Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Rudolf Trebitsch-en 1913ko euskal grabazio musikalen mendeurrena

Rudolf Trebitsch-en 1913ko euskal grabazio musikalen mendeurrena

2013-06-06 / 09:45 / Inaxio Lopez de Arana Arrieta   KULTURA

Rudolf Trebitsch 1876an jaio zen, Austrian. Vienako Zientzietako Akademia Inperialeko kidea izan zen, eta munduan barrena ibili zen, tokian tokiko soinu-grabazioak biltzen. 1906tik 1913ra bitartean, Europako mendebaldeko zenbait herri zelta (Irlanda, Gales, Ingalaterra, Bretainia eta Eskozia), Laponiako inuiten tribuak (Groenlandia) eta Euskal Herria bisitatu zituen.

Zazpi urte haietan, 4.000 bat grabazio egitea lortu zuen. Euskal Herrira 1913ko uztailaren 18an iritsi zen, eta uda osoa lanean eman ondoren, euskararen eta euskal musikaren grabazio eder batzuk eraman zituen Vienara, baita zenbait musika-tresna eta orduko bizimoduaren erakusgarri diren beste hainbat gauza ere (lanabesak, arropak, oinetakoak, amuak, pitxarrak, platerak...). Euskal Herritik itzuli eta urtebetera artikulu bat(1) idatzi zuen, gure arbaso haien artean izandako bizipenen eta egindako lanen lekukotzat. Trebitschen testu hori anaia eta biok itzuli genuen euskarara(2) eta gaztelaniara(3).

Euskararen grabazioen kopiak 1984az geroztik ditugu eskura Bilboko Azkue bibliotekan, José Mª Etxebarria euskaltzain urgazleak ekarri baitzituen Vienatik. Grabazio musikalak, ordea, nik neuk aurkitu nituen, 2003ko urtarrilaren 13an, Berlingo Fonograma Artxiboan. Bertako bi arduradunekin, Susanne Ziegler eta Albrecht Wiedmann doktoreekin alegia, itun bat sinatu behar izan nuen, grabazioei buruzko ikerlana(4) egin ahal izateko. Grabazioak hor daude oraindik, Berlingo Fonograma Artxiboan, ahaleginak eta bi egin arren ezin izan baitiet zabalkunderik eman. Ez ditugu eskura, beraz, Euskal Herrian, itunak ikerlana egiteko bestetarako ez baitzidan biderik ematen. Egunen batean baimena emango ahal digute euskal kulturaren harribitxi horiek Euskal Herrian denon eskura jartzeko!

Grabazio musikalei "Trebitsch Basken" izena jarri zieten Berlinen, 14 disko edo zilindrotan banatuta daude, eta, guztira, 32 minutu irauten dute. Antzinako grabazio musikal horietan, honako doinu hauek entzun ditzakegu: Ostalersa, Lili ederra, Satan-dantza, Turkoen airea, Pello Joxepe, Fandangoa, Kauter dantza, Barrikada, Valse italienne, Artolak deuko, Asiko nas asitzera, Adios Atxuri, Ezteietara, Andre Maddalen, Kontsesiri, Baserritarra, Vals con variaciones, San Juan Zortzikoa, “Gernikako arbola eta Monein.

Nabarmentzekoa da Berlinen aurkitutako grabazio horietan dagoela Gernikako arbola kantuaren lehenengo lekukotasun soinuduna.

Grabazioetan, Nafarroa Behera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Zuberoako kantariak eta musikariak ditugu entzungai, Donibane Garazi, Igorre, Azpeitia, Tolosa eta Atharratzekoak, zehatzago esanda. Kantari eta musikari haien izenak ere badakizkigu, Trebitschek utzitako dokumentazioari esker.

Leku hauetan eta gizon-emakume hauei egin zitzaizkien grabazioak:

  • Donibane Garazi (Nafarroa Beherea): Pierre Jenda (irrintzi bat).
  • Atharratze (Zuberoa): Bernhard Haritxelar (txirula eta tuntuna).
  • Igorre (Bizkaia): Anbrosio Gorostiaga (alboka) eta Josefa Ealo (ahotsa eta panderoa).
  • Azpeitia (Gipuzkoa): Sebastian Errasti Xaxurra (dultzaina), Gregorio Larralde (danborra) eta José María Gurrutxaga (dultzaina).
  • Tolosa (Gipuzkoa): Leandro Zabala (txistua, tuntuna eta palilloa), Alberto Alberdi (txistua, tuntuna eta palilloa), José Txintxilla (silbotea), Baleriano Mokoroa (atabala) eta Demetrio Oiarzabal (ahotsa).

Trebitschen euskal grabazio musikalak 1913koak izanda ere, ez ditugu zaharrenak euskarazko lekukotasun soinudunetan, Lèon Azoulay-k 1900eko Pariseko Erakusketa Unibertsalean egindakoak zaharragoak baitira. 1900eko grabazio horiek ere neuk aurkitu, ekarri, aztertu eta zabaldu nituen(5). Esan beharrik ez dago, ordea, 1913koek leku aparta merezi dutela euskal kulturan.

Aurten Rudolf Trebitsch-en grabazioen mendeurrena denez, Unai Lauzurika Etxepare Euskal Institutuaren Leipzig-eko Unibertsitateko Euskal Ikasketetako irakurleak eta Berlingo Euskal Etxeak bi hitzaldi antolatu zituzten, elkarkidetzan, bata maiatzaren 27an eta bestea 28an, Berlingo Haus der Demokratie und Menschenrechte gunean eta Leipzigeko Unibertsitateko Augusteum aretoan hurrenez hurren(6). Ekitaldietako hizlaria neu izan nintzen. Bihoazkie hemendik nire eskerrik beroenak Ainhoa Añorga eta Lourdes Izagirre Berlingo Euskal Etxeko kideei, eta batez ere Unai Lauzurika Berlingo Euskal Etxeko kide eta Etxepare Euskal Institutuaren Leipzig-eko Unibertsitateko Euskal Ikasketetako irakurleari: beraiei esker zabaldu ahal izan dut Alemanian euskal kulturaren arlo jakin baten berri, antzinako lekukotasun soinudunena hain zuzen.


(INAXIO LOPEZ DE ARANA ARRIETA itzultzailea da lanbidez, eta ikertzailea zaletasunez)

Oin-oharrak

  • (1) Paperean: TREBITSCH, Rudolf. "34. Mitteilung der Phonogramm Archivs-Kommission der kaiserl. Akademie der Wissenschaften in Wien. Baskische Sprach und Musikaufnahmen, ausgeführt in Sommer1913". Anzeiger der philosophisch-historischen klasse der kaiserlichen Akademie der Wissenschaften in Wien, Vol XI, Viena, 1914.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus