskaraz jakitea eskatuko zaie, eta euskara lan hizkuntza izango da Aldundiaren zerbitzu batzuetan. Euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza. Bejondeiela!

Are gehiago, kontratazio publikoen oinarrietan hizkuntza eskakizunak sartu dituzte, erakunde publikoetan bezala hizkuntza eskakizunak dauden moduan, izan ere kontratazio horiek diru publikoarekin egiten baitira. Euskararen aldeko beste urrats bat.

Ametsetan jausten denak ez du hezurrik hausten, baina euskararen egoera kezkagarria ikusirik, badauka Bilduk oraindik egiteko asko, neurri zehatzak eta konkretuak bultzatuz, eta horietako bat proposatzera nator oraingoan, eurek egin dezaten, alferrak garenok alferrik lan egitea gorrotatzen baitugu.

Euskarak Osakidetzako zuzendaritzan duen presentziaz hitz egitera nator. Aurten, aurreneko euskara planaren ebaluazio txostenak argitaratu dira, datorren euskara planaren oinarri eta abiapuntu izango direnak. Txosten orokorrak argi adierazten ditu zuzendaritzen hutsuneak, ezak eta eskasiak. Azken finean, Zuzendaritza da euskararen hondamenerako osasungintzan bizi dugun suitzar gaztaren zulo beltzetako bat. Txostenaren hitzetan, Osakidetzako Zuzendaritza Orokorra, garrantzia handia duen arren, normalizazioaren helburuen betetze mailan ez da gai izatera ere heltzen.

Emakumeek Jaurlaritzan gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea agintzen du Legeak. Osakidetzan emakumeak nagusi dira, langileen % 80 edo dira. Zuzendaritza mailan, zerbait aurreratu dugu eta dagoeneko zuzendarien % 40-50 emakumeak dira. Lan bikaina egiten. Egon badaude zerbitzu-unitate batzuk non zuzendaritza taldeak ia osorik emakumez osaturik dauden, langileon eta erabiltzaileen mesederako.

Baina euskaldunik ba al dago Zuzendaritzan? Zuzendari euskaldunen presentzia bermaturik al dago? Ezezkoan nago: osasun sailburua, zoritxarrez, erdalduna da, orain arteko osasun sailburu guztiak bezala. Zerbitzu zentraleko zuzendariak, eta unitatez unitateko zuzendariak, gehienak erdaldunak. Zuzendaritza mailan lan hizkuntza gaztelera da, eta euskara bazterreko gai bat, lehentasunik inoiz ere hartuko ez duena. Euskara ez da erabiltzen lan-bileretan, ez da erabiltzen kudeaketa-sistemei lotutako dokumentazioan, oso eskasa da euskaraz eskaintzen den prestakuntza. Zuzendaritzatik hasten ez bagara, euskarak ez du aurrera egingo osasungintzan.

Euskaldunak behar ditugu Zuzendaritzan, osasun zerbitzu euskalduna gogoan izango dutenak. Erdara hutsean eskaintzen den zerbitzuaren kalitate arazoaz kezkatuta egongo direnak. Den-denak ez dira, noski, euskaldunak izan behar, inposaketa ez baita zuzena inposaketarik gabeko gure gizartean. Baina gutxieneko portzentaje batek HEa betetzea hain zaila al da? Hauxe da, beraz, nire eskaera; Bilduk, eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari, Osakidetzako zerbitzu-unitate guztietako zuzendaritzatan zuzendarien gutxieneko portzentaje bat euskalduna ezar dezan, derrigorrez.

Ez da erraza izango, jakina, PP, UPyD eta PSE segur aski aurka agertuko baitira. EAJren laguntza beharko luke horretarako, eta azeri zaharra izanik, goiztiarra eta oinak bizkor, baina ez da euskararen aldekoa. Hortaz, ez fida; bost axola azeriari euskara, berea lortuz gero. Baina behintzat, bere jarrera lotsagarria agerian utziko luke. Zuzendari euskaldunak bermatzea kalitateari kalte egin diezaiokeela argudia dezakete. Euskara eta EAJ, horiek bai uztatu ezinak

Hauxe da, beraz, nire eskaera. Euskararen aldeko jarrerak ez daitezela izan euri zaparrada hutsak.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus