Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Historia klinikoaren garrantziaz

Historia klinikoaren garrantziaz

2013-06-28 / 09:30 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osakidetzak 30 urte bete ditu eta euskarazko osasun arreta eske gabiltza oraindik, hogeita hamar urte nonbait ez dira ezer euskararen normalizazioari dagokionez. Hogeita hamar urte, eta Osasungintzan euskara egoera ilunean dago oraindik.

Zerbait aurreratu da, baina ez behar adina. Oraindik ez dugu zerbitzu osoa euskaraz eskaintzerik. Laster, Osakidetzako bigarren Euskara Plana abiatuko da eta, besteak beste, hartuko diren bi neurri dagoeneko ezagutzen ditugu: aplikazio informatikoak euskaraz eta Euskaraz bai sano! kanpaina. Hori guztia, baina, Legebiltzarrak Osabide euskaraz jartzeko egindako legez besteko eskariari onetsitako erdibideko zuzenketari Jaurlaritzak kasu eginez gero. Baina ez da nahikoa izango, eta urte batzuk barru antzera jarrai dezakegu, hurrengo plangintzak arreta osoa euskaraz ematea aurreikusi ezean.

Osasun sistema hain handia eta konplexua izanik, arazoari irtenbidea topatzea ez da batere erraza, baina oinarri egokia hartu behar dugu abiapuntu, eta ez dirudi oraingoz asmatu dugunik: aplikazio informatikoak euskaraz, hizkuntz eskakizunak, langile elebidunak identifikatzea, eta abar. Neurri hauek guztiak mesedegarri dira, are gehiago, beharrezkoak, ezinbestekoak. Baina osasungintzan euskararen normalizazioaren giltzarria historia klinikoa euskaraz eman ahal izatea da.

Aitortu behar da historia klinikoaren kontzeptua bera jende askori ulergaitza gerta dakiokeela, bereziki pazienteei beraiei. Medikuok ere ez gara ados jartzen kontzeptuaz. Askok historia klinikoa pazienteari egiten zaion itaunketa edo galdeketara mugatzen dute. Horrela, historia klinikoa eta anamnesia gauza bera dira: pazienteari edo bere ingurukoei egindako elkarrizketa da medikuaren eta gaixoaren arteko harremanaren oinarri eta azterketa klinikoaren atal garrantzitsuena. Beste batzuen iritziz, historia klinikoa pazienteari egindako galdeketak eta azterketa fisikoak osatuko lukete.

Medikuntza aldatuz doa noski, eta kontuan hartu behar da proba osagarriak gero eta garrantzi gehiago hartzen ari direla: erradiografiak, bronkoskopiak, odol eta gernuko analisiak, espirometriak, elektrokardiogramak, eta abar. Horien emaitzak erregistratzen dira, eta pazientearen historia klinikoaren derrigorrezko osagaiak bilakatu dira. Kontzeptua, hortaz (eta legeak horrela dio), zabalagoa da: aurrekariak, ohiturak, txertaketak, gaixotasun kronikoak, ebakuntzak, ospitaleratzeak, tratamenduak, egungo osasun egoera, eta abar luze bat. Osasunarekin harreman zuzena duten datu guztiak, osasun arretaren gorabehera guztien multzoa, litzateke historia klinikoa. Osasun langileon lan-tresna, baina aldi berean erabiltzaileen arretaren eta osasun egoeraren erakusle nagusia.

Gaur egun, historia klinikoa ordenagailuan gordetzen ari da, aplikazio informatikoen bitartez: Osabide AP, Osabide Global, Global Clinic. Eta erdaraz dago, paperezko historia klinikoak desagertuz doaz eta, gainera, horrekin batera, formulario elebidun asko desagertzen ari dira. Diagnostikoak, txertaketak, ekintza prebentiboak, tratamenduak, eta abar. gazteleraz ohartarazita daude historia klinikoan.

Honen ondorioz, osasun arreta euskaraz, gehien jota, ahozko harremanetara mugatzen ari da, edota paperezko formulario elebidun batzuetan, oraindik horiek erabiltzen diren tokietan, nonbait, atentzioaren normaltasuna oztopatu gabe, gainera.

Baina benetan ba al du Osakidetzak historia klinikoa euskaratzeko gogorik? 2005-2012ko Euskara Planaren ebaluazio-txostenak elebitan edukitzeko aukera aztertzea gomendagarria dela dio, baina "bere ezaugarriak eta zailtasunak kontuan hartuta", ez du zertan izan lehentasun osoko arloa hurrengo Euskara Planean.

Historia klinikoa euskaratzeko ahaleginik ez bada egiten, ez da euskarazko osasun arreta osoa eskainiko denbora luzean. Historia klinikoaren garrantzia agerikoa da. Osasun arreta euskaraz aldarrikatzen badugu, hori kontuan izan gabe, itsuan ibiliko gara.

Euskarazko osasun-arreta modu integralean ulertu behar dugu; ahozkoa eta idatzizkoa alegia. Historia klinikoa euskaraz ere egonez gero, medikuek eta erizainek euskaraz lan egin ahal izango dute. Eta horrek euskara lan-hizkuntza bilakatuko luke. Euskara zerbitzu-hizkuntzaz gain, lan-hizkuntza izatea ere nahi badugu, historia klinikoa euskaraz garatuz joan behar dugu derrigorrez.

Hortxe dago koska, normalkuntza lortzeko giltzarria, alegia, eta osasungintzan euskararen etorkizuna hor dago jokoan. Historia klinikoaren garrantziaz ohartu behar dugu. Itsuari argia egin behar zaio.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus